Bitoriari omenaldia Etxeberrietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 26a, 02:00

Erremonte jokalari ikusgarria izan zenari omenaldia eskainiko diote auzokideek datorren uztailaren 30ean, Etxeberrietako jaietan.

Uztailaren 30ean, igandearekin, Cabrejas Memoriala izeneko krosaren ostean ospatuko da omenaldi-ekitaldia. Jai batzordeko kide den Delan Irazuk adierazi du zergatia: “urtero-urtero, kirolari bezala nabarmendu den andoaindar edo etxeberrietar bat izendatzen dugu. Kirolaria izan zenean behar bezala baloratu ez zena izan dadin saiatzen gara: pilotaria, atleta, txirrindularia, emakume futbolaria… Izan ere, konturatuta gaude gizonezkoen futbolaz aparte, gainerako kiroletan ez direla aintzat hartu izan herriko kirolari askoren balentriak, lorpenak…”. Cabrejas izan zen lehenbiziko omendua 2008an, “orduan jende ugari hurbildu zitzaigun galdetuz ea zein izan zen atleta hura. Alajaina, zeinengatik galdezka, eta 70 eta 80ko hamarkadetan altura jauzian Espainiako txapelketa eta marka ugari eskuratu zituenagatik, eta Moskuko Olinpiadetan parte hartu zuenagatik!”.

 

Ezustean

Xabier Bitoria da Etxeberrietako auzotarrek andoaindarren oroimenean ahaztuxea egotetik berreskuratu nahi duten kirolaria, aurtengo jaietan.

Ezustean harrapatu du omenaldiaren asmoak Bitoria. “Ez nuen espero inor gogoratzerik nirekin, urte batzuk pasa direlako saskia utzi nuenetik, egia esanda. Ni pribilegiatu bat izan nintzen, pilotatik bizi nintzelako eta erremonteko pilotazaleek estimatzen nindutelako. Zoriontsua izan nintzen, eta hortik aurrera, sekula ez naiz kezkatu nire izena letra larriz agertu zedin han edo hemen. Errespetua eragiten dit urteak pasa eta gero jendaurrean nabarmendu behar horrek, baina esker onez eta pozik agertuko naiz Etxeberrietako plazan”.   

 

Jokalari ikusgarria 

Bitoriak 2008an hartu zuen erretiroa, 1992az geroztik Galarreta eta Euskal Jai pilotalekuetan makina bat partida jokatu ostean profesional gisa. Arrazoi ugari pilatu ziren orduan: erremontea krisian murgiltzea, familia, arrandegiko negozioa…  

Jokalari izan zen bitartean, kirol kazetariek eta betiko pilotazaleek laudorioak egin izan zizkioten beti Bitoria hizpide hartuta: “Kuadroetako jokalari alaia”, “erremonteko artista eta zientzilaria”, “eskumutur bihurri eta jostalarikoa”, “teknikoki baliabide ugarikoa”...  

1992-2008ko epealdi horretan, erremontean Ezkurra izan zen erregea zalantzarik gabe, baina bere atzetik aritu ziren sei-zortzi pilotarien artean kokatu zen beti Bitoria. 

 Apustuekin lotu-loturik joan izan da erremontea, eta estadistiken arloari erreparatuz gero, Bitoria emaitzarik onenak (%55 garaipen) lortu izan zituen pilotaria izan zen, punta-puntakotzat jotzen ziren Ezkurra eta Izagirre II.aren pare. 

 

Urrezko aroa

Bitoriak, erremontearen urrezko aroa bizitu zuela esan daiteke. Norgehiagokak erruz jokatzen zituzten pilotariek. “Zenbait urtetan, denboraldi bakar batean 120 partida jokatzeko kontratua egin izan ziguten, nahiz eta gero benetan 150era iritsi. Astean lau egunetan programatzen ziren partidak Galarretan eta Euskal Jain. Are gehiago, Santiago egunetik hasi eta iraila bitarte, egunero eskaintzen ziren jaialdiak Galarretan; eskuko edozein frontoik baino pilotazale gehiago erakartzen zuen Hernanikoak; Euskal Herriko errentagarriena zen”.

Diru mordoa jokatzen zen Galarretan, “Gipuzkoako enpresari handi eta txiki ugari bertaratzen zen, eta milioiak (pezetak) jartzen zituzten jokoan arratsalde bakar batean. Gure nagusiek kantxan txorakeria gutxi egiteko eta serio-serio jokatzeko eskatzen ziguten. Nolanahi ere, pilotariok ez genuen zigorraren mehatxurik behar izaten, nahikoa geneukan publikoaren presioa sentitzearekin”.

Atzean geratu ziren garai oparo haiek, eta geroztik Galarretaren eta erremontearen alde saiakerarik egin den arren, beltza ikusten du panorama Bitoriak. “Iraganean apustuek mantendu izan zuten Galarreta zoritxarrez, eta gizartean dirua jokatzearen grina beste eskaintzetara bideratzen hasi zenetik, erremonteak ez du bururik altxatu. Eskua bera ere, bizirik mantentzen bada, telebistari esker da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!