“Eguneko festa indartzen saiatzen ari gara”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 31a, 02:00

Juan Lopez de Munain eta Mari Karmen Txapartegi senar-emaztea eta Estebe semea elkartu dira, Goiburu auzoko jaien inguruan aritzeko. 

[Egitaraua] Elkarrizketa:

Auzokoentzat, jaietako zein ekitaldi izaten da politena?

Juan: Gazteentzat, oilasko biltze eguna izaten da politena, zalantzarik gabe. Gainerantzean, igandea izaten da jaietkao egunik osatuena. Jai eguna izanik, jende dezente gerturatzen da auzora. Antzina ere igandeak izaten zuen indarrik handiena. Otordua hartuta, txoko ezberdinetatik etortzen zen jendea. Oinez, asto edo abereen laguntzarekin, eguna pasa eta erromeri giroan murgiltzeko gogoz etortzen ziren. Ikaragarria izaten zen orduan sortzen zen giroa. 

 

Mari Karmen: Sagardo dastaketan ere jende asko biltzen da. Zerbait jateko aukera eskaintzen dutenetik, gainera, festa gehiago luzatzen da.

Estebe: San Esteban eguna, bestalde oso polita ateratzen ari da azken urteetan. Hamaiketakoa, bazkaria, pilota, haur txokoa, musa, toka… Inguruko jendea izaten da, eta giro ederra sortzen da. 

 

Nola bizitzen dituzue zuek jaiak?

M.K.: Jatetxea irekita genuenean lan egitea egokitzen zitzaigun eta jaiak ez genituen ia usaindu ere egiten. Azken gauean, bezeroak joaten zirenean, plazara gerturatu eta dantza pixka bat egin nahi izaten genuen. Musikariak gure zain ere eduki izan zituzten, guk dantza egiteko aukera izan genezan. Jatetxea itxiz geroztik, oso modu ezberdinean bizitzen ditugu jaiak; ekitaldi askotara joaten gara eta gehiago gozatzen dugu. Orain dantzarako indarra gutxitu egin zaigu, baina saiatzen gara hala ere. 

 

Abuztuaren 3a, San Esteban eguna da jaietako egun handia…

J: Beharbada, jaietako igandeak izan du hemen indar handiagoa. Igandean kanpoko jendea etortzen den bezala, San Esteban egunean inguruko jendea izaten da gehienbat. Mezetara etortzeko ohitura ez du galdu zenbaitek; ohitura horiek mantentzea gustatzen zaio jendeari.  

Jaiak iritsi aurretik, prestaketa lanak egin beharra dago…

E: Zortzi pertsona aritzen gara jai batzordean, guztiak ere auzoarekin lotura dugunak. Urte hasieran egiten ditugu lehen bilerak, ekitaldi nagusienak antolatzen hasteko. Izan ere, auzoko jaiak abuztuan dira eta garai bertsuan herri askotako jaiak izaten dira; garrantzitsua da taldeak garaiz lotzen joatea. Ekainetik aurrera, ia astero biltzen hasten gara. 

 

Larunbat arratsaldeko saioak arrakasta polita lortu izan du urtero. Zer izango da aurtengoan?

E: Kaletxikiren aurkako desafioa izan da azken urteotako protagonista. Oso ondo atera da, baina aldaketarako garaia iritsi dela iruditzen zaigu. Berrikuntza bilatzen saiatzen gara beti larunbat arratsaldeko saioan; traktorea arrastaka eramateko erronka, sega desafioa, herri-kirol bereziak…, denetarik egin izan dugu. Aurten ez dugu oso garbi zer egingo dugun, baina litekeena da krosffita eta herri-kirolak uztartuko dituen zerbait prestatzea.

 

Beste berrikuntzarik aurreratzeko moduan al zarete?

E: Hiru andoaindarrek egindako garagardo artisaua probatzeko aukera izango da jaietan. Ez dute salmentarako egiten, etxerako baizik. Aurtengo jaietan dastaketa saioa antolatuko dugu, egiten dutena ezagutzeko aukera izan dezagun. Gainerantzean, eguneko festa indartzen saiatzen ari gara azken urteetan, eta bide horri eutsiko diogu aurten ere. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!