"Bukatu dira aurtengo Villabonako festak eta mezu honen bidez Amasa Villabonako EH Bildutik egiten dugun balorazio orokorraren berri eman nahi diegu herritarrei.
Urtero bezala uztailaren amaierako egun hauetan pozak, alaitasunak eta jai giroak hartu dute Villabonako herria eta zentzu horretan orokorrean balorazio positiboa egiten dugu. Gainera, dakigunez aurtengoan ez da inolako eraso matxistarik salatu eta hori pozgarria da.
Eskerrak eman nahi dizkiegu jaietan ekimen ezberdinak antolatu dituzten herritar, eragile eta elkarte guztiei, beste behin Villabona herri bizia dela erakusteagatik eta bolondres gisa, herritik eta herriarentzat egin duten ezin ordainduzko lan izugarriagatik. Gure herrian ditugun mota guztietako elkarteetako jendeak egindako ekarpenik gabe, ez legoke Santio jairik. Beraz, eskerrik asko Oinkari dantza taldeari, Behar Zana kirol elkarteari, Zunbetz elkarteari, Santioak Kantari ekimenari, Besamotza erraldoi eta buruhandien konpartsari, Eresargi abesbatzari, Jeronimo Dultzaina taldeari, Onddo Gazte Asanbladari, Arratzain irristaketa taldeari, Loatzo musika eskolari, Denok Danena halterofilia taldeari, Futbito txapelketa antolatu dutenei, Zumba eta Cycling klaseak antolatu dituztenei, Xake joku elkarteari eta jaietan bolondres gisa (txoznan, jantokian etab.) lanean aritu diren herritar anonimo guztiei. Zorionak denei! Guztiek egindako lanari esker aurtengoan ere Santio jai dotoreak izan ditugu.
Beste alde batetik, talde politiko gisa udalaren lana baloratzea ere badagokigu, gure ustez aurtengoan jaiak ongi joan badira, aipatutako herritar, eragile eta taldeek egindako lanagatik izan da eta ez udalak egindakoagatik.
PNVren gobernuak bultzatzen dituen jaiak, ez dira ez herrikoiak eta ezta parte hartzaileak ere, eta eredu merkantilista inposatu nahi izan dute. Jaien aurretik, egitarauaren azala herritik kanpoko enpresa batek egitea erabaki zuten, beren lanak aurkeztu zituzten herritarrei "maila nahikorik ez" izatea erantzun ondoren. Jai batzordeari erabakitze ahalmena murriztu zaio, udalak egindako egitarau proposamena ia ukiezina eginez. Musika emanaldiak eta muntaketa lan guzti guztiak enpresa pribatuen bidez egin dira, herriko jendea kontratatzeari muzin eginez.
Bestalde, urtero herriko eragile batek egiten dituen jaietako zapiak boikoteatu ditu udalak, zapietatik ateratako dirua euskararen normalizazioaren aldeko mugimendura bideratuko zela jakinik ere, lehen aldiz udal gobernuak (inori jakinarazi gabe) zapiak ateratzea erabaki zuen diru publikoarekin ordaindu eta gero doan banatzeko. Gainera erraldoi eta ipotxei euskararen aldeko zapia kentzeko agindu zitzaien, mehatxuak tarteko. Ez dakigu zergatik baina portaera honekin udalak, inora ez daraman "zapien lehia" absurdo bat piztu nahi izan du.
Guzti hau gutxi balitz, Onddo Gazte Asanbladaren aurkako zentsura egin nahi izan zuen alkateak berak, gazte eguneko kontzertuen artean prestatuta zeukaten ekitaldi xumeari ahotsa kenduz. Jarrera autoritario eta zentsuratzaile hau onartezina da, soberan dago eta azalpen bat ematea eskatzen dugu.
Azkenik, udal gobernuak zabaldutako balantzean, alkateak jaiak politizatu nahian probokazioa eta tentsioa bilatzea leporatu dio, gutxi omen diren ez dakigu nortzuri. Ez zaigu argi gelditu zer adierazi nahi izan duen. Alkateak "kutsu politikorik gabeko" jaiak aldarrikatzen dituenean zertaz ari da? zer eskatzen du? herri honen errealitate guztiak ahaztu eta zazpi egunez amnesia kolektibo batean murgiltzea? adibidez, dispertsio politikaren erruz herritik ehunka edo milaka kilometrora dauden bost preso daudela ahaztea? edo 2009ko uztailaren 31n presio polizialak Remi gabe utzi gintuela ere ahaztu, eta omenaldirik ez egitea? hori al da eskatzen duena? Ez dugu ezer ulertzen..."