Zizurkilgo plaza jendez beteta zegoela agertu zen Melokotoia Pasusko balkoira. Herriguneko jaiak pasa eta arnasa hartzeko denborarik eduki gabe, behekoak iritsi direla aipatu zuen, "pixka bat nekatuta, nazkatuta eta haserre" zetorrela esatearekin batera. "Haserre, matxitoek, gizarteak eman dien estatus faltsu horregatik emakumeenganako duten jarrera nazkagarriaz. Haserre nago eta haserre gaude. Festarik festa, askatasunean eta alaitasunean ibili behar dugun honetan, erasoak besterik ez dira izaten eta babosoak soberan daude! Festetatik kanpo, indarkeria matxistak emakumeak erailtzen ditu. Honekin bukatu behar dugu. Hemendik babes eta elkartasun osoa eskaini nahi diogu azken egunotan erail duten Sofia billabonatarraren sendiari". Azken hilabeteotan zehar, Zizurkilgo bi festa batzordeek, Udalak, Aizan talde feministak eta beste zenbait eragilek, festetako protokoloa idatzi eta martxan jarri dutela eta protokolo horretan prebentzioari garrantzia ematen zaiola gogorarazi zuen. Eta txupinazoa bota aurretik, herri argazkia ateratzea proposatu zuen, "eraso matxisten aurka, guztiok bat egiten dugunaren adierazgarri. Jakizue hemendik denok, eraso guztiek erantzuna izango dutela".
Herri argazkia atera eta gero, Dadena Kirol Elkarteko kideak igo ziren Pasusko balkoira. Haur, gazte eta heldu. Futboleko, txirrindularitzako nahiz atletismoko kideak. Iazko pregoilari izan ziren Zizurkil goiko festa batzordeko kideek festetako bastoia eskuz aldatu zuten eta festa batzordeko ordezkariek, urtean zehar Danenako partidak animatu ahal izateko Melokotoiaren irudia duen bonboa oparitu zieten.
Danena Kirol Elkarteko kideen izenenean, Mikel Jauregik hartu zuen hitza eta eskerrak eman zizkien festa batzordeko kideei nahiz Melokotoiari eta herritarrei txupinazoa botatzeko aukera eskaintzeagatik. "Danena Kirol Elkartetik ozen esan nahi dugu festak ondo pasatzeko elkartasuna, kiroltasuna, berdintasuna eta guztien arteko errespetua balore garrantzitsuak direla. Zentzu honetan, eraso matxisten kontra gaude. Emakumeenganako indarkeriak ez dauka lekurik Zizurkilgo jaietan ere. Zizurkilek kirolarekin lotura asko izan du, bertan maila oso onean ibili diren korrikalariak, txirrindulariak, pilotariak, azikolariak eta beste kirolari asko jaio da. Baita ere, Zizurkilen sortu zen Denok Danena halterofilia taldea, hainbeste garaipen lortu dituena". Profesional mailan lehiatu zen Danenako txirrindulari taldea nahiz futbol eta atletismo taldeak ere izan zituen aipagai, iraganeko nahiz egungo garaiak gogoratuz. "Gora Zizurkil!" oihu eginez, jaurti zuten festen hasierako suziria. Musika eta giro ona nagusitu zen geroztik, bai herri afarian eta baita ondorengo orduetan ere.
Egitaraua:
Irailak 7, osteguna
12:00 Apar-festa eta ur-jolasak (materiala norberak ekarri beharko du: kuboak, uretako pistolak).
16:00 Ginkana.
18:00 Zoozoom ikuskizuna. Markeliñe antzerki taldearen eskutik.
Ondoren buruhandiak
20:00 Patata tortilla lehiaketa. (suak eta tresnak talde bakoitzak eraman beharko ditu).
Lehiaketan egindako tortillak jan eta afaltzeko mahaiak eta aulkiak egongo dira plazan.
22:00 Bertso-saioa: Amaia Agirre, Unai Mendizabal, Oihana Iguaran, Aritz Mujika eta Beñat Iguaran. Gai-jartzailea: Igotz Alkorta.
Ondoren Maria Lasa eta Irati Irurzun trikitilari bikotea.
Irailak 8, ostirala
Gazte eguna
02:00 Gazte jolasak.
10:30 Jokulandia. Puzgarriak eta berrerabilitako trasteekin jolasak.
13:00 Triki poteoa.
14:00 Gazte bazkaria Joxe Arregi plazan. (Txartelak Atxulondo, Egarri eta Iriarte tabernetan egongo dira salgai irailaren 5a arte. Prezioa 10 euro. Bakoitzak bere platera eta mahai-tresnak eraman beharko ditu)
Ondoren kantaldia Erein taldearekin.
17:30 Haurrentzako jolas eta tailerrak.
Ondoren txokolatada.
Jarraian Buruhandiak Joxe Arregi plazan.
18:00 Elektrotxufla elektrotxaranga.
21:15 Gazte bokata-afaria.
23:00 Suzko zezena.
23:30 Kontzertuak. EH Sukarra eta Bad Sound System
Irailak 9, larunbata
Mozorro eguna
11:00 Atxulondoko giltzaren bila (haurrek erdi aroko mozorroekin etorri beharko dute).
Ondoren Mozorro Show-aren prestaketa (bazkalostean egingo duten dantza eta kantu show-a prestatuko dute).
14:00 Herri bazkaria. (Mahaiak eta aulkiak erreserbatu ahal izateko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako, zerrenda udal bulegoetan egongo da irailaren 6 arte).
Jarraian Postre lehiaketa eta bingoa.
18:00 Haurren mozorro show-a.
19:00 Goitibera jaitsiera Fraisoroko aldapan behera. (kaskoa derrigorrezkoa da parte hartzeko. Bestelako babesak janztea ere gomendatzen dugu).
20:00-21:30 Dantzaldia Laket taldearekin.
23:30 Dantzaldia Laket taldearekin.
Jarraian Mozorro lehiaketa.
Ondoren Dj Gatxet eta DZ.
Irailak 10, igandea
08:00 Diana.
11:00 Sardina eta sagardo dastaketa Urkamendi elkartearen eskutik.
13:00 Herriko haurren euskal dantza ikuskizuna.
13:30 Jubilatuen jokoak.
14:30 Jubilatu bazkaria plazan.
16:00 IX. Joxe Arregi mus txapelketa. (2000. urtean edo lehenago jaiotakoek hartu ahal izango dute parte)
16:30 Erraldoi eta buruhandien konpartsa. Añorga, Villabona, Usurbil eta Zizurkilgo erraldoiekin (irteera: Ugareko parkea).
Ogitarteko iluntzea
21:00 Bocabeats umore-beatBox ikuskizuna. Afaria plazan bakoitzak bere ogitartekoa ekarrita. Mahaiak eta aulkiak egongo dira.
22:15 Melokotoiaren hileta eta lur-ematea (luto-jantziekin etortzea eskatzen dizuegu).
Ondoren Melokotoi Sariak.