2012 urtean ekin zion bere bideari Desira taldeak…
Unai: Dark Avenue izeneko taldean ibili nintzen aurrena, heavy klasikoa egiten genuen. Hura bukatu zenean, Iñakirekin elkartu eta beste talde bat sortzea pentsatu genuen. Marta Olea etorri zen abeslari bezala eta gitarrista Villabonako beste kide bat hasi bazen ere, hark utzitakoan, Mintxo gehitu zaigu.
Iñaki: 2014 urtean kaleratu genuen lehen diskoa eta 2016ko martxoan bigarrena. Spotify guneanen entzungai daude bi diskoak, baita Youtuben nahiz Facebookeko Desiraren orrian ere.
Taldean hiru kide ginenez, zuzenekoak ematea zaila zitzaigun eta lasai hartzea erabaki genuen. Orain, Mintxo gitarrista taldera etortzea garrantzitsua izan da guretzat. Esperientzia handiko gitarrista da eta musika kalitatean salto handia eman dugu.
U.: Bi urte jo gabe igaro eta gero, Irunen, Oiartzunen eta Azpeitian aritu gara motor jaialdian, baita Alegiako festetan ere.
Zuzenekoekin aurrera jarraitzea al da zuen nahia?
I.: Uztailaren 26ko Santiotako kontzertua da lotuta daukagun azkena. Abuztuan geldialdia egin ondoren, kanta berriak egiten hasteko asmoa dugu. Ilusio horrekin gabiltza, kantu berriak egiteko gogoarekin.
U.: Musikariak izanda, egiten duguna erakutsi nahi dugu eta, alde horretatik, zuzenekoak eskaintzeko gogoz gaude.
Nola definituko zenukete zuen musika?
U.: Erraz entzuten diren kantuak direla uste dugu. Rock alternatibo moduan izendatu arren, estiloa zehaztea ez da erraza izaten. Taldekideok musika estilo ezberdinak entzuten ditugu eta jasotako guztia kanporatzen dugu gero. Kanta berrietan estilo berriak sartuko ditugu.
I.: Gitarrista berriak duen esperientzia eta maila kontuan izanda, instrumentalki kanta indartsuagoak aterako dira.
Kantuak zuon artean osatzen dituzue. Nondik nora?
U.: Hasi eta buka, Desirako kideon artean osatzen ditugu kantuak.
I.: Kantuaren konposaketa gitarraren bidez egiten dugu eta, gitarrarekin batera, melodia sortzen hasten gara. Hitzak baino lehen osatzen dugu melodia.
Melodiari bezala, intentsitateari ematen diozue garrantzia zuen kantuetan…
U.: Marta abeslariak abesbatzan abestu izan du beti eta aurrez, akustikoagoa zen beste talde batean ere aritzen zen. Musika gogorra ere gustuko duenez, gurekin hasi zen. Oso ahots indartsua du.
Uztailaren 26an Santio festetan arituko zarete…
I.: Ez genuen halakorik espero. Talde ezagunen artean, izena ematea erabaki genuen eta, Kaotikorekin batera, bozketan bigarren eta hirugarren postuetan geratu ziren taldeak ekarrita, aurrekontuak gora egiten zuenez, –eta herriko talde bakarra ginenez–, guri esan ziguten. Laugarren geratu ginen bozketan. Ilusioa egin zigun eta gustura arituko gara.
Unai: Orain lau urte ere jo genuen Santio festetan, Desiraren lehenengotako kontzertua izan zen. Gogotsu gaude orain, berriz ere. Herrian jotzea beti da polita.
Nolakoa izango da Errebote plazan eskainiko duzuen kontzertua?
I.: Ordubete ingurukoa izango da eta kontzertu jarraia eta intentsoa izaten saiatuko gara. Sorpresaren bat ere egongo da, bertsioren bat tartekatuko baitugu. Herrian bertan, horrelako eszenatoki batean eta gauez jotzeak asko motibatzen gaitu.
U.: Astean zehar egokitzen da, baina Gazte eguna denez, Villabonako gazte jendea behintzat egongo da.
Herritarrak kontzertura gerturatzeko deiren bat?
U.: Kontzertua entzutera adin ezberdinetako jendea etortzea gustatuko litzaiguke. Ez da gazte jendeari bakarrik zuzendutako kontzertua. Zer eskaini badaukagula uste dugu.
I.: Gaur egungo kontzertuak ez dira lehengoak bezalakoak. Gazteagoak ginenean, kontzertuetan jende asko izaten zen, baina egun, irratian entzuten diren talde ezagunenak kenduta, ez da jende askorik biltzen. Agian taberna edo botelloiko giroak hoztu du kontzertuetakoa. Nik faltan botatzen dut lehengo giro hura.
Gazteen artean entzuten den musika mota aldatu egin da azken urteotan…
U.: Orain, orokorrean, beste musika estilo bat entzuten da. Gaztea irratian, esaterako, ez da musika heavyrik entzuten. Irratiak eragin handia du gazteek entzuten duten musika estiloarengan.
I.: Saltzen den musika jartzen du irratiak, ez du egungo gazte talde alternatiboek egiten duten musika bultzatzeko lanik egiten. Gaztea maketa lehiaketan ere antzeko zerbait gertatzen da. Bertako gazte taldeei laguntzeko partxe modukoa da. Irabazle ateratzen diren taldeek egun entzuten den musika mota egiten dute. Saltzen den musika promozionatu nahi dute. Lehen, kontzertutik kontzertura ibiltzen ginen eta talde asko ezagutzen genuen, baina egun ez dago horrelakorik.
Zer diozue parranda giroan tabernetan entzuten den musikaz?
I.: Globalizatu egin da dena, baita musika ere.
U.: Mundu mailan entzuten den musika entzuten da herriko festetan ere. Números uno deitzen dieten horiek denak entzuten dira etxe ondoko tabernan ere.
I.: Gazteak kontzertura etortzea animatuko genituzke lehenik eta musika-tresnaren bat jotzen badute, lagunekin elkartu eta beraien musika egitera. Gustatzen zaiena entzun dezatela, ez egun entzuten dena.
Zein musika mota entzuten duzue zuek?
I.: Gure garaiak markatu diguna, kontzertu eta tabernetan entzuten genuen musika edo gure etxekoek transmititu digutena. Baina egun entzuten den musika belaunaldietan zehar transmititzen bada, zerbait galdu egingo dela iruditzen zait.
U.: Zentzu batean, musikak pertsona egiten du. Hezi zaren giroko musika mota entzungo duzu, hori gustatuko zaizu eta horrek zure gaztaroa gogoratuko dizu. Nik adibidez, metalarekin batera, euskal musika herrikoia asko entzuten dut, –Benito Lertxundi, Pantxoa eta Peio…–, gure sustraiak dira. Euskal kantu zaharretan, adibidez, letrek ia erabateko garrantzia daukate. Etxean txikitatik entzun ditut aitaren aldetik eta betidanik gustatu izan zaizkit.
I.: Nik ere denetik entzuten dut. Hori da, azken batean, aberasten eta ideia berriak sorrarazten dizkiguna. Bai betiko kantu herrikoiak, frankismo garaian oinarritutakoak edota egun egiten direnak. Letrak egiteko garaian, arrazoi bat edo ideia horiek sortzera bultzatzen zaituen mugimendu sozial bat badago, askoz ere errazagoa da. Egungo bideari jarraituta, ordea, denak berdina jan, berdin jantzi eta berdina entzuten dugun puntura iritsiko gara. Zertaz hitz egingo dugu orduan?
Desirako kideak
• Unai Mujika bateria.
• Iñaki Goikoetxea baxua / gitarra.
• Marta Olea ahotsa.
• Mintxo gitarra.
Musikari lotuta, gaztetxotatik
Unai Mujika, Donostiako eskola batean hasi zen bateria jotzen ikasten, 16 bat urte zituela. “Orduz geroztik, –egun 29 dauzkat–, bateria jotzen jarraitu dut. Dark Avenue taldean hasi nintzen aurrena. 18 urterekin eman nuen lehen kontzertua Irungo Sala Tunken. Taldea desegin eta gero, geldialdi txiki baten ondoren, Desira taldea sortu genuen”. Iñaki Goikoetxea, berriz, 13 urterekin hasi zen baxuko eskolak jasotzen. “Nunbait taldearekin eman nuen lehen kontzertua 17 urte nituela, Villabonako gaztetxe zaharrean. Heavy metala egiten genuen. Hura bukatutakoan, Desira taldean hasi nintzen”.
Laburrean
Jaietako egun bat?
Unai: Koadrillen eguna. Gazte nahiz heldu, herri osoa elkartuta, egun polita izaten da.
Iñaki: Gazte eguna. Onddo gazte asanbladak indarra hartu zuenetik Gazte egunaren dinamikarekin jarraitu da eta oso giro ona sortzen da gazte jendearen artean.
Ekintza bat?
U.: Kontzertuen zain egoten naiz beti; zein etorriko, zein ez. Eta aurten gu!
I.: Oso oroitzapen onak ekartzen dizkit Gazte egunean Elektrotxarangarekin sortzen den giroak.
Eguna edo gaua?
U.: Eguna. Egunez atera eta gero gerokoak.
I.: Eguna. Jaietako egitaraua egunari begira antolatuta dago. Egunez izaten dira ekintzarik potoloenak.