Esker onez Etxeberrietako auzotarrei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abu. 2a, 02:00

Inazio Urkia, Angel Urrutia eta Angelines Lopez auzotarrak nabarmendu zituzten Etxeberrietako Jaien baitan igandean ospatu zen bazkarian.

Urkiari bazkarira bildu zirenen artean adinez zaharrena izateagatik eman zioten oroigarria. Urrutia eta Lopez bikoteari, berriz, auzoko jaiekin eskuzabal jokatu izan dutelako betidanik.

Urrutia eta Lopez hogeitabost bat urtetan Jai Batzordeko kideak izan ziren orain hamar bat urte arte. Geroztik, jaiekin kolaboratzen jarraitu izan dute, modu batera edo bestera.

Angelinesek adierazi duenez, “nahiko ezustean harrapatu gintuen omenaldi txiki horrek. Egia esan, eskertzekoa da horrela gogoratzea gurekin. Urtetan atzera joaten bagara, Urrutia familiaren esku egoten zen Etxeberrietako Jaiak antolatzea. Nikolas Urrutiak eta Maria Dolores Olasagastik osatutako bikoteak eramaten zuen ardura nagusia, eta beraiekin batera ibiltzen ginen euren seme-alaba Nikolas eta Ana Mari, Angel eta lauok. Garai haietan ekitaldirik bereziena izaten zen bazkaria. Auzoan jaio eta bizi zirenentzako nahiz kanpoan bizi ziren askorentzako urteko egunik hunkigarriena izaten zen; igual berrehunetik gora pertsona arrimatzen ziren. Familia giroko bazkaria izaten zen, denak elkarrekin ezagunak! Iraganeko kontu alaiak berritzeko egun aproposa!”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!