Euskaltegia, herriaren erdigunera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 7a, 02:00

Egoitza berria izango du Andoaingo AEKk aurrerantzean, Plazaola kalean kokatuko da, herriaren erdigunean. Joxemi Aranburu eta Jaione Rodriguez AEKko kideek hartu dute hitza.

Extremadura kaleko egoitzatik Plazaola kalera aldatuko da Andoaingo AEK. Aspaldiko urteetan eman nahi zenuten pausoa gauzatuko duzue…

Joxemi: Batetik, herrian bistarago dagoen leku batean egon nahi genuen eta, bestetik, derrigorrezkoa ikusten genuen euskaltegia lokal duin batean kokatzea.

Udaleko zinegotziekin denbora luzez aritu ginen hizketan, baina zaila geneukan irtenbidea topatzea; guk lokal handi samarra behar genuen eta Udalak neurri horretako lokal gutxi zuen. Zituenak oso egoera txarrean zeuden eta obra egin behar zen, baina Udalak ez zuen horretarako dirurik. Lauzpabost hilabetero heltzen genion eztabaidari, baina ez genion irtenbiderik aurkitzen. Azkenean, AEKren barruan beste bide bat jorratzen hasi ginen. Lokal duin baten beharra genuela argi zegoenez, apustua egitea erabaki eta udaletxearekin sistema mistora iritsi ginen: Udalak lokala utzi digu eta AEKk bere gain hartu ditu hura berritzeko lanak.

 

Extremadura kaleko egoitzan urte asko egin duzue, baina bide luzeagoa egina du Andoaingo AEKk…

Jo.: 26 urtez aritu gara Extremadura kaleko egoitzan lanean. Aurrez ospital zaharrean aritu ginen. Hantxe hasi nintzen ni AEKn. Aldez aurretik, Agustin de Leiza kalean nahiz Ondarreta ikastetxean gau eskola bezala funtzionatu zuen gehiago.

Ospital zaharretik Extremadura kalera etorri ginenean ere sekulako aurrerapena iruditu zitzaigun aldaketa, baina denborarekin zaharkituta geratu da.

Jaione: Extremadura kaleko egoitzan hainbat berrikuntza egin da urtetan: komunak berritu, paretak margotu, leihoak aldatu…, baina egoitza bera zahartuta dago. Egun, ikasleek beraiek ere eskatu egiten dute biltzeko lokal goxo eta duina edukitzea.

 

Zuek biok Andoaingo AEKn urte mordoa daramazue lanean…

Jo.: Bizitza erdia baino gehiago ia…

Ja.: Nik erdia. Tolosako AEKn hasi eta Andoainera etorri nintzen gero.

Jo.: Andoainen hasi nintzen ni, urte batzuk Donostiako bulegoan egin eta 2013an berriz ere Andoaingo bulegora itzuli nintzen.

 

Neurtuta al daukazue zenbat jende euskaldundu den Andoainen azken urte hauetan?

Ja.: Oso potoloa da ‘euskaldundu’ hitza. Egun, hizkuntza eskakizun edota tituluarekin neurtzen da batik bat eta gainditze tasa kontuan hartuko bagenu, emaitza altuak izan dira aurten eta baita aurreko urteetan ere.

 

Matrikulazio kanpaina zabaldu berri duzue. Zein aurreikuspen daukazue 2017-2018 ikasturterako?

Jo.: Dagoeneko zabalik dago matrikulazio kanpaina, irailaren 27ra arte. Lokal berria ireki izanak matrikulazioan eragina izango duela espero dugu. Intentzio horrekin egin dugu.

Ja.: Ikasleei begira egin dugu aldaketa. Extremadura kalean zuloan gordeta bezala geunden, ikasleentzat ez zegoen batere eskuragarri eta matrikulazio kanpainetan jendeari zein lekutan geunden azaldu behar izaten genion telefonoz, bestela oso zaila baitzen gu aurkitzea. Egoitza berria, berriz, erreferentzia lekuan dago; udaletxearen atzealdean, Urigain kultur etxearen ondoan… Oso bistan. Andoaindik ez ezik, eskualdeko herrietatik ere etortzen zaizkigu ikasleak euskaltegira, Aduna, Zizurkil, Villabona edota Urnietatik, eta haientzat bereziki, ez zen erraza izaten lokal zaharra topatzea.

 

Bertako jendeak, kapoko herrietatik datorrenak…, nork ematen du nagusiki euskara ikasteko pausoa?

Jo.: Bertan jaiotako jendea gerturatzen zaigu batez ere, eta normala denez, adinez gero eta gorago doana.

Ja.: Gazteagoak EGA edo hizkuntza eskakizunen baten bila etortzen dira, baina gainerakoan, helduak etortzen dira nagusiki.

 

Euskara ikasteko aukera ezberdinak eskaintzen dituzue euskaltegian: Eskola presentzialak bezala, autoikaskuntza…

Ja.: Lanarengatik edota denbora arazoengatik taldean parte hartu ezin dutenek autoikaskuntza egin dezakete euren etxean, gure laguntzarekin. Tutoretza eta mintza saioak eskaintzen ditugu kasu horietan.

Jo.: Autodiziplina handia eskatzen du autoikaskuntzak. Baditugu aukera horren bila etortzen zaizkigun ikasleak; baina sistema horretara ohitzea kosta egiten da, berrien kasuan batez ere.

Ja.: Etxean, bakarka lanean aritzea ez da guztientzat egokia. Atseginagoa eta errazagoa da taldean aritzea, lagunartean.

 

Alfabetatze edota maila ezberdinetako ikastaroak eskaintzen dituzue…

Ja.: Ordutegi malgua eta maila ezberdinetako saioak eskaintzen ditugu. 0 urratsetik hasita, maila ezberdinak. Gazteen artean titulu bila etortzen dira gehienak. Lehen mailatik hasita, bi edo hirugarrengora. Baina bestelakoak ere baditugu, titulua helburu ez dutenak, euskaraz komunikatzea edo askatzea baizik. Herri txikietako ikasleak gehiago izaten dira horiek.

 

Ohiko eskolez gain, ekimen ugari burutzen duzue urtean zehar. Gurasolaguna, Mintzalaguna edota aisialdiko ekintzak, besteak beste…

Jo.: Antolatzen ditugun ekintza guztien inguruko informazioa ematen diegu ikasleei.

Ja.: Mintzalaguna ekimeneko kide batzuk euskaltegiko ikasle ere baditugu eta egia da Mintzalaguna ekimenak, besteak beste, euskaltegia ezagutarazteko balio izan duela.

 

Zer esango zeniekete euskara ikastea zaila dela esaten dutenei?

Jo.: Euskara ikasteko gogoa behar da, motibazioa. %eko gutxiengo batek oso zaila izango du berezko mugak dituelako euskara edota beste edozein hizkuntza ikastea, baina saiatzen denak lortuko du. Nik uste motibazioak gainerako guztia baldintzatzen duela. Gure lana, ikaslearen motibazioari bizirik eustea da.

Ja.: Lortzen ote dugun beraiek esan beharko dute, baina saio atseginak egiten saiatzen gara,  ikasleen interesekoak diren gaiak prestatzen. Hori bai, euskara ikasteak denbora eskatzen du eta norberak bere aletxoa jarri behar du.


{{IMG-38879}}
La Salle pareko parkearen ondoan dago Andoaingo euskaltegi berritua, lehengo Gurutze Gorriko egoitzan.

Zein dei luzatuko zeniekete herritarrei?

Ja.: Gertura daitezela euskaltegi berrira, ezagut dezatela, beldurrak uxatu eta anima daitezela parte hartzera. Andoain ez da hain herri handia eta beti egongo da taldean ezagunen bat.

Jo.: Andoainen, oraindik ere, euskaltegiaren behar handia dago. Adinean gora doazen gurasoei gerturatzeko dei berezia egiten diegu.

Orain artean iluntzetan eskaintzen genituen eskola gehienak eta euskaltegi berriak ea aukera ematen digun goiz eta arratsaldeko saioak ere indartzeko. Horretarako ikasleak behar dira eta gerturatzeko deia luzatzen diegu guztiei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!