Aierbe ondoko pasabidearen irekiera aztergai du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 22a, 02:00

Gobernu taldeak hedabideetara bidalitako oharraren arabera, “Udal gobernua aukera berriak aztertzera irekia dago eta oinezkoen zein bizilagunen segurtasuna bermatzen duten soluzio berriak eztabaidatu eta onartzeko”.

Udal gobernuaren oharra:

“Udal gobernua prest dago Aierbe etxearen ondoko pasabidearen irekieraren inguruan azterketa berriak egiteko

Aierbe etxearen ondoko pasabidea ibilgailuentzat ixtea erabaki zuen Hirigintza batzordeak joan den ekainaren 1ean, Udaltzaingoaren segurtasun txosten bat oinarri hartuta. Ordutik hona, sinadura bilketa bat burutu dute zenbait herritarrek eta Udalean erregistratu zituzten pasa den asteazkenean.

Herritar horiek merezi duten errespetuagatik, gaur goizean bilera egin dute Alkateak eta Hirigintzako zinegotziak sinadura bilketa horien sustatzaileekin. Udal gobernua irekia dago aukera berriak aztertzera eta oinezkoen zein bizilagunen segurtasuna bermatzen duten soluzio berriak eztabaidatu eta onartzeko. Gaia teknikarien esku jarriko dugu balorazio tekniko berriak egin ditzaten eta Hirigintza batzordeak, txosten berriekin, berriz ere erabakia bat hartu dezan.

 

Bizilagunen kexa eta eskaera | Joxe Mari Oiartzabal:

”Plazaola inguruko bizilagun ugarik bat egin dute Ayerbeko pasabidea irekitzearen alde, Udalari egin zaion eskaera formalari bere izenak eta sinadurak erantsiz.

Pasabide hau hainbat hilabetez itxita egon da inguruko errepidean zaharberritze obrak zirela eta. Behin obrak amaituta bizilagunen harridura eta haserrea nabarmena izan da, aipaturiko pasabide horretan piboteak jarri dituztelako ibilgailuen erabilera debekatuz.

Bizilagunen esanetan, egoera horrek La Salleko etorbidea hartzera behartzen ditu nahitaez. Eremu hori nahikoa beteta egoten da hainbat ordutan, besteak beste, eskoletako joan-etorriak direnean. Askotan plazako enbutuan ez sartzeagatik, Plazaolako inguruko bizilagunek Urnietako gaineraino joan beharra dute, Zumea, Karrika edota Tolosaldeko norabidea hartzeko. Kutsadura handitzeaz gain, kostu ekonomikoa eta denbora erabilpena areagotzen du. Horrek guztiak gainera, plazako inguruaren segurtasun maila jaistea dakar, hainbat ibilgailu eremu horretara bidaltzen baitira orain. Kaltetutako bizilagunen esanetan nahikoa da Ayerbeko pasabidean oinezkoei lehentasuna ematea, Udalari hobekien iruditzen zaizkion seinaleak jarriz. Horrelako moldaketak eginak dira inguruko herrietan, adibidez Hernaniko Portu auzoko sarreran”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!