Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiaren finalaurrekoa, ostiral honetan Ontza elkartean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 15a, 02:00

Ostiral honetan iluntzeko 20:00tan ipini dute hitzordua Andoaingo Ontza elkartean. Txartelak 26 eurotan salgai daude Ontza elkartean bertan, eta baita Ondarreta tabernan ere. Menua ederra da: Basatxerri lontxeatua, entsalada, ajoarrieroa, xolomoburua eta postrea. Eta, nola ez, ezinbesteko osagarria: Sagardoa.

“Afaltzera eseri eta mahaira ateratzen duten sagardoari zure gustuen arabera 5-10 tarteko puntuazioa ematea, ez beste! Beraz, sagardoak dastatzea eta ongi jatea gustuko baduzu, hau da zure txapelketa!”, horrela deskribatzen du Gipuzkoako Sagardogileen elkarteak azken urteetan martxan jarri duen sagardo txapelketa herrikoia. Edonor izan daiteke epaile, beraz, Ontza elkartera agertzeko gonbitea luzatuta dago.

Aurtengo txapelketako finalaurrekoak Ordizian, Andoainen, Zarautzen eta Oiartzunen izango dira; eta finala Azpeitian. Afari kide-epaileek ez dute jakingo zein sagardotegitako sagardoa ari diren dastatzen eta bukaeran jakingo dira irabazleak zeintzuk diren, bai finalaurrekoetan eta baita finalean ere. Datu modura, zera esan daiteke,  Euskal Herriko 18 herritako 41 sagardotegik parte hartuko dutela.

Finalaurrekoa Andoainen
Zorterik onena Andoaingo eta Urnietako sagardogileei. Hots, aurtengoan parte hartzen ari diren Elutxeta, Eula, Gaztañaga, Oianume eta Setien sagardogileei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!