Azoka Berezia eta Isats gisatuen lehiaketaren txanda

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 4a, 02:00

Datorren larunbatean, irailak 9, Irrintzi elkarteak urtero antolatzen duen Azoka Berezia izango da Txermingo ikastola azpian, baita elkarteen arteko Isats gisatuen lehiaketa ere.

Irailaren 9an, goizean goiz hasiko da mugimendua Txermingo ikastola azpian. Irrintzi elkarteak antolatuta, XXII. Azoka Berezia egingo baita bertan. 14:00ak arte egongo da zabalik eta urtero bezala, denetariko jaki, edari eta bestelako produktuak aurkitu ahal izango dira bertan. Eguerdi partean, hiru erakusmahai original edota dotoreenei Iñaki Gorostidik eginiko oroigarriak banatuko zaizkie. Iazkoan, artisau erara egindako gaztak eta eztiak eskaini zituen Arabako Izuria postuak eskuratu zuen lehen saria.

Isats gisatuen lehiaketa
Bestalde, urteroko ohiturari jarraiki, Aiztondo bailarako elkarteen arteko Isats gisatuen lehiaketa ere izango da eguerdian. Borja Aranzaba Irrintzi elkarteko lehendakari-ordeak azaldu duenez, “Irrintzi elkarteko kideek asteazkenean parte hartzaileei isatsak banatuta, hiru egun izango dituzte euren elkartean prestatu eta irailaren 9an lehiaketara aurkezteko”. Batzuek modu tradizionalean prestatu ohi dute isatsa, ukitu modernoagoak ematen dizkiete platerari beste batzuek… Aukera irekia izaten da. Herriko sukaldariek osatutako epaimahaiak, plater guztiak dastatu ondoren jakinarazilko da aurtengo irabazlearen berri. Iaz Amasako Uxo Toki elkarteko kideek prestatu zuten platerarik goxoena, Irrintzi elkarteak bigarren egin zuen eta ardoarekin beharrean, isatsa garagardoarekin prestatu zuen Beer Toki elkarteak hirugarren. Ikusteke dago aurtengo emaitza. Hori bai, Borja Aranzabek jakinarazi duenez, lehiaketako irabazlearentzat sari berria izango da aurtengoan, “oroigarriaz gain, orain artean, bi lagunentzako bazkari edo afariarekin saritzen zen irabazlea. Aurtengoan, Arantza hotelean (Nafarroa) bi lagunentzako egonaldia eskuratuko du irabazleak”.

Bazkaria ere bai
Azoka, lehiaketa, eta tartean, Irrintziko kideek prestatu ohi duten taberna, giro ederrean hamaiketako goxoa egiteko aitzakia aparta.
Baina, horrez guztiaz gain, aurtengoan bada beste berrikuntza bat ere, Txermingo festa amaitu ondoren, Irrintzi elkarteko kideek bazkaria antolatu baitute elkartean bertan. Aranzabek jakinarazi duenez, “bazkaria irekia izango da, nahi duena etor daiteke bertara”. Eta menuaren baitan, lehiaketara aurkeztutako isats gisatua dastatzeko aukera izango da, “kardua, isats gisatua eta izozkia; edaria, kafea eta kopa. Horixe bazkariko menua. 15 euro balio du eta egunean bertan edo aurrez eman daiteke izena”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!