Oinaze latzak pasa ditu, Limousingo Tourrean erorita (Frantzia). 10 egun etxetik urrun, Limoges hiriko erietxe batean bere bakardadea penatzen. Etxean oasi batean bezala dago. Senideen zaintza, lagunen bisitak, play station-a, Vuelta eta Erresuma Batuko Itzulia telebistan, internet, sakelekoa... Erorketatik erietxera, ebakuntza egin eta osatzen hasi osteko lehen pentsamendua antzeko lesioak izan dituzten lankideen errekuperazio prozesua eta epeak aztertzea izan zen. "Vinokourov hiru hilabetetan osatu zen, bizikletan ibiltzeko moduan. Robert Gesink-i niri jarri dizkidaten antzeko burniak jarri dizkiote, eta bi hilabetera bi ordu eta erdi ibili omen zen mendiko bizikletan".
Puntu guztiak kendu dizkiote, ia. Belauna mugitzen ari da, pixkanaka. Gero eta gehiago tolesten du, egunez egun. "Horiek ez gogortzea garrantzitsua da". Gurpildun aulkian ibiltzen da etxean barrena, baina sei aste itxaron beharko ditu erabat zutik jartzeko, Sanmielak aldera. Lo ere hainbestean egiten du, 7-8 ordu egunero. Sustoren bat ere izan du, nahi gabe. Komunera joan makuluekin, eta oharkabean hanka lurrean jarri: "Beldurra sentitu nuen!".
Ez du erorketa eta ondoko egunekin gehiegi gogoratu nahi: "Gogorra izan zen. Hanka ezin mugitu, edozein mugimendurekin min handia. Etxean beti hobeto, beldurra galtzen duzu, konfiantza irabazi. Hasierako inpotentzia gogorra da, ezin ezer egin, hankak ez du ezertarako balio". Sorbalda ere minduta dauka, kolpearen ondorioz, eta ezin du bi makuluekin ibili. Vuelta ikusten, Mamykin errusiarrak Vueltako azken astean Gijonera bidean aldaka nola hautsi zuen ikusi zuen telebistaz: "Antzeko sentsazioak izan nituen, lurrean etzanda, oihuka eta gerria ezin giratu".
Zutik jartzeko ez omen dauka presarik. Bost aste izan litezke, baina agian zazpi: "Garrantzitsuagoa da hezurra ondo osatzea, eta gero hanka lurrean jartzen hastea". Belauna eta gerria indartzea ere lehentasuntzat ditu, "belauneko jokoa osoa egiten duenean bizikletan ibiltzeko aukera izango dudalako".
Eta hori zutik jartzea baino garrantzitsuagoa da. Behin malgutasuna irabazita, indarra hartzeko unea izango da, igerilekuan, bizikleta estatikoarekin...
Ez du beldurrik sentitzen bizikleta hartu behar duen egunerako: "Hanka bat oso ahul edukiko dut, baina besterik ez". Eta lasterketaren bat korritzean? "Baliteke pixka bat sufritzea jaitsieretan, edo tropelean banoa...". Urriaz mintzatzen da, lagun min duen bizikleta hartu eta errepidera irteteko: "Paseotxoak emateko bada ere". Eta urria berandu al da? "Ez, errekuperazioa erabatekoa bada ez. 2018ari begira etorkizuna nahiko bideratua dut, taldearekin, eta horrek lasaitasuna ematen dit. Denboraldi hau nahiko traketsa izan da, arazo eta lesioekin hasieratik. Neguan trokanteritisa, osatu eta gero besoan lesioa, eta abuztuan erorikoa... 2018a, gauzak normal, fresko hasiko dut eta hori ona da". Giharrak ondo dauden, eskuin-ezker oinen oreka balekoa den eta beste, kontuz hasi beharko du, baina gogoa dauka, sobera.
Erorketez, honatx hausnarketa: "Gertatzen diren gauzak dira. Batzuetan altxatzen zara eta segi. Besteetan ezin. Urratuak normalak dira, erorketa larriak ez". Urtean berrogeita hamar lasterketa korritzen dituzte Kontinental mailan, eta erorketek erdi-erditik hautsi diote denboraldiko prestakuntza guztia. Fisikoki aurrerapausoa eman duela dio, halere, "nahiz eta emaitzatan ez ikusi". Hobetzen segitzea, horixe erronka. Tro Bro Leon lasterketan eman zuen maila ona du gogoan.
Volta, Euskal Herriko Itzulia eta Vuelta
Jon Odriozola Euskadi-Murias taldeko kirol zuzendariak hitz politak eskaini zizkion publikoki, izterrezurra hautsi zuenean, taldeko liderra galdu zutela esanez. 2018ari begira, taldea Kontinental-Profesionak mailan ariko da, maila bat gorago, eta horrek proba hobeak, aurkari hobeak ekarriko ditu: "Erakusleiho hobea da, eta hori polita da. Probak telebistan ikusten dira, eta zer edo zer polita eginez gero, errazagoa da talderen batek ateak zabaltzea". Ziurra da Kataluniako Volta eta Euskal Herriko Itzulia korrituko dituztela, eta Espainiako Vuelta ere bai, ziurrenik.
Egutegi horrekin, zer egin nahi luke 2018an Mikel Iturriak? "Denboraldiko lehen zatian, Voltan eta Itzulian ondo aritzea". Eta zer da ondo ibiltzea? "Hori ezin dizut orain esan. Ea ba, ze maila ematen dudan lehenago, ea protagonista izan gaitezkeen... ibilbidearen baitan agian ihesaldietan sartu behar dugu, beste batzuetan postu on bat bilatu sailkapen nagusian...". Baina zuhurtasun oharra ere bai: "Pro-Tour maila beste mundu bat da". Vueltan ezagutu dezake hori. Hiru asteko proba bat, lehen aldiz. Asmoa: "Duintasunez jardun, telebistan arrastoa utzi, horrekin konforme".
Iaz, Aiurrin, Euskadi-Murias taldean aritzeko aukera baieztatu zenean, bizikletarako balio ote zuen jakitea zela erronka adierazi zuen. Baiezkoan dago, balio duela. Orain urte pare bat eskatzen ditu, maila gorenean egoteko, onenekin lehiatzeko gai dela erakusteko. Hurrengo hitzordua ere jarri die, Aiurriko irakurleei: bizikletan lehen entrenamendua egiten duen eguna.