Fernandez eta Paradari omenaldia eta Euskaldunaren garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 4a, 02:00

Euskaldunak eta Santo Tomas Lizeoak Larramendi Torneoko finala jokatuko dute datorren asteburuan, joan den larunbatean Ostadar eta Trintxerpe menderatu ostean. Christofer Fernandez eta Alfonso Parada jokalari ohiak omendu zituzten larunbatean, Euskaldunan egin duten ibilbide eredugarriagatik.

[Argazkiak] [Bideoa]

Joanes Iturrarteren falta jaurtiketa zehatz bati esker, Euskaldunak 1-0 Ostadarri irabazi zion eta datorren larunbatean jokatuko den finalerako txartela lortu zun era horretan. Euskalduna talde gisa gehiago dela erakutsi zuen Ubitarteko zelaian, baina ez zuen gol okasio askorik sortu.

Euskaldunak honako hamaikakoa zelairatu zuen: Lopez (Dominguez 46), Setien (Arteaga 46), Loidi, Arruabarrena (Venero 46), Zabalo (Iruin 70), Martin (Martin 65), Olangua (Murillo 46), Ipintza, Iturrarte (Toledo 46), Cevallos (Egibar 70) eta Piron.

{{IMG-38846}}

Santo Tomas Lizeoak eta Trintxerpek jokatu zuten torneoko bigarren neurketa, eta emaitza bera erakutsi zuen markagailuak, donostiarren alde.

Hortaz, Euskaldunaren eta Santo Tomasek neurtuko dituzte indarrak finalean datorren larunbatean. 18:00etan hasiko da finala; aurretik, Trintxerpe eta Ostadar izango dira lehian, 3. eta 4. postuak jokoan.

 

Omenaldia bi jokalari ohiei

Christofer Fernandez eta Alfonso Parada Euskaldunako jokalari ohiak omendu zituzten larunbat arratsaldean. Txiki-txikitatik hasita, Euskaldunako maila guztietatik pasatakoak dira biak ere. Fernandez aurrelariak 17 denboraldi egin ditu goren mailako taldean, eta Parada atezainak, berriz, 11. Euskalduna taldeak eskerrik beroena adierazi nahi izan zien urte horietan erakutsi duten konpromezu eta lanerako grinagatik.  

Bi jokalari ohiek adierazi zutenez, oso pozgarriak dira Euskalduna taldean egindako urte horietan jaso dituzten bizipenak. Euskaldunan jokatu izan duten maila guztietan lagun giro jatorra sumatu izana azpimarratu zuten.

Paradak familiarekin daukan konpromisua aipatu zuen arrazoi nagusitzat futbola uzteko. Fernandezek, ordea, ez dauka futbola erabat baztertzeko asmorik; areto futbolean jarraitzen du jokatzen. Hori bai, zehaztu zuen intentsitate maila jaitsita jokatuko duela hontaz aurrera. Izan ere, zelai handiko jokoak aparteko prestakuntza fisikoa eskatzen du, eta gainera, bere kasuan, lesio ugari dauzka pilatuta gorputzean. Izan ere, aurrelari izateak badauka bere arrisku erantsia futbolean, ostikoak-eta jasotzen direla barra-barra, alegia.

 

Emakumeen bi talde

Pozik dira Euskalduna osatzen duten zuzendaritza, jokalari eta jarraitzaileak. Izan ere aurtengo denboraldian emakumeen bi talde osatu dira, infantiletan bata eta jubeniletan bestea. Ruben Pironen agindutara jarriko dira infantilak, eta Acharaf Yerrou eta Aritz Valdemorosenera jubenilak.

Talde infantileko jokalariak Zubietan izan ziren joan den larunbatean, Real Sociedad eta Valentziaren arteko neurketa ikusteko asmotan. Partidua hasi aurretik Realeko jokalariekin argazkia ateratzeko aukera eduki zuten. Realak ezin izan zuen arratsaldea borobildu, 0-1 galdu baitzuen Valentziaren aurka, nahiz eta emaitza hobea merezi izateko jokoa erakutsi zelaian.

{{IMG-38847}}

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!