Elbarrenako jaiak irailaren 6tik 10era

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abu. 28a, 02:00

Festen aurretik, irailaren 5ean, kros mistoa eta barrikotea egongo dira. Jada jarri dira salgai herri afarirako eta gazte egunerako tiketak. Baita, herri bazkarian apuntatzeko zerrendak ere.

Festetako ekitaldietako oharrak:

Iraila iristear da eta hile berriarekin batera Elbarrenako jaiak ere bai. Bost egunetan zehar hamaika ekitaldi ikusteko aukera egongo da. Aurtengoan ere ez dira faltako danborrada, Melokotoiaren aurkezpena, goitibera jaitsiera, herri afaria edota gazte bazkaria.

Festa giroan pixkanaka sartzen joateko, irailaren 9an izango den goitibera jaitsierarako ibilgailua egin dute asteburuan plazan. Tailer horretan hiru taldetan banatuko dira partaideak: 10 urte artekoak, 15 urte artekoak eta hortik gorakoak.

ENTSEGUAK

Txupinazoaren aurretik izaten den danborradako entsegu egunak ere ipini dira. Abuztuaren 31ean eta irailaren 1ean izango dira arratsaldeko zazpietan, Atxulondo Kultur-etxean. Bertan parte hartzeko ezinbestekoa da entseguetara joatea, eta 2.002. urtean edo lehenago jaioa izatea.

Ekintza guzti horien artean sabela betetzeko tartea ere egongo da. Hori bai, batzuetan lan pixka bat egin beharko da. Esaterako, irailaren 7an egingo den tortilla patata lehiaketan. Horretarako behar den materiala talde bakoitzak eraman beharko ditu, hala nola, suak eta tresnak.

Urtero izan ohi den mus txapelketan 2.000. urtean edo lehenago jaiotakoek parte hartu ahalko dute.

TIKETEN SALMENTA

Oraindik festak hasi ez diren arren, tiketak salgai daude herri afarirako eta gazte bazkarirako. Afarirako tiketa Egarri eta Olentzo jatetxeetan eros daitezke 20 eurotan; gazte bazkarirako txartela, berriz, Egarri, Atxulondo eta Iriarte tabernetan daude salgai 10 euroren truke. Epea irailaren 5ean amaitzen da. Herri bazkarirako tiketa ez, baina mahaiak eta aulkiak erreserbatu behar dira. Apuntatzeko zerrenda udal bulegoan egongo da irailaren 6 bitarte.

Gauero karpan afaltzeko gunea egongo da nahi duenarentzat, afaria eraman eta bertan jateko aukera edukiz.

FESTEN AURREKO EGUNA

Festa egunetatik kanpo geratzen da irailaren 5a. Kros mistoa eta barrikotea izango dira egun horretan. X. edizioa izango da krosarena, eta urtero legez neskak eta mutilek osatutako bikoteak izango dira.

Izena emateko lasterketa hasi baino ordubete lehenago agertu beharko da. Izen ematea dohainik da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!