Ahozkotasuna, flowa eta hedabideak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abu. 28a, 02:00

Bertsoa osatzeko sormen prozesuan eragina duten alderdiak izan zituzten hizpide abuztuaren 25ean Eñaut Agirre, Jon Martin eta Oihana Iguaran bertsolari eta ikertzaileek:

Kronika (Amaia Goikoetxea Azpeitia, Mintzola Ahozko Lantegiko komunikazio saila):

Bertsolarien sormenaren inguruan aritu ziren ostiralean Mintzolak antolatutako Bertsolarien kantaera eta sormena ikastaroaren bigarren egunean, UPV/EHU Uda Ikastaroen baitan. Miramar Jauregian bildutako Eñaut Agirre, Jon Martin eta Oihana Iguaran bertsolari eta ikertzaileek alderdi ezberdinei erreparatu zieten sormenaz aritzeko; hala, ahozko hizkeraren ezaugarriez, flow egoeraz eta hedabideen agenda settingak bertsolariaren jardunean duen eraginaz aritu ziren.

Eñaut Agirrek ekin zion ikastaroko bigarren egunari. Izatez bertsogintza ahozko hizkeratik eratorrikoa izanik, berauk eskaintzen dituen baliabideak bertsotarako zein erabilgarri izan daitezkeen azaldu zuen. “Garai batean jakintza konpartitua memorian zegoen eta zer egin behar zen hura gordetzeko? Errepikatu behin eta berriz”. Harekin batera, ahozko hizkerak eta batez ere euskarak oso bere dituen ezaugarri eta estrategiak azaldu zituen: besteak beste, koherentzia narratiboa jarraitu beharrik eza edota ahozko formulak, unean uneko testuinguruak horretarako bide emanda. Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Ikerkuntza eta Euskara Errektoreordetzek zein Mikel Laboa Katedrak esleitutako ikerketa kontratuarekin doktore-tesia egiten dihardu Agirrek.

Jon Martinek ere Mintzolak eta Laboa Katedrak eskainitako ikerketa sariarekin osatu du bertsolariaren flow egoeraren inguruko lana. Mihály Csíkszentmihályi poloniarrak ezagun egindako kontzeptua bertsogintzara ekarri du Martinek. Flow egoera bertsolariak gaia entzuten duenetik kantuan hasten den arte esperimentatzen duen kontzentrazio goreneko egoera da, non gozamena sentitzen duen. Flow egoerako dimentsio ezberdinak aztertu ditu –helburuak, feedbacka, denboraren distortsioa, kontrola, gozamena…- horretarako egokitutako FSS2 metodologiaren bitartez, eta ondorioak atera, 100 galdetegiren emaitzak bildu eta aztertuta. “Bertsolariek flow egoera bizi dute baina kasu honetarako neurgailua ere hobetu daiteke; esate baterako, bertsolarien jardunean denbora hain garrantzitsua izanik, haren distortsioa ez da horrenbestekoa”, azaldu du. Azterketa kuantitatibo honen emaitzetan txapelketa eta plazako jardunean edota generoen arteko ezberdintasunak ere atzeman ditu. “Gozamenari, kontrolari eta feedbackari dagokionez, emakumezkoek gizonezkoek baino flow egoera baxuagoak dituzte”.

Hedabideen gaitegiak bertsolarien jardunean zer nolako eragina duen aztertzen dabil Oihana Iguaran doktoregaia eta bere lanaren berri eman zuen ikastaroaren atsedenaren ostean. “Testuinguruak ikaragarri eragiten dio bertsolariari edo behintzat bada kudeatu beharreko zerbait” azaldu zuen Iguaranek. Testuingurua izan liteke unean unekoa zein partekatzen den mundu erreferentziala eta horien arabera zein bertsolariaren funtzio eta motibazioaren arabera, kantatu beharrekoaren  “kalkulua” egiten du bertsolariak. Zenbaitetan hedabideek eskaintzen duten diskurtsoaren aldean bertsolariek alternatiboa eraikitzen badute ere, ez da beti horrela izaten: “hedabideen artean agenda settinga ere oso ezberdina da eta batzuekin bat egiten dute bertsolariek”. Unean uneko gaitegiak bertsoetan duen eragina sumatzeko, Bizkaiko eta Nafarroako Bertsolari Txapelketetako adibideak ekarri zituen Iguaranek.

Suaren gainean dantzan
Hiru hizlariak bertsolariak izanik, bertsoaren sormen prozesua gertutik bizi izan dute Agirrek, Martinek zein Iguaranek eta horretaz aritu ziren Karlos Aizpurua ikastaroko zuzendariak gidatutako mahai-inguruan. Plazaz plazako ohiko jardunean “bertsolari eta gai-jartzailearen artean maiz egon ohi den komunikazio falta” seinalatu zuen Iguaranek: “bertsolari jakin batzuei barre egiteko gaiak jarri ohi zaizkie eta beste batzuei hausnarketakoak” eta agian bertsolari horiek dituzten beste gaitasun batzuk itzalean geratzen direla adierazi zuen. Agirre ere ados agertu zen eta gaiak “modu gordinean” jartzearen alde azaldu, bertsolariak helduleku gehiago izan ditzan.

Hitzaldietan aipatutako kalkulua feedbackarengandik baldintzatua egon daiteke baina deserosotasun edo ozpin puntu bat ere ez al luke behar, ordea, saioak? “Autozentsura dexente egin ohi diot nire buruari", adierazi zuen Martinek, “zenbait borroka hartu ditzaket nahikoa ahalduntuta sentitzen banaiz, baina gehienetan lantzaren punta beste batzuk hartu ohi dute. Gatazkaren baten inguruan osatutako saioetan ere zenbaitetan kontuz ibili behar da, besteak beste, saio hori inora iritsiko ote den ez dakizulako…, suaren gainean dantzan zabiltza zenbaitetan”.

Forma eta edukia, azala eta mamia. Ikastaro honetan ikusi eta entzun zenez, biak ala biak bertsoaren osotasunean funtsezko.

Bertsolaritza ikertu nahi? aurtengo deialdia, abian
Ikastaro honetan parte hartu duten ikertzaile gehienak Mintzolak eta UPV/EHUk esleitutako ikerketa sari eta kontratuei esker gauzatu dituzte beren lanak. Datorren ikasturte honetan erronka berri bati heldu eta bertsolaritza ikertu nahiko bazenu, adi aurtengo deialdiari, abian da-eta. Informazio osoa topatuko duzu www.mintzola.eus atarian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!