Eta gertuko proba garrantzitsuak bezalaxe, baita 2018a ere. Euskadi Murias taldea mailaz igoko baita, eta Mikel Iturria urnietarrak Euskal Herriko Itzulia, Kataluniako Volta edota Espainiako Vuelta korritzeko itxaropentsu dago. Denboraldiaren lehen zatian lesio batek lehiatik kanpo utzi bazuen ere, hurrengo bi asteetan aukera berriak irekiko zaizkio.
Azken bi hilabeteetan gauza asko pasa zaizkizu. Egiguzu laburpentxo bat...
Denboraldiko lehen sasoi puntu ona lortzear, erori egin nintzen Madrilgo Itzulian. Maiatzaren 6a zen. Erradio burua hautsi nuen. Hamaika egun egon nintzen beso-euskarriarekin. Beste hiru egun zain egon fraktura sendotzeko, eta berehala entrenatzen hasi nintzen. Portugalen proba batean ondo aritu nintzen, Beñat Txoperena taldekideari laguntzen. Gero Route du Sud korritu nuen, itxaropentsu. Aurrean ibili nintzen lehen etapan, ihesean Movistar-eko Richard Carapazekin, baina atzean utzi ninduen, ziur aski beroagatik, eta nekatu samar joan nintzelako, gehitxo entrenatuta. Gero, Espainiako txapelketan, ihesaldian ibili nintzen egun osoan, eta 15. postuan sailkatu nintzen.
Eta orain zer?
Ordizia, Burgos eta Limousin. Ondo nago. Navacerradan egon naiz, altueran entrenamendu onak egiten. Zenbakiek esan didate iazkoak hobetu ditudala, sentsazioak ere onak izan dira, eta orain zenbaki horiek lasterketan erakusteko unea da.
Ze emaitza lortu nahi zenuke Ordizian eta Burgosen?
Egun onak eduki behar... Altueran ibili eta gero, gorputzak halako bajoi bat edukitzen du, presio aldaketagatik, edo nekeagatik, eta egun hauetan pasa dut. Hurrengo egunetan berriro gorputza zigortu, eta lehiatu. Iaz, Ordizian ihesaldian ibili nintzen egun osoan, eta gero 20 aurrenekotan sartu nintzen. Garbi daukat Pro-Tour mailako jendearekin ibiltzea ia ezinezkoa dela: Simon Yates eta Movistar taldekoak. Horien atzetik iristen den taldean egon nahi nuke, Top 10a egin. Eta Burgosen antzera. Aurten ez dago taldekako erlojupekorik, eta horrek mesede egiten digu. Sailkapen nagusian lehen hamarretan sartu nahi nuke. Iaz 16. izan nintzen, Route du Sud-en 11. nagusian. Nabaritzen da 11. edo 16. izan, edo lehen hamarren artean sartu. Jendeak arreta gehiago ematen dio, 10 onenen artean sartuz gero proba erabakitzen denean onenen multzoan zaudela esan nahi duelako. Ikusiko dugu ze parte hartze dagoen Burgosen.
Etapa garaipen bat ezinezkoa da ia...
Bai, tarte handia dago gure maila eta Pro-Tour artean. Ez gaude ohituta haien mailara, eta buruz buru aritzean jauzia itzela da. Txanponaren bestaldean, nahiko zorte txarra edukita, erorketekin-eta, ba ez gaudela hain-hain urrun ere. Gero eta gertuago ikusten dut nire burua, eta zortetxo puntu batekin...
Zer egin duzu Navacerradan?
Entrenatu eta atsedena hartu! Altueran presio gutxiago du aireak, eta gorputza behartuz, ba globulo gorriak indartu eta horien kopurua hazten da. Aristi eta Bizkarra taldekideekin egin ditut bi aste. Badago 18 kilometroko goi ordoki bat, 1.800 metrora, eta han ibiltzen gara bueltaka. Gero mendateetan-eta serie batzuk egin, saio espezifikoak...
Luze egiten dira bi aste etxetik urrun...
Beno, hotela ona da, Tourrak ere dezente arintzen du egonaldia... Egin beharreko zerbait bezala ikusten dugu.
Kontentu etorri zara Navacerradatik. Zergatik?
Entrenamenduak onak izan direlako eta lortutako zenbakiak iazkoak baino hobeak izan direlako. Horrek norberaren buruko indarra ere hobetzen du, konfiantza ematen dizu. Entrenatzen oso metodikoa naiz, datu guztiak gordetzen ditut, eta horiek, urtez urte, hobeak direla ikusten baduzu, gauzak ondo egiten dituzun seinale, edo errendimenduan hobetzen ari zaren seinale. Zenbakiek egia gordina esaten dute, onean edo txarrean, eta orain gauza onak esan dizkidate.
Datorren denboraldian taldeak koska bat igoko du: Kontinental-Profesional mailan ariko da. Berri bikaina zuentzat.
Bai, zalantzarik ez. Niretzat ezustekoa izan da.
Urnietako jendeak galdetzen du, ea taldean egongo zaren...
Espero dut... Egia da sinatu arte ezin dela ezer ziurrik esan, baina ari gara pausotxoak ematen. Hitz egin dut Odriozolarekin, egin beharreko tramite batzuk ere egin ditugu, eta hurrengo urtean taldean egotea espero dut.
Zer suposatzen du jauzi horrek?
Amets bat gauzatzeko aukera. Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa edo Espainiako Vuelta korritzeko aukera izatea gauza handia da. Pro-Tour mailako probak dira, munduko onenekin lehiatzea... Taldeko zortzi txirrindularik korritu behar dute, ez dakit horien artean egongo naizen, baina korrituz gero, dena aldatzen da: foko mediatikoa, erakusleihoa... Orain ere hainbat proba korritzen dugu, baina oihartzuna ez da hain handia.
Exijentzia ere handiagoa izango da. Arduratzen al zaitu?
Ez, nik ahal dudan guztia egiten dudalako nire onena emateko. Jakina, sufrimendua handiagoa izango da, baina gustuko sufrimendua izango da.
Soldata ere hobea izango da, ezta?
Bai, noski... koadrillako lagunek irabazten duten hileko soldataren antzekoa, edo. Pro Tour lasterketak korritu ahal izatea soldatak baino gehiago motibatzen nau. Soldata, azken finean, leku batetik edo bestetik lortuko nuke.
25 urte dituzu, sentitzen duzu zuretzat zirt edo zart egin beharreko unea dela?
Ez. Hobetzen joatea da hemen gakoa. Urtero jauzi txikiak ematen joan naiz, eta 2018an beste jauzitxo bat eman behar da, egutegi on hori baliatu benetan txirrindulari profesionala izan naitekeen edo ez erakusteko.
Zerbait gehiago esan nahi al duzu?
Jendea Ordizira edo Burgosera joan dadila, ni animatzera.