Auzoz auzo, Udalaren erronda berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 9a, 02:00

Andoaingo Udal gobernuak datozen asteetan auzoz auzo bilerak egingo dituela iragarri du, gaur eman duen prentsaurrekoan. Buruntza eta Leizotz auzoei dagokien bilerarekin ekingo dio kanpainari irailaren 14an, eta Goiko Zonaldean amaituko irailaren 27an. Ana Carrere alkateak andoaindar guztiei luzatu die gonbitea, gertuena egokitzen zaien bileran parte har dezaten.

[Bideoa]

Carrerek herritarren parte hartzearen premia azpimarratu du aurkezpenean, “informazioa helarazi ez ezik, behar beharrezkoa ikusten dugu herritarren iritzi, eskaera eta beharrak ezagutzea, horiek aztertu eta garatzeko aukerak zabaltzen direlako”.

Gogoratu duenez, 50 neurri sorta garatzeko konpromisua hartu zuen udal gobernuak agintaldi hasieran, “denetariko konpromisoak hartu genituen, horietako batzuk epe laburrean garatzekoak eta beste batzuk luzarogoan. Baina esan behar dugu agintaldiaren erdira iritsita horietako asko gauzatuak direla, beraz egindakoaren balorazioa positiboa da”.

Nolanahi ere, zehaztu du beste zenbait konpromiso horietatik zenbait egitekoen zerrendan jarraitzen dutela, eta baita beste zenbait ere, nahiz eta ez azaldu zerrenda horretan.

Eginbehar horien artean “auzoetatik bideratu izan dizkiguten behar edo nahiak” daude, Carrerek azaldu duenez.

Datozen bilera horietan, egindakoak zertan diren eta batez ere eginbeharrekoekin Udalak zein asmo dituen jakinaraziko zaizkie herritarrei.

Udal gobernuak nagusiki hiru gai eramango ditu bilera horietara: egoera ekonomikoaren berri ematea, 50 neurrien betetze maila azaltzea, eta, aurrera begira dituen erronkak aipatzea.

Bilera horien formatuari dagokionez, bi aldaketa iragarri zituen Carrerek. Batetik, espazio itxietatik irekietara eramango dira, bilerak kalean eginez. Bestalde, Alejandro Calonge auzoko auzotarrekin espreski bilera egingo da; izan ere, auzotar horiek Bazkardo eta Kale txikiko auzotarrekin batera bildu izan dira orain arte.

 

Zortzi auzo bilera, guztira

- Irailak 14, osteguna, Buruntza-Leizotz, 19:00etan. San Martin aztarnategian (eguraldia txarra egingo balu, Ontza elkartean).

- Irailak 18, astelehena, Goiburu, 19:00etan. Frontoian (eguraldi txarra egingo balu, San Esteban etxean).

- Irailak 19, asteartea, Zumea-Erdigunea-Olagain, 19:00etan. Zumea plazan (eguraldi txarra egingo balu, Zumeatarra elkartean).

- Irailak 20, asteazkena, Bazkardo-Kale Txiki, 19:00etan. Bazkardoko frontoian (eguraldi txarra egingo balu, Aita Larramendi Ikastolaren Bazkardoko eraikinean).

- Irailak 21, osteguna, Alejandro Calonge, 19:00etan. Auzoko parkean.

- Irailak 22, ostirala, Sorabilla-Borda Berri, 19:00etan. Frontoian (eguraldi txarra eginez gero, Sorabillako auzo elkartean).

- Irailak 25, astelehena, Karrika-Etxeberrieta, 19:00etan. Karrikako frontoian (eguraldi txarra eginez gero, karrika elkartean).

- Irailak 27, asteazkena, Goiko Zonaldea, 19:00etan. Goikoplazan (eguraldi txarra eginez gero, Udaletxeko kontsejupean).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!