"Gutun honen bidez, aurten ere Santio jaien barruan Remiri egingo diogun omenaldian parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diegu herritar guztiei.
8 urte igaro diren arren, egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa exijitzen jarraitu beharra daukagu.
2009ko uztailaren 31 hartan, Remi Ayestaran Amasa-Villabonako herri ordezkari bezala ari zen lanean, Ertzaintzaren probokazioei muzin egin eta festak bakean bukatu zitezen ahaleginean. Baina ez zioten utzi, bihotza leherrarazi zioten.
Oraindik inork ez du azalpenik eman, ezta ardurarik bere gain hartu ere. Bada garaia Remiri zor zaion aitortza egiteko!
Duela bi urte EAJ-k omenaldia jaietako programa ofizialetik kentzea erabaki zuen arren, ez diegu uko egingo gure aldarrikapenei, bidezkoak direla sinesten baitugu.
Bide horretan, urte hauetan guztietan herritar asko eta askoren babesa sentitu dugu eta hala izaten jarraitzea nahiko genuke. Beraz, uztailaren 31n, arratsaldeko 20:00etan, Remiren izena daraman ibilbidean dugu hitzordua".