Antonio Iturrioz gizon polifazetikoa hil da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abu. 8a, 02:00

Igandean hil zen Karrika auzoko Iturrioz baserrian jaio eta bertan 76 urtez bizi izan zenak. Aiurri aldizkariari aurten bertan apirilean eskaini zion elkarrizketan ondo definitua geratu zen gizona: “baserrian zaildua, baserriko bizimodu zalea, korrikalaria, segalaria, trontzalaria, idi pareak gobernatzen maisu, golf zalea, hizketarako egokia, umore zalea…”.

[Elkarrizketa]

Patuak nahi izan du berak hainbeste maite zituen San Esteban jaietan gertatzea heriotza. San Estebango jaien animatzailea izan zen gazte garaietan, bertan izaten ziren trontza edo korrika apustuak antolatzeaz gain bera izaten baitzen kirolaria. Alde horretatik, gaur egungo Jai Batzordeak atsekaberik handiena adierazi dio Antoni Iturriozen familiari, “San Estebanak zirela, Santa Ageda zela… auzoan ospatzen ziren jaien alde beti erakutsi izan zuen prestutasunagatik”.

 

Youtuben ezaguna

 Bestalde, gogoan hartu behar da Antonio Iturrioz asko famatua egin zela 2015ean, “Goiko Borda” izenburuko film laburreko protagonista bilakatu eta gero. “Andoain Laburrean” izeneko film laburren lehiaketan lehen saria eskuratu zuen aipatu “Goiko Borda”k, Andoaingo Zine eta Bideo Eskolako ikasleek egindakoa.
Filma ikusgai dago Youtuben. Nahikoa da “Andoain laburrean 2015: Goiko Borda” idaztea, sarean topatzeko. Oihartzun handiko filma da inondik ere.

[Bideoa]

Gaur, asteartearekin, egingo da bere arimaren aldeko hileta elizkizuna, Sorabillako San Martin Elizan arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!