Adunako jaiak 2017

Ainhoa Arruti Adunako festa batzordeko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abu. 12a, 02:00

Lehen pertsonan azaldu ditu aurtengo egitarauko berrikuntza eta xehetasunak: "Aurten Hesian taldea ekarriko dugu festetara”.

Elkarrizketa:

Zer moduz joan dira festetako antolakuntza bilerak?
Herriaren aldeko ekintza izanik, gustura joaten naiz bileretara. Batzuetan jendearen gainean egon behar dugu parte har dezaten, baina musika taldeak ekartzeko garaian ibiltzen gara larrien normalean.
Aurten, Hesian taldea ekarriko dugu festetara eta Aduna bezalako herri txiki batentzat, talde handia dela esango nuke.

Zer nabarmenduko zenuke Adunako jaietatik?
Niri festetan herrikoen artean sortzen den harremana gustatzen zait. Herri txikia denez eta herritarrak batera ibiltzen garenez, giro polita sortzen da.

Aurtengo egitarauan bada berrikuntzarik…
Bai, Oilasko jokoa berreskuratu dela nabarmenduko nuke. Animaliak babesteko ezarritako legeen ondorioz, oiloei ez zaie bururik moztuko. Badira hiru urte baserriz baserri oiloen bila joateko ohitura hori galdu zela eta aurten berriz ere martxan jartzea erabaki dugu. Izan ere, herritarrek asko maite dute ohitura hori eta faltan botatzen zutela esango nuke.

Nola bideratuko da Oilasko jokoa?
Goizeko 06:00ak-06:30ak aldera, herritarrak mozorrotuta eta trikitixa eta pandero doinuak lagun, baserriz baserri abiatuko gara. Gainera, normalean, baserrietara gerturatzen goazen heinean, jende gehiago batzen da. Oilasko jokoa egin zen azken urtean, jasotako oilaskoei burua moztu ordez, bildu ziren oilasko guztien artean oilaskorik politenari saria eman zitzaion eta aurten ere horrelako zerbait egingo da.

Aurreko urteetan bezala, txekor jatea zerbitzatzen hartuko al duzu parte?
Aurten ez dut uste ahalko dudanik, baina aurreko urtean adin bertsuko lau lagun animatu ginen eta lehenengo hamaiketakoa eman genuen, gero sagardo proban sagardoa banatzen ere ibili ginen eta baita txekor jatean ere. Ondo moldatu ginen.

Axeri-dantza izango da Adunako jaietan tradiziorik handieneko ekitaldia... Bururatu al zaizu inoiz parte hartzea?
Normalean mutilek hartzen dute parte Adunako Axeri-dantzan. Badakit beste herri batzuetan neskak ere atera izan direla, baina hemen ez da horrelakorik suertatu. Urtero egiten den ekintza da eta jende asko mugitzen du. Umeen dantza saioa eta Axeri-dantza ikustera jende asko etortzen da normalean eta tradizioz beteriko ekitaldia da. Parte hartzera animatuko nintzateke, baina beste neskaren baten babesa edukiko banu, errazagoa izango litzateke niretzat.

Nola deskribatuko zenuke zuk Axeri-dantza?
Bertara gerturatu eta ikustea merezi duen ekintza moduan.
Normalean Amabirjin egunean izaten da eta nik txikitatik bizi dut. Ondoren gainera, familia bazkaria izaten dugu. Herritarrak eta familiako kideek hartzen dute parte eta, egia esan, oso ekintza polita izaten da.

Zein ekitalditan ez duzu hutsik egingo?
Nik uste, sortzen den giroagatik gehienbat, Oilasko jokoa eta Koadrillen eguna ez ditudala inolaz galduko, oso ekintza garrantzitsuak dira niretzat. Gainera, aurten koadrillen egunean gazte koadrila bati egokitu zaio bazkaria prestatzea eta geuk lagunduko diegu.

Mezuren bat?
Herriko festak, nik behintzat ezberdin bizitzen ditut. Ekintzetan parte hartu eta gozatzeko deia luzatuko nieke herritarrei.
Adunarrak ez direnei, data seinalatu horietan etortzeko esango nieke; Aduna herri txikia izanagatik, giro polita aurkituko dutela.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!