Burdina taldea, udan ekimen betean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 23a, 02:00

Urteko sasoi honetan pilatzen zaio lan gehiena Burdina taldeari. Andoainen, Asteasun, Areson, Elduainen eta Leitzarango bailaran hainbat lan eremu dauzka jarrita abian oraintxe, ondare historikoa berreskuratu eta argitan jartzeko asmotan. Alfredo Moraza arkeologoaren zuzendaritzapean, esaterako, zeramika zatiak topatu dituzte Ulizarko kobazuloan.

Ulizarko kobazuloa
Badira urte batzuk Aresoko Ulizar kobazuloa industeari ekin ziotela Burdina taldeko boluntarioek. Berriki ekinaldi berri batean jardun dute, Alfredo Moraza arkeologoaren zuzendaritzapean. Zeramika zatiak topatu dituzte bertan, Brontze eta Burdin aroen artean koka daitezkeenak, orain 2.500 urte egindakoak gutxi gora-behera. 
Leize-zuloa Ulizar mendiaren magalean kokatzen da, eta atal historiko ugari gordetzen ditu berarekin. Aresoko herrian eta inguruetan historian zehar transmititu izan diren testigantzen arabera, kobazulo horretan akelarreak ospatzen ziren, eta XVII. mendearen hasieran inkisizioak prozesua ireki zuen, herriko hainbat emakumeri sorginkeria praktikatzea leporatu eta horiek atxilotu ostean; absolbituak izan ziren azkenean. Hipotesien artean, ezin da baztertu ondorengo urteetan Ulizarko mendi gain-gainean eraiki zen Santa Krutz ermitak helburu jakin bat izatea: eliza ahalguztidunaren irudia herritarren begi bistan jartzea, alegia.  
Leku estrategikoan kokatuta egoteagatik, leize-zuloa armen ezkutaleku gisa erabili zen XVIII. eta XIX. mendeetan gertatu ziren gerretan (independentziako gerra, karlistadak…). Karlisten azken gudaren ostean, agintariek leize-zuloa leherrarazi eta ixtea erabaki zuten.
Burdina taldeak 2014an egin zituen lehenbiziko zundaketak paraje horretan. Batetik, Ulizar mendi gaineko Santa Krutz ermita zaharraren aztarnak topatu zituen. Eta bestetik, aipatu leize zuloan, Burdin aroko zeramika piezak topatu zituen lehenengo aldiz; kanpaina hartan egindako lorpenei esker, Ulizarko eremu hura guztia Nafarroako Inbentario Arkeologikoan sartu zen.

Pagamendin, gotorlekuaren garbiketa lanak
Andoaingo Pagamendiko inguruak garbitzen aritu dira Burdinako boluntarioak aurreko asteetan zehar. Abuztuan zehar, berriz, bigarren faseari ekingo diote. Indusketa lanak egingo dituzte hain zuzen, Aranzadi elkarteko Alfredo Moraza arkeologoaren ardurapean eta Andoaingo Udalaren laguntzarekin. Prozesuaren amaieran, aurkitutako guztia herritarrei jakinaraziko zaie, ohi denez. Informazio panela ipini eta bisita gidatuak antolatzea pentsatua daukate, besteak beste.
Pagamendin gotorlekua eraiki zen I. Guda Karlistan, 1840ean. Leizotz auzoan kokatzen da, egungo hilerritik gertu. Pagamendiren balio estrategikoa zela-eta, bere punturik garaienean gotorlekua eraiki zuten; soldaduentzat defentsarako lubakiak eta kanoiak ezarri ziren inguruan. Gerra amaitu ostean, berriz, agintari militarrek eraikuntza guztiak birrintzea agindu zuten.
Gaur egun, gotorlekua izan zenaren berri ematen duten froga ugari topa daiteke. Lubakien aztarna fisikoez gain, bailarako jendeak Gazteluko Ttonttorra deitu izan dio beti leku horri. 
Bestalde, Guda Karlisten garaian Andoainen eraikitako gotorlekuak aztertu dituzten historialariek lekuari buruzko zenbait agiri historiko topatu ahal izan dituzte (Las fortificaciones de la época carlista en Andoain. Egileak: Alfredo Moraza, Javier Buces eta Miren Garcia. Leyçaur 12 aldizkaria). 

Elduainen eta Asteasun
2015ean ekin zioten Elduaingo Sales bailaran ahaztuta zegoen Errotazar errota berreskuratzeari, eta aurtengoan jarraipen lanak egingo dituzte. Ezaugarri bereziko errota da, ura ateratzeko bi errotape baitzituen. Azken hamar urtetan, errota horretaz gain, Burdinak bost karobi zaharberritu ditu Elduainen.
Antzeko lanak egingo dituzte Asteasun ere, Elizmendiko garbitokian.  

Leitzaran bailaran
Leitzarango bailaran zenbait auzolandegi kokatuko ditu Burdina taldeak hurrengo asteetan. Garbiketa eta kontserbazio lanak egingo dituzte horietan, gehienbat. Besteak beste, Mustarreko burdinola zaharra kokatu zen parajeko bazterrak garbitzen jarraituko dute, aurreko urteetan bezalatsu. 

Ortzaikan karea egitea
Ortzaika baserriko (Goiburu auzoa) karobia piztu eta bertan karea egingo dute Burdinako kideek urrian, bigarren urtez. Iaz pilatu zuten eskarmentuaz baliatuko dira, asteburu oso batean karea egiteko eta zeregin horren nondik norakoak deskribatzeko bertara azaltzen diren herritarrei.

Herritarrei zabaltzea
Arbasoek eraikitako ondare historikoa auzolanean berreskuratu eta txukundu ostean, herritarrei jakitera ematea da Burdinaren azken pausoa, eta atal horretan sakontzeko asmotan da. Taldea beti agertzen da prest antolatuta dauzkan auzolandegiei buruzko azalpenak emateko, hala eskatuz gero. Joan den asteartean, konparazio batera, Saharatik Buruntzaldera uda pasatzera etorri berri diren sei haurrekin bisita gidatua antolatu zuten, Leitzarango Txotaneko meategietan barrena. Meategien aztarnen eta meatzarien bizimoduaren gainean azalpenak jaso zituzten, eta aldi berean, pala eta aitzurrak hartu eta Burdinako boluntarioen gisa lan egiteko aukera eduki zuten haurrek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!