Eremu zabala esploratzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abu. 25a, 02:00

Bertsolarien kantaera izan zuten aztergai atzo UPV/EHU Uda Ikastaroetan. Ainhoa Aizpurua, Itziar Navarro eta Maialen Lujanbio izan ziren hizlari Miramar Jauregian gauzatutako eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatutako jardunaldian.

Kronika: Amaia Goikoetxea Azpeitia, Mintzola Ahozko Lantegiko komunikazio saila:

Goizeko bederatziak pasatxo ekin zioten Bertsolarien kantaera eta sormena ikastaroari atzo Miramar Jauregian, UPV/EHU Uda Ikastaroen baitan. Bi eguneko eskola izaki, atzo kantaera izan zen aztergai, Ainhoa Aizpurua, Itziar Navarro eta Maialen Lujanbioren eskutik.

Karlos Aizpurua ikastaroaren zuzendariak harrera eginda, Ainhoa Aizpuruak abiatu zuen atzoko hitzaldi katea. Bertsolaritzaren prosodiaren inguruko doktoretza tesia garatzen ari da Aizpurua, Mikel Laboa Katedrak esleitutako kontratuaren bidez. Gure hizkuntzaren berezko ezaugarrietatik abiatuta, horiek bertsoaren egiturara nola doitzen diren eta duten elkarreragina azaldu zuen, beti ere prosodiaren alderditik, hau da, fonologiari dagozkion tonu eta azentuaren ikuspuntutik. Ildo beretik, baina kantaera modu zabalagoan ulertuta, eta Oiartzungo eremu geografikoa eta haren bilakaera erdigune hartuta osatu du Itziar Navarrok bere azterketa. Master amaierako ikerketa egin du berak Mintzolak eta Laboa Katedraren eskutik lortutako ikerketa sariari esker. Bertsolari bakoitzak bere kantaera propioa duela eta horretan testuinguruak ere zerikusia duela aipatu zuen; hala, garai ezberdinetako Oiartzungo bertsoak aztertu ditu eta kantaeraren bilakaeran zerikusia izan duten gakoak aipatu; sekularizazioa eta baserriko bizimoduaren galera, lurralde ezberdinetako bertsolariak plaza berean biltzea, eta bertsoek eta testuinguruak jasaten duten transformazioa hedabideetan plazaratzean, besteak beste.

Atsedenaren ostean, Maialen Lujanbiok hartu zuen hitza. Aizpuruak eta Navarrok egindako irakurketa zientifikoari, bertsolariaren talaiatik egindako irakurketa gehitu zion Lujanbiok, "intuitiboki" bertsolariak doinuarekin egiten duen lanketa azalduz. Doinua eta testua bereziezinak direla azpimarratu zuen Lujanbiok, doinuak berak testua baduela, esanahia, baduela azalduz:  “gaia Epailearen aurrean zaude bada eta Itziarren semeak doinuarekin hasiz gero, zerbait ari gara esaten, ezta?”. Hala, mamiaren eta azalaren, edukiaren eta estetikaren arteko orekaren alde egin zuen Lujanbiok. Amaitzeko, isiltasunaren kudeaketa zein eraginkorra den azpimarratu zuen eta zentzu honetan, bertso musikatuak ariketa interesgarritzat jo arren, haiekin bertsoaren zenbait baliabide galtzen direla, isiltasunaren erabilera baliabide gisa kasu.

Doinuaren hautuan, egokitasuna
Esaten denari bezainbesteko garrantzia eman zitzaion, atzoko jardunaldian, esateko moduari. Baina, honenbestez, zein da ordena? jarrera baten arabera aukeratzen da doinua edo alderantziz? "Nahasketa bat da" azaldu zuen Lujanbiok, "plazan gai bat jarriz gero, hari ongi egokitutako doinuak miatzen hasiko zara eta egokiena aukeratuko". Doinu berria erabiltzeak ez du esan nahi halabeharrez gai jakin bat kantatzeko onena denik bere aburuz, eta funtsezkoena egokitasuna dela adierazi zuen: "Doinu zaharrak berreskuratzea ere bada ahalegin edota ekarpen bat, doinutegi propioa berritzeko modu bat eta altxor handia dugu hor". Kantaera lantzeko gakoa horretan "kontzientzia" izatea dela ere aipatu zen. Izan ere, oro har, bertsotarako ikasketa prozesua arrazoian fokalizatu izan da, testuan, eta denek ere bat egin zuten Lujanbiorekin doinuei dagokionez "esploratzeko eremu zabala" dagoela esatean. Zentzu horretan, generoaren lanketak kantaeran ere aztertzeko bide berriak eman ditzakeela aipatu zuten Aizpuruak eta Navarrok. Horretan oraingoz sakondu ez duten arren, lehen begiradan "ahots erregistro ezberdinak" ekarri dituztela aipatu zuten eta "kantaera ezberdinak"; eta horrek era berean, garai batean nagusi zen ahots sendo eta ozenetik ezberdinduz aniztasun handiagoa eragin duela.

Gaur, sormena izango da gai, eta Eñaut Agirre, Oihana Iguaran eta Jon Martin izango dira hizlari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!