Abian da Ahozko Sormen Tailerraren matrikulazio epea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 18a, 02:00

Galtzaundi Euskara Taldeak eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak elkarlanean martxan jarri duten proiektua da Tolosaldeko Ahozko Sormen Tailerra. Honen bidez, Tolosaldean ahozko euskal kulturaren tradizioaren transmisio osoagoa gauzatuz, kultur sorkuntzan pauso berriak emateko aukera luzatu nahi zaie Tolosaldeko gazteei:

12 eta 18 urte arteko (DBH eta Batxilergoa) gazteei zuzendutako tailerra da AST. Astean ordubeteko saioa egingo du tailerrak Tolosan. Urrian hasiko du ikasturtea ASTk eta maiatzera arte iraungo du. Sormen eskolako edukiak bost generotan banatuko dira: Antzerkigintza, bertsolaritza, kantagintza, dantza eta ipuin kontalaritza.

Bost espezialitateak landuko dituzte ikasle guztiek ikasturtean zehar eta klaseak astelehen edo astearte arratsaldeetan izango dira, hilabeteen arabera:

• Urria, otsaila, martxoa, apirila eta maiatzean: astelehenetan. 17:00etatik 18:15era.

• Azaroa, abendua eta urtarrilean: asteartetan. 17:00etatik 18:15era.

Jakintza arlo bakoitzak gaian espezializatutako irakasle propioa izango du:

  • Antzerkigintza: May Gorostiaga (Intujai Teatroko kidea).

  • Bertsolaritza: Mikel Artola (Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen

    Elkarguneko kidea).

  • Kantagintza: Garazi Jauregi (Lorratzak musika taldeko abeslaria).

  • Dantza: Eneritz Ugartemendia (Oinkari dantza taldeko kidea).

  • Ipuin kontalaritza: Maider Galarza (Ipuin kontalaria).

    ASTren prezioa 30 eurokoa da hilabetean (kurtsoa 240 euro) eta matrikula egiteko epea irekita dago irailaren 28a bitarte www.galtzaundi.eus webgunean.

    Tailerraren asmoa, ikasle guztiek diziplina desberdinak probatzea da eta etorkizunean, horietakoren batean espezializatzeko aukera uztea. Jakina da, bost kultur espezialitate horiek bereziki lantzen dituzten taldeak badirela eskualdean. Horregatik, Ahozko Sormen Tailerraren bitartez, bost adarretara gerturatuz, horietako bakoitza lantzeko aukera eman nahi zaie ikasleei, ondoren, nahi izanez gero, horietakoren batera jauzia egiteko. Izan ere, honelako tailer batek euskarazko kultur sorkuntzan eta zaletasunean berebiziko garrantzia izan dezake, etorkizuneko kultur agente aktiboak izango direlako oraingo ikasleak (zaleak, antolatzaileak, antzezleak, ipuin kontalariak, bertsolariak, kantautoreak...).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!