Leizotz auzoko bizilagunen jaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abu. 31a, 02:00

Leizotz auzoko bizikideek jaia ospatu zuten joan den ostiralean. Elkarren arteko harremanak giro jatorrean sendotzeko asmoz sortutako egun berezia da hauxe.

[Argazkiak]

Plazaolako trenbidearen parean dagoen Antzizar baserria izan ohi da festa gunea; hamaikagarren urtea da auzotarrak biltzen direla modu honetara. Ez dute egun seinalaturik hautatzen, denei egokiena egiten zaiena baizik.

Antzizar baserrian bizitu izan zen Ugartemendia Jauregi familiak eta egun bizi den Berrondo Izagirre familiak antolatu ohi dute festa.

Aurtengo bilkurarako, egitarau oso bat antolatu zuten: jolasak, txokolatada, txarangaren kalejira, toka txapelketa, afaria… Dantzaldi alai batekin amaitu zuten jaia, gaubelean.

Egunean zehar, bizilagunek Joxerramon Berrondori eta Arantxa Izagirreri oroigarri berezia eskaini zieten, jaiak antolatzeko eta ospatzeko azaldu ohi duten jarrera eskertzeko. Hona zer irakur daitekeen oparitu zieten txapelean: “2007-2017. Ederki hasi ginen eta primeran jarraitzen dugu, ta asko, zuei esker! Gora Antzizartarrak!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!