Buruntza auzunea jaietan, larunbatean hasita

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abu. 11a, 02:00

Azken urtetan finkatutako jai egitarauari eutsi diote Buruntzako auzotarrek. Hiru egunez, ohikoak egin diren ekitaldiak nagusituko dira auzoan.

[Egitaraua] Jai Batzordearekin solasean:

Bertsolaritza, trikitixa, mendi lasterketa, bazkari eta afari herrikoiak, meza katolikoa, toka txapelketa… Nahiko osagai tradizionalez eratzen dira gure auzoko jaiak”, halaxe aitortu dute jai batzordeko kideek.
“Auzoan berrehun biztanle eskas izango gara, eta aurrekontua ere txikia da gurea”. Ahalegina eta ilusioa erruz jarriz, jai duinak antolatzen saiatzen dira, hala ere. “Auzotarrak biltzeko, ingurukoak erakartzeko eta guztiok ere hiru egunetan jai giroan ondo pasatzeko aukera eskaintzen dute”.

Lasterketa, aldaketekin
Hamabosgarren edizioa ospatuko du lasterkarien artean aski fama daukan mendi lasterketak, aurtengoan. Aldaketekin dator, ibilbideari dagokionez: “Luzatzea erabaki dugu, hamaika kilometro eta erdiraino. Horrela, auzoko baserri ugaritatik igaroko da, eta besteak beste, Azkorteko ermitara iritsiko da. Buruntza mendia dena ez da harrobia, bere inguru guztiak baditu paraje politak eta garbiak, eta horiekin gozatu ahal izango dute korrikalariek”.
Gogorra bezain erakargarria aurreikusten da lasterketa, baina behin helmugara iritsita, korrikalariek zain edukiko dituzte ohiko sariak, zozketak eta hamaiketakoa.   

San Roke eguna
San Roke eguna Buruntzako tontorraren magalean dagoen San Roke ermitan ospatu izan zen iraganean, abuztuaren 16an. Orain bost bat urte, ordea, ospakizun hori eliza zaharraren aztarnen aurrera ekartzea erabaki zuten; harrezkero buruntzatarren artean errotzen joan da leku hori, jai gune gisa.
Auzokoak ez ezik, Andoaingo fededun ugari erakartzen du bertan ospatzen den meza nagusiak. Santuaren bi figura dauzkate egun Buruntzan: ermitan dagoen harrizkoa bata, eta egurrezkoa bestea. Bada, bigarren hori ateratzen dute mezarako.
Ondoren, bertsolari eta trikitilarien saioak, toka txapelketa eta herri bazkaria nahikoak izan ohi dira egun-beteko festa koskorra antolatzeko.

Gogoetan murgilduta
Jaien inguruko hausnarketa prozesuari ekin diote jai batzordeko kideek. Batetik, ohartuta daude urtez urte jaisten ari dela auzotarren parte hartzea, eta horri erremedioa topatu nahian dabiltza. Urteko egunik okerrenetan egokitzen dira jaiak, abuztuaren erdi-erdian alegia, eta horrek eragiten du auzotar ugari auzotik urrun egotea oporrez gozatzen. Aztertzen ari diren irtenbideen artean, jaiak egutegian aurreratzea da bat; San Roke eguneko meza mantenduz, gainerako ekitaldi guztiak aurreratu egingo lirateke, era horretan.
Bestetik, auzotarrak jai batzordera nola erakarri hausnartzen ari dira. Besteak beste, kultur elkartea sortzearen ideia darabilte buruan. Auzotarrak bilduko dituen elkartea alegia, auzo jaiak ez ezik auzoko arazoak eta kezkak bideratzeko topagune egokia izan litekeena.

Gazte jendearen premian
Jai batzordea osatzen duten auzotarrek deia zabaldu dute, auzoko gazte jendeari begira batez ere. “Jende berbera gabiltza jaiak antolatzen urtetan; jai batzordeak badauka premia odol-berria txertatzeko, gogoz eta ideia berriekin etorriko dena. Gazteren bat edo beste hurbildu zaigu azken hilabeteetan, eta pozgarria da hori, baina gehiago beharko genituzke; denek zerbait eginez gero eramangarriagoa egingo litzateke antolakuntza guztia, eta ez hori bakarrik, ekitaldi berriak erantsi ahal izango genizkioke egitarauari”.

San Roke jaiak 2017
Abuztuak 12, larunbata

  • 06:00 Oilasko biltzaileak auzoan barrena ibiliko dira, trikitilarien laguntzarekin.
  • 15:00 Oilasko biltzaileen bazkaria.
  • 20:30 Bertso afaria Gaztañaga sagardotegian: Anjel Mari Peñagarikano eta Alaia Martin. Elustondo anai-arreba trikitilariak.

 
Abuztuak 15, asteartea

  • 10:00 San Roke kros igoera. Gaztañaga sagardotegitik irteera. Izen-ematea, ordu erdi lehenago. Hamaiketakoa eta zozketa parte hartzaileen artean.

 
Abuztuak 16, asteazkena
San Roke eguna

  • 10:00-10:30 Trikitilariak kalejiran.
  • 10:30-11:00 Aitor Mendiluze eta Ion Beloki bertsolariak.
  • 11:00 Meza auzoko hildakoen alde, San Martin eliza zaharraren aztarnetan. Ondoren, Urkiko dantzarien saioa Olagain elkarteko txistulariekin batera.
  • 12:00-13:00 Trikitilarien eta Aitor Mendiluze eta Ion Beloki bertsolarien saioa.
  • 13:00 Toka txapelketa. Sariak irabazleentzat.
  • 14:00 Auzotarren bazkaria Iruin-Berri baserriaren inguruan. Aitor Mendiluze eta Ion Beloki bertsolarien saioa.

Oharra:
Bertso afariaren eta herri bazkariaren prezioa 20 eurokoa izango da. Txartelak salgai egongo dira, bezpera arte.
Telefonoa: 636 80 59 05.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!