AEKk egoitza berria dauka Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 15a, 02:00

Andoaingo egoitza berria estreinatu zuen Plazaola kalean, joan den asteazkenean. Udalak AEKri 15 urtetarako utzi dio egoitza, eta herri elkarteak txukundu du bere barru guztia. “Dotorea eta herriaren erdigunean kokatutakoa”, horrelaxe definitu zuten inaugurazio ekitaldira hurbildu zirenek.

Andoainen erro sendoak eta emankorrak dituen elkarte bati lotutako albiste pozgarria zen, eta espero bezala, jende ugari hurbildu zen inaugurazio ekitaldira: egungo eta iraganeko ikasle zein irakasleak, udal ordezkari politikoak eta euskara zerbitzuko kideak, herriko euskaltzaleak, Mintzalagunak-eko kideak…   

Ana Carrere Andoaingo alkateak, Mertxe Mujika AEKko Koordinatzaile Nagusiak eta Jone Tolosa Andoaingo euskaltegiko irakasleak hartu zuten hitza ekitaldian. Hirurek ere aitortu zuten Plazaola kaleko egoitza irekitzeak pauso bat aurrera egitea ekarriko duela Andoaingo gizartea euskalduntzeko eta alfabetatzeko ahaleginean.   

 

Lekuz leku, euskara zabaltzen

Urte mardoa darama helduen euskalduntze eta alfabetatzeko eskolak Andoainen, eta historia horren zati handi bat dagokio AEKri. Makina bat leku ezagutu ditu AEKk Andoainen: Ondarreta, Agustin Leitza, Irigoienazpikoa etxea (Ama Kandida etorbidea) edo eta Extremadura kalea, azken 26 urtez azken honetan. Egoitzaz ez ezik, euskararen irakaskuntzaren eskaintzan ere hobetzen joan da Andoaingo AEK.

Andoaingo AEKk irekita dauka matrikulazio kanpaina, eta izena irailaren 28a bitarte eman liteke. Eskaintza zabal-zabala prestatu du, euskara ikasi edo hobetu nahi duten andoaindarren beharrak asetzeko moduan. Informazioa gehiago eskuratu ahal izateko, hona telefonoa: 943591704 edo eta korreo elektronikoa: andoain@aek.eus.

Izena Plazaola 2ko egoitzan edo eta Aduna, Amasa-Villabona nahiz Zizurkil udal bulegoetan eman liteke.

Euskalegiko arduradunek espero dute egoitza berriak eragina izatea matrikulazioari begira.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!