Santioak 2017

“Pala mistoko partidatan bildu da jenderik gehien”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 26a, 02:00

Eneko Maiz billabonatarra indarrean dabil trinketeko modalitatean, baina frontoian ere jarraitzen du. bere ibilbideaz gain, Santio festak hizpide izan ditu elkarrizketan.

Elkarrizketa:

Udaberri eta uda paregabea zurea, trinketean…
Gustura nabil, bai. Urtean zehar trinketeko bost txapelketa markatuta izaten ditugu eta horietatik Gipuzkoakoa, lurraldeka jokatzen den Gravni txapelketa, Euskal Herrikoa eta Espainiakoa irabazi ditut. Ez gaude kexatzeko. Abenduko Gipuzkoa mailako banakakoan finalaurrekoa galdu egin nuen, eskuetatik gaizki ibili nintzelako. Baina gero, pixkana eskuetatik errekuperatu eta emaitza onak lortu ditut.

Trinketea ez da pilota modalitaterik ohikoena hegoaldean…
Ez, inguru honetan garrantzia gehiago dauka ezker paretak edo frontoiak. Oraindik behintzat, frontoiko partidak ere jokatzen ditut eta ikusi besterik ez dago frontoian askoz ere jende gehiago biltzen dela. Iparraldean, ordea, trinketeak jarraitzailez beteta egoten dira.

Zein ezberdintasun nabarmenduko zenuke frontoiaren eta trinketearen artean?
Pilotak bereziki. Nik asko sufritu izan dut frontoiko pilotarekin eta horregatik hasi nintzen trinketean. Jokamoldea eta tantoa egiteko era ezberdina da oso, batean edo bestean. Trinketean eskubiarekin jokatzen da gehienbat, leku itxia da eta teilatua duenez, hango formetara egokitu behar da. Partidak gogorrak joaten dira askotan. Frontoiko partidak 22ra bezala, 40ra izaten dira trinketeko gehienak.

Mundialetarako prestatzen ari zara…
Azaro amaieran jokatuko dira mundialak Buenos Airesen (Argentina) eta urriaren amaieran esango digute nortzuk jokatuko duten/gun. 

Argentinarako bidea hartzeko aukerarik ikusten al duzu?
Esperantza badut, batez ere aurten izandako emaitza onengatik, baina oraindik ez dakit. Ea esperientzia hori bizitzeko zortea izaten dugun. Mundu guztiko pilotariak bilduko dira.

Trinketea edo frontoia aukeran?
Trinketean frontoian baino hobeto moldatu izan naiz, baina horrek ez du esan nahi frontoian gustura ibiltzen ez naizenik. Eskuek uzten didaten bitartean, frontoian ere jokatzen jarraitu nahi dut. 

Behar Zana pilota eskolako gaztetxoen begirale zara…
Iaz hasi eta aurten ere jarraitu egin dut lan horretan. Gustura ibiltzen naiz umeekin. Ondo joan da aurtengo denboraldia. Emaitzen aldetik, umeak finaletara iritsi dira eta ilusioa egiten du horrek, lana ondo egiten ari garen seinale da.

Indarrean jarraitzen du pilotarekiko zaletasunak Villabonan…
Bai. Ume asko dugu, baina alebinetatik aurrera zuloa ere badugu. Txikienak aurrera doazen bezala, ea maila guztiak orekatzea lortzen dugun. Umeek aukera asko dute kirol mailan eta askok futbolari ematen diote lehentasuna.

Frontenisa, eskuz binaka edo pala mistoko txapelketak antolatu dituzue Santioetan. Zein erantzun izan dute?
Pala mistoko partidatan jende asko bildu da frontoian eta, alde handiarekin, partida horietarako eman du izena jokalarien gehiengoak. Inguruko gazteek raketan ibiltzeko ohitura handia dute eta frontenisean ere jende dezente aritu da. Eskuzkoan, berriz, federatu gabekoen txapelketa eta afizionatu mailakoena jokatu dira. Frontenis eta federatu gabekoen finala uztailaren 24an izango da Olaederrako frontoian. Pala mistoa eta eskuz afizionatuena, berriz, uztailaren 26an.

Antolakuntzan ez ezik, jokalari gisa ere hartu duzu parte…
Iaz bezala, Villabonako Santiotako afizionatuen mailako txapelketan eta Getariakoan hartu dut parte. Villabonakoan final-laurdenetan geratu gara, finalerdiak jokatuko ditugu Getariakoan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!