Erromeria Buruntzan, San Roke egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abu. 17a, 02:00

Erromeria giroko festa ospatzen ari dira Buruntza auzoan, jaien azken egunean. Meza, bertsoak, trikiti hotsak, Soka dantza eta toka txapelketak eta herri bazkariak osatzen dute jaia.

[Argazkiak] [Bideoak]

Aitor Mendiluze eta Ion Beloki bertsolariak ekin diote jaiari goizetik, bertsoak kantatuz. Maddalen Ugalde eta Lorea Soto trikitilariek ere soinu alaiak zabaldu dituzte Buruntzako bazterretan.

Meza nagusia etorri da ondoren Eliza zaharraren arrastoetan jarri den karpa pean, Iñaki Zabaleta San Martin parrokiako apaizak emanda. Auzoan aurten hildako auzokideak izan dituzte gogoan mezara bildutakoek.

Soka Dantzaren txanda heldu da meza bukatuta, Urki dantza taldeko kideen eskutik. Tradiziozkoa den arin-arin eta fandangoa dantzatuz eman zaio amaiera, eta berehala, bertsolari bikoteak bertsotan jardun du, bigarren saioa eginez. Gai ugari ukitu dituzte, umore zorrotza erabiliz biek ere; besteak beste, karparekin osatutako eliza xelebrea Buruntzan, fedea, auzoetako jaiak eta Buruntzan batzorde kideek osatzen duten marea erroxa, parranda osteko bertso saioak, Oilasko-biltzean bota ziren itxafero goiztiarrak direla eta facebooken idatzi diren kexak…

Irun-Berri baserriaren inguruan egitekoa zen bazkaria, baina eguraldi kaskarraren eraginez, Berrozpe ikastetxeko estalpera eraman behar izan da aurtengo Buruntzako jaien amaiera gisa hartu den ekitaldi herrikoi hori.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!