Ekin zaio Auzoz auzo kanpainari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 15a, 02:00

Andoaingo Udalak atzo eman zion hasiera auzoz auzo kanpainari, Buruntza eta Leizotz auzoetako biztanleekin bilduz. Auzotarrek, besteak beste, N-15 eta N-1 errepideek eragiten duten zarata, Celulosas papertegi zaharraren egoera, bi auzoetako zenbait gunetan argi eskasa, Aierbe etxe ondoko pasabidea… izan zituzten hizpide.

Ana Carrere alkatea eta EH-Billduko Jon Zulueta, Agustin Alberro, Esti Mujika eta Pedro Unanue eta Ganemoseko Olga Hernandez zinegotziak izan ziren bertan. Jende mordoska agertu zen udalak deitutako bileran.

Udalak egin dituen eta egitekoak dituen proiektuen eta diru kontuen berri ematen duen aldizkaria banatu zen bertaratuen artean.

Bilerak bi zati izan zituen; lehenengoan, udal ordezkariek udal jardueraren berri eman zuten. Bigarrengoan, auzotarren kezka, proposamen eta galderentzat tartea ireki zen.  

Ana Carrere alkateak eta Jon Zulueta Enplegu, Sustapen ekonomiko eta Gazteriako zinegotziak hitz egin zuten Udalaren izenean. Zuluetak, agintaldiaren hasieran, 2015eko irailean Udalak iragarri zituen 50 neurrien berri eman zituen; horiek bi urte igaro ostean zein garapena izan duten azaldu zuen, hain zuzen ere. Zehaztu zuen batzuk garatzen ari direla gehiago edo gutxiago, eta beste batzuren kasuan urratsik ez dela eman oraindik.

Garapen bidean nahiko aurreratuak direnen artean, aipatzekoak dira ur hoditeriaren berrikuntza, lehentasunezko zenbait obra, lehentasunezko obrak, eskualdeko garapen agentzia, hondakinen bilketa sistema, berdintasun batzordea… Garapenean bidea egiteko daukatenen artean, berriz, aipatzekoak dira beste zenbait: mahai soziala, udal etxebizitzen ordenantza, partehartze ordenantza, kultur lokal berrien topatzea (antzerkia, musika…), mendi publikoen kudeaketa…

Carrerek Udalaren egoera ekonomikoari buruzko hainbat datu eta grafiko azaldu zituen, urtez urteko aurrezki garbia eta banketxeekin maileguei lotutakoak batez ere.

Bere hitzetan, “azken urteetako datuek Andoaingo Udalaren egoera ekonomikoaren hobekuntza adierazten dute. 2008-2010 urtetan Udalaren kontuak orekatzeko zailtasun handiak izan ziren; 2011tik aurrera hartutako erabakiei esker, aldagai ekonomikoak aldeko bilakatu ziren. Gastu korrontean hartutako neurrik berriak garapen positiboa ulertzeko giltzarri dira”. Bestalde, Udalak eskatutako maileguei dagokionez, batetik, grafikoak bi igoera adierazten dute Carrereren hitzetan, “lehenengoa Udalak funtzionamendu gastuei aurre egiteko eskaturiko diru mailegua da; bigarrengo igoera, plenoan adostutako inbertsio planei aurre egiteko eskatutako maileguarekin lotzen da”. Egun, diru sarreren bitartez iristen dena baino gutxiago gastatzen dela ziurtatu zuen Carrerek, azkenik.

 

Epe motzerako egitasmoak

Epe motzera aurrera eraman beharreko zenbait egitasmo ere aipatu zituzten: hala nola, memoriaren aitortza eta elkarbizitza, hileta zibilak, partaidetza eta gardentasun ordenantzak eta udal barne araudi berritua, liburutegia, turismo plana, Arrate frontoiaren berrikuntza eta agenda 21 egitasmoa.  

Bestalde, udal ordezkariek, aipatu aldizkariaz gain, bigarren agiri bat zabaldu zuten. Agirian zehazten zen zeintzuk izan ziren aurreko auzoz auzoko kanpainan Buruntza eta Leizotzeko auzotarrek egin zituzten hamabost eskaerak, eta aldi berean, egun zertan diren jakinarazten du. Batzuek eginda bezala definitzen dira bertan; tartean, Atxularko depositua sasiz bestea garbitzea, Amesti aldean lurra berdintzeko produktua, txatarreriaren inguruetako zaborrak jasotzea… Beste zenbait kasuan, neurriak jarri dira etorkizunean egoera hobetzeko (Celulosasen kontrol gehiago suak, borrokak eta abar direla-eta, Correos-eko jakinarazpenak jasotzeko erraztasunak jartzeko gestioak egitea, Buruntzako herri-bideak txukuntzea...

 

Auzotarren galderak eta proposamenak

Ontza elkartean bildutako auzotarrek zenbait gai izan zituzten hizpide. Errepideek eragiten dute zarata, zenbait gune ilun, Celulosas papertegia eta Aierbe etxe ondoko pasabidea, izaan ziren horietako batzuk.

N-1 eta N-15 errepideek eragiten duten zarata izan zen horietatik lehenengoa. Andoaingo herriak pantaila akustikoen premia latza daukala azpimarratu zuten, Beasainetik Irunerako bide-zatian babesik ez daukan herri bakarra izango dela gogoratuz. Ana Carrere alkateak erantzun zien Udala jabetuta dagoela arazoaren larritasunaz, eta Aldundiari urtero egiten diola eskaera.

Buruntzan eta Leitzozeko zenbait baserri bideetan argi eskasa aipatu zen, Arrantzu eta Leitzarango zenbait baserrietarako bidea adibidez. Zuluetak adierazi zuenez, Udala kaleko argiteria ordezkatzen eta berritzen ari da eta gune ilunak detektatzen jarraitzen du.

Celulosas papertegi abandonatuaren egoeraz galdetu zuen auzotar batek. Carrere alkatearen esanetan, prozesua oso luzea eta korapilatsua izaten ari da (jabeak lokalizatu, erortzeko egoeran dagoela deklaratu, produktu kutsagarrien azterketa egin…); une honetan, aurreproiektua egina dago botatzeko asmoa gauzatzeko, 250 milako kostua duena.

Azken aldian ehunka herritarren sinadura biltzea eragin duen Aierbe etxeko pasabidea ere izan zuten mintzagai Ontza elkartean. Zuluetak adierazi zuen Udaltzaingoaren txosten teknikoak bultzatu ziola Udalari pasabidea ixteko erabakia hartzera, oinezkoen eskubideak lehenetsiz. Nolanahi ere, herritar ugariren eskaera mahai gainean jarri eta bigarren txosten teknikoa eskatu dute, eta irailaren amaieran jakinaraziko da bera.

 

Hurrengo hitzorduak

Aurreko egunetan Udalak zabaldu duen informazioak dion bezala, beste zazpi auzo-bilera daude iragarrita, irailean zehar.

Goiburu auzoan izango da hurrengo hitzordua; hilaren 18an, astelehenarekin, frontoian bilduko dira Udal gobernuko ordezkariak eta auzotarrak, bertako kezkak eta proposamenak azaltzeko.

Hona zeintzuk diren segidakoak: Zumea-Erdigunea-Olagainen, hilaren 19an, asteartearekin; Bazkardo-Kale Txikin hilaren 20an, asteazkenarekin; Alejandro Calongen, hilaren 21ean, ostegunarekin; Sorabilla-Borde Berrin, hilaren 22an, ostiralarekin; Karrika-Etxeberrietan, hilaren 25ean, astelehenarekin; eta azkenik, Goiko Zonaldean, hilaren 27an, asteazkenarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!