J. Jauregi harategiak ateak itxiko ditu aste honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 24a, 02:00

1947an zabaldu zuten Jauregi harategia, orain dagoen toki berean. Jose Joakin Jauregik du orain harategiaren ardura eta uztailaren 29an itxiko du, erretiroa hartuta.

Duela 70 urte, Bixente Jauregi gabiriarrak zabaldu zuen harategia, Andoaingo Kaleberrian. Jose Joakinen osaba zen Bixente. “Handik gutxira, harategia ondo zihoala ikusita, beste bi anaia etorri ziren Gabiriatik Andoainera: Ignazio eta Luziano. Ignaziok igeltsero lanari ekin zion eta Luziano, nire aita, harategian hasi zen”. Bixente Segurara joan zen geroago eta honenbestez, Luziano Jauregik hartu zuen harategiaren ardura.
Gabiriko Inaxi Atinekin ezkondu zen Luziano, eta 1951n jaio zen Jose Joakin. Txiki-txikitandik ekin zion harategiko lanetan laguntzeari: “Gogoan dut, esaterako, zortzi bat urte nituela nola laguntzen nion aitari arkumeak hiltzen. Arkumeak lotuta egoten ziren, baina aitak estu-estu heltzeko esaten zidan, eta nire indar guztiarekin saiatzen nintzen”. Orain baino araudi lasaiagoa zuten orduan harategiek eta salmentarako zuten tokiaren atzealdean hiltzen ziren arkumeak, oilaskoak edota untxiak. Bertan egiten zituzten, baita ere, txorixo, odolki, txistorra eta bestelakoak. “Estimazio handia izaten zuten, esaterako, nire amak prestatutako tripakiek”, azaldu du Jose Joakinek.

Banaketa, bizikletarekin
Eskola garaian ere, harategian laguntzen aritzen zen Jose Joakin: “Otorduak eskaintzen zituzten taberna asko zegoen inguruan; Bar Inazio, Lagunartea, Danena, Julian, Exkerrenea, Uranga… Haragi asko banatu beharra izaten zen eta niri egokitzen zitzaidan, bizikleta hartuta, batera eta bestera joatea. Haserretu egiten nintzen batzuetan, nahiago nuelako Bekoplazan lagunekin jolasten aritu, banaketa egin baino. Tarteka, bizikleta hartu eta lagunetara joaten nintzen”, dio umoretsu.
Goizean goiz zabaltzen zuten harategia Jose Joakin haurra zenean. Inguruko baserrietatik herrira gerturatzen ziren baserritarrak euren produktuak saltzera eta, etxera itzuli aurretik, erosketak egiten zituzten: “Kontu kontari egoteko ere aprobetxatzen zuten. Herriko berrien inguruan aritzen ziren, gurekin edo baita bezeroen artean ere”.
1966an Jauregi harategia zegoen etxea bota egin zuten, berria egiteko. “Aldameneko etxean bazegoen aurrez harategi izandako lokal huts bat, Gabinorena, eta bertan aritu ginen lanean, harik eta etxe berria eraiki, eta 1967an, lehengo tokira itzuli ginen arte”.  

Aita, irakasle
Luziano aitaren aldamenean ikasi zuen ofizioa, baita baserriz baserri ibili eta haragia erosten ere. “Txekorrak erostera joaten ginen baserrietara. Andoainen bertan zegoen orduan hiltegia, gainera. Arkumeak erostera ere joaten ginen, artzainarengana, goizean goiz jaikita. Kotxean ia 30 arkume sartutako egunen bat ere izan genuen: Atzeko eserlekuan, goiko parrillan, autoaren aurrealdeko maleteroan…, txoko guztiak aprobetxatzen genituen ahalik eta arkume gehien ekartzeko”.
Betidanik zaindu izan du Jose Joakinek harategirako erosten zituen txekorren kalitatea: “Txekorren errendimendu maila zaindu izan dut. Apuntatzeko ohitura ere izan dut, eta nire lan ibilbidean errendimendurik onena eman didan txekorra, Andoaingo Talai baserrian, 1984ko apirilean erositakoa izan zen”. Txekorra bizirik ikusitakoan, ez da beti erraza izaten gero zenbat haragi emango duen antzematea: “Batzuek grasa gehiago izaten dute, beste batzuek hezur handiagoak… Nolanahi ere, haragi gutxixeago ematen duten txekorrak ere izan daitezke kalitate handikoak, noski”.

Zorigaiztoko istripua
Luziano aitak ebakuntza bat egin behar zuela eta, harategiko lanetan gehiago trebatzen hasi zen Jose Joakin ,1971 urtean. “Aitaren ebakuntzaren ondoren, soldaduska egin, eta harategiko ardura nik hartzea zen gure asmoa. 1973 urtean, ordea, ezusteko larria izan genuen familian. Auto istripu larri baten ondorioz, hil egin ziren aita eta ama. Istripua gertatu eta egun gutxira hartu behar izan nuen harategiko martxa”. Maria Angeles, 14 urteko arreba eta biak geratu ziren bakarrik. “Bezeroak ikaragarri ondo portatu ziren gurekin. Harategira etortzen jarraitu zuten eta beti izango dut hori gogoan”.
Gabiriko Joani Iztuetarekin ezkondu zen Jose Joakin 1976an eta biak aritu izan dira geroztik harategian ere. “Borondate handia izan zuen Joanik lanbidea ikasteko. Tailer batean aritzen zen hona etorri aurretik, eta hutsetik hasi zen ofizioa ikasten. Asko eskertzen diot berak egindako ahalegin eta lan guztia”.

Uholdeak
1983ko uholdeak ere gogoan ditu Jose Joakinek. “40 zentimetro ingurura iritsi zen uraren altuera gure lokalean. Orduan ere, jendearen laguntzari esker lortu genuen aurrera egitea”, eskertza hitzak ditu Jose Joakinek. 1987an iritsi zen harategian egindako azken aldaketa handia. Marmolezko mostradoreak kendu eta bitrina jartzea derrigortzen zituen legeak. Aldaketa gehiago egiteko ere aprobetxatu zuten: kamarak berritu, sukalde eta obradorea egokitu… Huraxe izan zen azken obra potoloa.

Aldaketak
Saltoki txikiek lan handia egiten zuten garaia ezagutu du Jose Joakinek, baina beherakada bizitzea ere egokitu zaio. “Gogoan dut Oiartzunen Mamut ireki zuten momentua. Saltoki handietan lehendabizikoa izan zen. Geroztik, ikaragarri aldatu da kontsumitzeko modua, baita jateko modua ere. Garbi dut harategi txikietan gehiago zaintzen dela produktuaren kalitatea eta baita bezeroari ematen zaion tratua ere”.

Itxiera
2017ko uztailaren 29an itxiko ditu ateak Jauregi harategiak. “Betidanik ezagutu izan dut harategia, eta pena handia emango dit itxita ikusteak, oso lanbide polita da. Gazteak gisa honetako negozio batean sartzea, ordea, oso zaila ikusten dut. Babes handiagoa behar dute denda txikiek”. Nolanahi ere, salgai dauka harategia Jose Joakinek. 70 urtez irekita egon den harategiari jarraipena emateko aukera, zabalik dago beraz. Jose Joakinek eta Joanik ez du amaitu nahi harategitik pasa diren bezero guztiei eskerrik beroenak eman gabe.

--

1973ko istripu larri hura
Istripu larria izan zen 1973ko martxoaren 11n Andoaingo Otieta zubiaren inguruan. “Bi bikote eta bi ume zihoazen autoan; nire gurasoak, gure harategian lan egiten zuen emakumea eta haren senarra, eta haien bi umeak. Pista batean barrena zihoazela autoa amildu, eta lau helduak hil egin ziren. Egun beltza izan zen hura Andoainen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!