Trikitixa edo panderoa hartuta ibili ohi zara lehen egunean...
Bai, baina aurten Oilasko joko egunean joko dut Leire eta Maria Lasa ahizpa zizurkildarrekin.
Trikitixa txapelketa egin ohi da Zizurkilgo festetan. Zer nolako erantzuna izaten du?
Gazteagotan hartu nuen parte eta oso esperientzia polita dela esango nuke. Inguruko gazteei oholtza gainean jotzeko aukera ematen zaie eta, normalean, Kristina Solanoren ikasleek hartzen dute parte. Trikitilariek urte guztian zehar horrenbesteko lana egin ostean, ikasitakoa erakusteko aukera izatea polita da.
Egun bat gutxiago izango dute aurtengo jaiek…
Gure aldetik atera zen aldaketa hori proposatzea, azkenerako luze egiten baitzitzaigun. Festak gure artean disfrutatzeko dira eta onena, egun bat kendu eta geratzen zena topera disfrutatzea zela erabaki genuen.
Herri kirol saioan, segan aritu zinen iazko jaietan. Zer nolako esperientzia izan zen?
Oso ona, baina esan beharra daukat gehiago disfrutatu nuela prestaketa saioetan. Hilabete hartu genuen prestaketak egiteko eta oso egun politak izan ziren. Alatzne Etxaburuarekin ibiltzeko aukera ere izan nuen eta baita ederki pasa ere. Denboraz larri ibili eta besteak animatu ez zirenez, hiru mutil eta ni atera ginen. Baina bezperan, dantzan ari nintzela, bihurritua egin nuen eta egunean bertan ez nuen horrenbeste gozatu.
Aurten ere ibiliko al zara?
Ez gara aterako, aurretik lan handia eskatzen baitu horrelako erakustaldi baterako prestatzeak eta ez egitea erabaki dugu. Aurtengoa ohiko herri kirol saioa izango da.
Jaietako egunik onena?
Lehenengo eguna. Goiz-goizetik 06:30etan plazan biltzen gara, gosaldu ondoren, herri guztia zeharkatzen dugu trikitixa eta panderoak alaituta, dantzan, jan eta edanean, oilaskoak biltzen. Oso giro polita sortzen da bertan; urtetik urtera jende gehiago elkartzen gara eta jende gehiago animatzen da dantzara.
Herriko eta inguruko herritarren arteko giroa sustatzeko ekintza polita da; koadrilletan herri ezberdinetako gazteak elkartzen baikara: Asteasu, Alkiza, Aduna...
Ekintzaren bat aukeratzekotan?
Zimiterioko pilota txapelketak bere xarma baduela iruditzen zait. Lan handia egiten dute antolaketan eta polita dela esango nuke. Aurten, ikustekoa izango da Kataluniako castellerren saioa.
Oro har, zer nolako harrera dute antolatzen diren ekintzek?
Ekintzak antolatzeko garaian ia inor ez da animatzen, baina parte hartzeko garaian edota laguntza eskatzen dugunean, ez da inongo arazorik izaten. Denak laguntzeko prest egoten dira.
Gertu-gertutik ezagutzen duzu jai batzordearen lana. Zer azpimarratuko zenuke?
Talde polita gaude. Batzuetan gehiago izatea eskertuko genuke, baina oso ondo moldatzen gara gure artean eta orain gazteagoak animatu nahian gabiltza. Jende berria gerturatzeak ideia berriak eta ikuspuntu ezberdinak ematen ditu.
Mezuren bat herritarrei?
Guretzat eginiko festak dira eta guk animatu behar dugula bertan parte hartzera.
Eta inguruetako herritarrei?
Haiek ere animatzeko. Saiatzen gara inguruko jendea erakartzen, baina Donostiako Aste Nagusiarekin eta tarteka Leitzako festekin batera egokitzen dira. Animatu daitezela, ondo pasako dute Zizurkilen.