Auzoz auzoko parte hartze prozesua abiatuko da ostegun honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 14a, 02:00

Lehen hitzordua ostegun izango da garai bateko Ontza elkartean. Buruntza eta Leizotz aldeko bizilagunak deitu dituzte lehen bilera horretara, iluntzeko 19:00etan.

Andoaingo Udalak parte hartze prozesu berria abiatuko du irailaren 14an, eta hamabost egunez, zortzi bilera ireki egingo dituzte auzune ezberdinetan. Gobernu taldeak, agintaldiaren berri ematearekin batera, herritarren iritziak eta proposamenak entzun nahi ditu. Bilera guztiak irekiak izango dira, eta arratsaldeko 19:00etan hasiko dira.

Duela bi urte 50 neurrien egitasmoa aurkeztu zuen Andoaingo Udalak, eta neurri horien guztien betetze maila erakutsi nahi du hainbat datu eta informazio partekatuz.

Egoera ekonomikoak, nola ez, tarte berezia izango du. Iragan hurbilean estuasun ekonomiko handiak izan ziren Udal erakundean. Egindako lanari eta hartutako neurriei esker, Andoain egoera normalizatuan dagoela esan daiteke. Eta horri esker, etorkizunera begira has daiteke. 

Izan ere, etorkizuneko asmoak bilera horietan hizpide izango dira. Epe motz eta erdian zein egitasmo bideratuko dituzten iragarriko dute irailaren 14tik 27rako bilera sorta horretan. 

Udalaren aldetik azalpenak eman eta gero, herritarrek galderak eta eskaerak egiteko aukera izango dute.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!