Sofia Tato gogoan izan dute Villabonan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abu. 25a, 02:00

Atzo goizean Caceresen senarrak labankadaz erail zuen Sofia Tato billabonatarra gogoan izan da gaur arratsaldean Villabonan, haren jaioterrian eta orain 15 urtera arte bizitoki izan zuen herrian: 

Argazkiak

Arratsaldeko 18:30etan, "Matxismoak hiltzen gaitu. Aurrean gaituzue!" lelopean, mugimendu feministak antolatu duen manifestazioa abiatu da Malkar plazatik Larrea aldera. Ondoren Udal ordezkari nahiz herritar asko bildu duen elkarretaratze isila burutu da Errebote plazan. Txalo zaparrada luze eta sentituarekin amaitu da elkarretaratzea eta Onddo gazte asanbladaren baitan, borroka feministaren alorrean lanean ari diren hainbat kidek hartu dute hitza segidan, "nahiz eta egoera hauetan komunikabide askok adierazi emakumea hil egin dela, ozen esan nahi dugu ez dela hiltzen; hil egiten gaituztela. Matxismoak egunero erailtzen duela. Ez da kasu isolatu bat, indarkeria matxistaren eguneroko errealitatea baizik". Errebote plazan hitza hartu duten Onddo gazte asanbladako kideek, antzeko egoerei ezin zaiela bizkarra eman adierazi dute, "nazkatuta gaude, haserre gaude, sutan gaude! Ez dugu ez erailketarik, ezta inongo eraso matxistarik onartuko. Matxismoak hiltzen gaitu! Aski da! Ez gara kikilduko, ez gara ixilduko! Aurrean edukiko gaituzue!". Adierazpenaren ondoren beste txalo zaparrada ozena entzun da Errebote plazan. 

Manifestazio eta elkarretaratzeko bideoak, Aiurriren Facebook eta Twiter sareetan ikusgai daude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!