Oihan Tolosa gaztea, Asteasuko cowboya

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 23a, 02:00

Etxetik datorkio Oihan Tolosa gazte asteasuarrari zaldi gainean ibiltzeko zaletasuna. Western modalitatean ari da buru-belarri zortzi urte zituenetik.

Zein da westernaren funtsa?
Ganaduarekin egiten da lan, Estatu Batuetako Mendebaldean egiten den modura. Ahalik eta azkarren gidatu behar da ganadua, itxitura baten barruan sartu arte. Txapelketatan, behi bakoitzak zenbaki bat izaten du, eta lehiaketako epaileek, zenbaki konkretu bat duen behia gidatzeko eskatzen digute. Lana azkar eta txukun egiten duenak irabazten du. Korrikaldi luzerik ez dugu egiten zaldi gainean; hori baino garrantzitsuagoa da mugimendu azkarrak egiteko abilezia izatea. Zaldia eta zaldunaren arteko harreman sendoa oso garrantzitsua da.
Bestalde, egoera konkretuetan ganaduak nola erreakzionatuko duen antzematea ere oso baliagarria da. Urteen poderioz, arituaz, ikasten da hori guztia.

Nola iritsi zineten westernera?
Aita aspaldidanik ibiltzen zen zaldi gainean, baita lasterketatan ere. Mundu horretan sartuta, westernaren inguruko ikastaroa egin zuen, Kataluniako irakasle batekin. Behirik gabeko saioak egin zituen lehendabizi, eta ganaduarekin hasi zen geroago. Lehen txapelketan parte hartu zuenean, ikaragarri gustatu zitzaion, baita niri ere. Etxean betidanik ibili izan gara zaldi gainean behiak batetik bestera mugitzen, eta oso erakargarria egin zitzaigun ganaduarekin lan egiteko modu hori. Oso bizia da, azkarra eta dibertigarria.

Itxurak ere garrantzia berezia du westernean…
Bai, asko zaintzen dute hori. Txapelketatan, derrigorrezkoa da janzkera zaintzea. Alkandora manga luzea ondo-ondo lotuta eraman behar da, galtza bakeroak, bota eta gerriko bereziak, eta baita cowboy kapela ere. Hemezortzi urte azpikook kaskoa jantzi behar izaten dugu, beste guztiek, kapela. Itxura horrek ere ikusgarritasuna ematen dio modalitateari.

Noiz hasten da denboraldia?
Duela urte batzuk, urte osoan zehar izaten genituen lehiaketak. Bartzelona, Madril, Bieskas, Mallorka…, toki askotara joaten ginen. Hori, ordea, nahiko neketsua izaten zen. Denbora asko behar da zaldiekin bidaiatzeko, haien deskantsurako tarteak errespettu behar dituzulako. Egun bakarreko lehiarako, hiru edo lau egun behar izaten genituen joan-etorriak egiteko. Orain, hemen inguruan antolatzen diren saioetan aritzen gara gehienbat.
Euskal Herrian, lau froga izaten dira urtean. Maiatzean hasi eta iraila arte luzatzen da denboraldia. Aurten, Espainiako txapelketa jokatzeko txartela eskuratu dugu eta Amorebietako Kati-bi hipikan izan gara. Azaldu beharra dago, bestalde, western modalitatean, lehiaketa ezberdinak egiten direla; goizez bakarkako frogak egiten dituzte, eta arratsaldez taldekakoak. Aita eta biok, Bidaniko Garikoitz Lasarekin batera aritzen gara taldea osatuta.

Zaldien arrazak ere garrantzia al du modalitate honetan lehiatzeko garaian?
Mugimendu azkarrak egin ahal izateko, komenigarria da zaldia indartsua eta bajua izatea, baina ez dute arraza bat bestearen gainetik lehenesten. Quarter horse, apaloosa edo painta izaten dira ohikoenak. Guk quarter horse edo cuarto de milla deiturikoak ditugu. Garai batean ez zen erraz horietakoak lortzea, orain asko dago hemen inguruan, asko ugaritu dira. Zaldi ona baduzu, eta ondo entrenatuta badago, instintoz lan handia egiten jakiten dute, guri laguntza handia emanez.

Arriskutsua al da westerna?
Zaldi lasterketek baino arrisku gutxiago dute, abiadura ere ez delako horrenbestekoa izaten. Noizean behin ezusteko txikiren bat gerta daiteke, baina normalean ez dira larriak izaten.

Zenbat abere dituzue etxean?
Hemeretzi ditugu guztira, baina horietatik sei dira gehien ibiltzen ditugunak. Konpetiziorako bi ditugu eta beste bi mendian ibiltzeko, ar zikiratuak. Horiez gain, muxal gazteak ere baditugu; haiei erakutsi egin behar izaten zaie eta horrek ere ematen du bere lana. Gainerakoak, behorrak dira, muxalak egiteko ditugunak. Hemen ez da lanik falta izaten, ez da inoiz bukatzen. Aita eta bion artean moldatzen gara.

Entrenamendu saio asko egiten al duzu?
Bai, gauzak ondo egin nahi izanez gero, egunero-egunero ibili behar da zaldi gainean. Ordubeteko saioak egiten ditut, gutxienez. Igandetan, berriz, Zizurkilgo Muga-Ranch hipikara joaten gara aita eta biok. Hango pista gure etxekoa baino handiagoa da eta gustura ibiltzen gara bertan, gure kabuz.
Horrez gain, Euskal Western elkarteko kide ere bagara, eta interesgarriak iruditzen zaizkigun ikastaroak antolatzen ditugu. Ondo etortzen da tarteka horrelakoetan parte hartzea.

Zein egoera bizi du westernak Euskal Herrian?
Nahiko indartsu dagoela esango nuke. Berrogeita hamarretik gora gara Euskal Western elkartean, Euskal Herriko naiz inguruko lurraldeetako zaletuak guztiak ere. Oso giro polita dugu gure artean. Elkarren aurka lehiatzen bagara ere, lagunak ere bagara, eta hori asko zaintzen dugu. Txapelketei dagokienez, Zaldibarko txapelketa izan da sona handienekoa. Iaz, Muga-Ranchen antolatu zen lehendabiziko aldiz, eta guk ikaragarri eskertu genuen etxetik hain gertu izatea. Muga Ranchen bertan izan dut Euskal Herriko txapelketa, uztailaren 2an.
Gainerantzean, Euskal Herritik kanpo, Katalunia da westernean lurralderik indartsuena. Txapelketa asko dituzte, ia astero, eta maila handiko jende asko dute bertan. Italia, Frantzia…, zaldien inguruko kultura duten beste herrialde asko ere badago Europan.

Westernaz gain, zaldi-gaineko beste modalitaterik egiten al duzu?
Paseoak egitera joaten naiz noizbehinka. Horrez gain, urtero ibilaldi luze bat egiten dugu zaldiekin, lagunartean. Hamabost bat egun igarotzen ditugu, lotarako zakuak hartuta. Oso polita izaten da, nahiz eta nekagarria ere baden.

Etorkizunean jarraitzeko asmoa al duzu?
Zalantzarik gabe, oso gustura nabil. Nire ametsen artean dago, bestalde, noizbait Texasera iristea. Denboralditxoa egingo nuke han, nola lan egiten duten ikusi eta ikasten. Ez dakit noiz, baina noizbait egingo dut bidaia hori.

Noiz eta nolaz hasi zinen zaldi gainean ibiltzen?
Betidanik ibili izan naiz zaldi gainean, txiki-txikitatik. Aitak zaletasun hori du, eta nik beti ezagutu izan dut giro hori etxean. Lehia, berriz, beranduxeago etorri zen, zortzi urte nituela. Aita western modalitatean zebilen ordurako, eta ni tartean izaten nintzen beti, aitaren saioak ikusten eta animatzen. Zortzi urte nituenean hartu nuen parte lehendabiziko lehiaketan, Madrilen. Federazioarekin borrokatu behar izan genuen lehiaketa hartan parte hartzeko baimena eman ziezadaten. Ikaragarri gustura ibili nintzen, eta orain, 17 urterekin, zaletasunari eusten diot.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!