Euskaldunaren torneoari ekingo zaio bihartik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 1a, 02:00

Futbol liga hasi aurreko tradizio handiko torneoari ekingo zaio bihartik aurrera, Euskaldunak antolatuta. 43. Edizioa beteko du aurten sona handiko torneoak, eta andoaindarrekin batera beste hiru talde izango dira lehian: Ostadar SKT, Santo Tomas Lizeoa KE eta CD Trintxerpe.

Bi partida jokatuko dira bihar, larunbatarekin, Ubitarteko zelaian: 16:00etatik aurrera Trintxerpek eta Santo Tomasek jokatuko dute, eta 18:00etatik aurrera Euskaldunak Lasarte-Oriako Ostadar izango du aurkaria.

Hurrengo larunbatean, irailaren 9an, jokatuko dira 3. eta 4. posturako eta finaleko partidak. Ordutegi bera izango dute bi partida horiek.

Biharko bigarren norgehiagoka hori hasi aurretik, bertako jokalari izan diren Christofer Fernandez eta Alfonso Paradari merezitako omenaldia eskainiko zaie, futbolean urtetan egin duten ibilbideagatik.

Sarrera doakoa izango da.

 

Pizgarri ugariko torneoa

Torneoak edozein futbol zale Ubitarteko zelaira hurbiltzeko arrazoi ugari dakar berarekin. Gipuzkoako afizionatuen eremuan Gorengoen mailakoak dira lau talde parte hartzaileak. Hilaren hamazazpian ekingo diote 2017-2018 denboraldiko lehen jardunaldiari eta buru belarri dabiltza prestaketa lanetan azken asteetan. Lau taldeek ere zaletuak ilusioz beterik dauzkate, jakin minez aurtengo denboraldian eman dezaketenagatik.

Euskaldunaren kasuan, gainera, erantsi behar da bi entrenatzaile berri estreinatzen dituela aurtengo denboraldian. Iker Dorronsoro Triki donostiarra eta Igor Legorburu irundarra dira horiek. Futbolean eskarmentu handiarekin datoz biak ere. Dorronsoro, besteak beste, Tolosa eta Elgoibarko talde handien entrenatzailea izana da, eta Legorburuk zuzendaritza teknikoan jardun izan du Vasconia, Real Union eta Hondarribia taldeetan.

 

Bi entrenatzaileak ilusioz beteta

Biziki pozik agertu dira Dorronsoro eta Legorburu Euskaldunara etorri direnetik. Euskaldunako mutilek anaitasunezko bi partidu jokatu izan dituzte bi entrenatzaileen agindutara orain arte, Real Union B eta Tolosa taldeen aurka. 0-0 amaitu zuten irundarrekin, eta 1-2 galdu zuten tolosarrekin. Eskura zeuzkaten jokalari guztiak zelairatu zituzten bi neurketetan: Manex Iraola, Josu Artega, Jonay Venero, Julen Loidi, Xuban Zabalo, Iker Martin, Ruben Piron, Joanes Iturrarte, Moises Duran, Julen Barandiaran, Dani Sanchez, Eneko Lopez, Ander Setien, Aitor Gaztañaga, Iñigo Arruabarrena, Gorka Garcia, Asier Murillo, Jon Olangua, Iker Ipintza, Dani Sanchez, Alex Cevallos eta Aritz Chouza.

Torneoaren atarian Aiurriri adierazitakoaren arabera, oso sentsazio onak bizi izan dituzte orain arte eraman duten prestaketarekin. Dorronsoren hitzetan “bi aste egin ditugu jokalariekin, eta oso gustura gabiltza. Jokalariak denak oso gogotsu datoz entrenatzera. Eguneroko lanean eta zelaian gozatu egin behar dela sinisten dugu, eta jokalariek ere mezu hori ondo ulertu dute. Oso pozik gaude alde horretatik”.

{{IMG-38833}}

Bi entrenatzaileak aginduak ematen jokalariei

 

Plantilla 26 jokalariek osatzen dute oraingoz, baina hurrengo asteetan definituko dute taldea, Legorburuk: “jokatutako bi partidetan jokalari denak zelairatu ditugu, 45 minutuko aukerak eman dizkiegu guztiei, eta torneoaren amaieran erabaki beharko dugu nortzuk geratzen diren taldean eta nortzuk bigarrengo taldean”. Nolanahi ere, bereziki aipatzekoa da horietatik 24 Andoaingoak direla. “Etxeko jendearen aldeko apustua egin dugu, eta orain arteko entrenamendu eta partiduetan konpromisu maila handia erakutsi dute guztiek ere”.  

Biek adierazi dutenez, Andoainera proiektu berri batekin etorri dira; jokatzeko mentalitate eta estilo berri bat dakarte besapean eta ideia hori jokalariei transmititzen ari dira. “Estiloari dagokionez, argi daukagu talde indartsu bat osatzekotan, atzeko lerroa sendotuz hasi beharra dagoela, saiatu behar dugula gol gutxi jasotzen lehenengo eta behin, alegia”, halaxe ziurtatu du Dorronsorok.

Azkenik, Dorronsorok zein Legorburuk Andoaingo futbol zaleak Ubitarteko zelaira gerturatu daitezen gonbidatu dituzte, torneoan zehar partidu erakargarri eta lehiatuekin gozatu ahal izango dutelako, eta gainera, ilusioz beteriko Euskalduna berri bat ikusi ahal izango dutelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!