Santioak 2017

Suziria eta deia, odol-emaileen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 23a, 02:00

Odol-emaileen elkarteko kideak arduratuko dira aurtengo Santio jaietako suziria botatzeaz. Harrituta, baina pozik hartu dute gonbidapena.

Orain 35 bat urte, Zizurkilen sortu zen Odol-emaileen taldea eta garaiko medikuaren etxean biltzen ziren hasieran taldekideak. Gerora, Villabonan Txermin auzoko osasun etxea zabaldu zutenean, bertara etorri ziren. Amasa-Villabonako herritarrez gain, Zizurkil nahiz Adunakoak ere biltzen dira eurekin hasieratik, Oria behe bailarako departamenduetako bat da. Pili Zapirain billabonatarra orain 22 urte hasi zen taldean bolondres lanetan, Marisa Gaztañagarekin batera. Nieves Berasategi, berriz, duela 17 urte. Azken hau taldeko bozeramailea da azken urteotan. Urte asko daramate taldean eta oso gustura sentitzen dira bertan. “Armonia behar da boluntario talde batean lanean aritzeko. Harreman eta giro ona dugu gure artean eta horrek asko laguntzen digu aurrera egiten”.

Bi hilabetez behin
Hilabete pareetako (otsaila, apirila, ekaina, abuztua, urria, abendua) azken ostiraletan, 18:00etatik 20:30era, elkarteko hamaika pertsona aritzen dira Villabonako anbulatorioan odol-ateratzeak antolatzen. “Bederatzi kamilla jartzen dira txanda bakoitzean, baina odola eman aurretik, mediku eta erizainek galdetegi zabala eta froga ugari egiten dizkiete emaileei. Kontrola zorrotza da eta hala izan behar du gainera, pertsona baten odola ematen baitzaio besteari”, adierazi du Nieves Berasategik. Villabonako odol ateratzeek badute ezaugarri bat, odola eman ondoren, emaile bakoitzari ogitarteko beroa eskaintzen zaiola, nahi duenak, baso ardorekin. “Gizarte Zerbitzuen baitako taldea gara gu eta haiek arduratzen dira ogitartekoak ordaintzeaz”. Pili Zapirain odol-ateratze saio guztietara gerturatzen da anbulatoriora, bera arduratzen delako emaileen karnetetan datak jartzeaz. Gainerako taldekideak txandakatu egiten dira. Marisa Gaztañagaren ustez, odola atera aurretik egiten diren frogak oso garrantzitsuak dira. Odol-emailearen karnetean, besteak beste, bakoitzaren odol mota zehazten da, “eta hori oso baliagarria da istripu baten aurrean, esaterako”.

18-65 urte bitartean
Herritarrek, oro har, deialdietara ondo erantzuten dutela diote, baina nagusiki, dei bereziren bat dagoenean gerturatzen direla nabarmendu dute, “gainontzean gehiago kostatzen da haiek erakartzea” eta hori orekatzea lortu nahiko lukete. Otsaila eta urria izan ohi dira odol-emaile gehien biltzen dituen hilabeteak. Kopurua zehaztea ez da erraza, aldakorra izaten baita, baina bataz beste, 60 bat lagun kalkulatu ditu Pili Zapirainek saio bakoitzean. 25, 40, 50, 60 edo 70 aldiz odola eman duten pertsonei omenaldia egiten zaie urtero, bazkariaz gain, domina eta oroigarriak emanez.
Diotenez, 18 urte betetzean, ilusio handiarekin hasten dira gazteak odola ematen. Baina gerora, gehiengoak ez du aurrera jarraitzen. “Odola emateko adin-tartea 18 urtetik 65 arte luzatzen da. 65etik aurrera, bakoitzaren osasun egoeraren arabera luza daiteke tarte hori. Emakumeek urtean hiru aldiz eman dezakete odola eta gizonek lautan”, zehaztu dute. 

Poltsa bat, hiru bizitza
Odol poltsa batek duen garrantziaz ere mintzatu dira eta poltsa bakoitzak hiru bizitza salba ditzakeela argitu du Nieves Berasategik. “Transplanteez hitz egiten da maiz, baina odol poltsatik hasten da guztia, odolik gabe ez baitago aplikazio posiblerik. Ebakuntzetarako nahiz minbiziaren tratamenduetarako ere erabiltzen da odola eta poltsa asko behar izaten da. Baina odola ez da iturria irekita ateratzen, eta jendea horretaz konturatzea beharrezkoa da”, dio. 

Festa eta aldarria
Santio jaiei begira, festak disfruta ditzatela opa diete herritarrei. Taldekideek harrituta eta ezustean jaso dute suziria botatzeko proposamena. “Baina odola behar duenari edo etorkizunean inori falta ez dakion gure mezua zabaltzea garrantzitsua delako, baiezkoa erantzun dugu”. Egunak aurrera doazen bezala, suziria botatzeko gero eta ilusio handiagoa dutela diote. “Festa giroari kolorea jartzen saiatuko gara eta guk ere ospatu egingo dugu gero”. Baina noski, aldarri egiteko ere aprobetxatuko dute uztailaren 24ko tartea, “urtean sei txanda bakarrik izaten dira eta oso garrantzitsua da egun horietan odola ematera gerturatzea. Kontsekuente izan dadila jendea: ematen ez bada, ezin baita jaso”. Eta dei berezia egin nahi diete gazteei, “haiengan baitago etorkizuna”.

ODOLA EMATEKO AUKERAK
Eskualdeko herritarrek, Gipuzkoa osoan zehar eman dezakete odola. Bakoitzari ondoen datorkion lekuan:
• Villabonako osasun etxean, hilabete pareetako azken ostiraletan.
• Andoain edota Tolosako anbulatorioetan hilabetero.
• Asteasuko Kultur Etxean hiru hilabetez behin.
• Donostiako Manuel Lekuona kaleko zentralitan egunero.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!