Udala Argentinako Kereilan akusazio gisa aurkeztuko da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 27a, 02:00

Frankismoaren aurkako Argentinako Kereila, Altsasuko liskarrak, udaleko langileen soldata igoera eta zakur baten jabeari isuna jartzea izan zituzten aztergai atzo egin zen udalbatzan.

Frankismoaren aurkako kereila

Udalbatzak, Argentinan irekitako kereilan akusazio gisa etorkizunean aurkezteko konpromisua agertzen duen mozioa onartu zuen aho batez. Lau puntuez osatzen da mozioa, eta hona zer dioten:

Lehenengoan, 2016ko urrian Iruñean zenbait udalek abian jarritako Udal manifestua izenpetzea eta Justizia eta Memoriaren aldeko Udalen Sarera batzea onesten du, “garatzen diren lege eta politikek bere garaian Nazio Batuen Giza Eskubideen aldeko nazioarteko hainbat erakundeek Estatu espainiarrari egindako gomendioak jarrai ditzaten”.

Bigarrengoan, Udalak bere egiten ditu “Giza Eskubideen Nazioarteko Eskubideen betebehar guztiak". Bere egiten du, era berean, "Udalen Sarearen funtzionamendurako oinarrizko printzipio gisa, 2014ko uztailaren 22an Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluaren Egia, Justizia eta Erreparaziorako eta Ez Errepikatzeko Bermerako Kontalari Bereziak egindako txostenaren edukia”. Era horretan, Udalak konpromisua hartzen du elkarlanean iharduteko “gizarteko erakundeekin, eta, biktimekin eta haien senideekin, jakitun izanik azken hauek zigorgabetasunaren aurka iharduteko eta Egia, Justizia, Erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen aldeko eskubideen errekonozimendua galdegiteko mekanismoak artikulatzeko jokatzen duten rol garrantzitsuaz”.

Hirugarren puntuan, Udalak borondatea agertzen du akusazio gisa aurkezteko Buenos Aires-Argentinako Auzi Kriminal eta Zentzategiko Auzitegi Nazional Federalak zabaldua duen prozedimenduan. Eta aldi berean, borondatea ere agertzen du Tolosako Instrukzio auzitegian kereila aurkezteko. Hori noiz gauizatuko dne zehaztu du: “prozesu guzti honetan egindako lana amaitzen denean, non biktimen izen-zerrenda, adina, lanbidea, krimena gauzatu zen eguna, jasandako delitu mota eta haren ondorioak, eta egongo balitz, baita egiaztatzen duen dokumentazioa ere”. Eginbehar horretarako, Udalbatzak Alkateari baimena ematen dio abokatu eta prokuradoreei ahalordeak emateko.

Azkenik, laugarren puntuan adierazten denez, Udalbatzak Biktimen arretarako Udal bulegoa zabaldu edo arretarako arduradun bat izendatuko du, edonolako laguntza material edota juridiko eskaintzeko, “frankismoaren biktima zuzen izan direlako edota biktima baten senide izateagatik salaketa edota kereila aurkeztu nahi badute”.

Nahiz eta alderdi guztiek adierazi aldeko botoa emango zutela, ika mika sortu zen EAJ eta Irabaziko ordezkarien artean. Irabaziko Jorge Mourinhok EAjri egotzi zion bi udalbatza eduki dituela frankismoa gaitzesteko baina aurka agertu dela horietan. Gaineratuz zuenez, salagarria da orain aurretik EAJk Rajoyren aurrekontuak onetsi izana, nahiz eta jakin horiek ez dutela euro bakar bat ere bideratzen desagertuen hobiak aurkitzeko. EAJko zinegotzi Iñaki Egibarrek, haserrea ezin ezkutaturik, Mourinhori herri honen historiaren irakurketa okerra egitea leporatu zion. “Zuek inoiz ezingo diozue EAJri leziorik eman demokraziaren, biktimen defentsaren eta legaltasunaren inguruan”. Azkenik, mozioa aurkeztu duten elkarte memorialisten lana goraipatzearekin batera, Egibarrek adierazi zuen elkarte horiek ez dutela merezi Mourinhok egin berri zituen adierazpenak.

 

Altsasuko gertakariak

EHBildu taldeak proposatuta, Andoaingo Udalak erabateko desadostasuna adierazi zuen fiskalaren zigor eskaeren aurrean, konpromisoa irmoa adierazi zuen elkarbizitzarekiko,. Justiziarekiko, eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuarekiko, eta azkenik, Nafarroako probintziako Auzitegiaren motibazioa babestu zuen egitateak terrorismotzat kalifikatzeko zantzuak ez daudela dioenean.  

EHBIldu, EAJ, Irabazi eta Ganemosen botoekin egin zuen aurrera mozioak. Alvaro Gonzalez zinegotzi ez atxikitua abstenitu egin zen. PSE-EEko zinegotziek, berriz, kontrako botoa eman zuten. Maider Lainezek bozeramaileak adierazi zuenez, galdutako aukera izan zen mozioa, bere ustez ez zuelako gaitzesten Altsasun guardia zibilak biktimak izan zituen biolentzia. “Ezin ditugu begiak itxi, ezberdin pentsatzen duten pertsonekiko gorrotoa adierazten duten gertakizun aurrean”. Nolanahi ere, onartu zuen egungo errealitatea kontuan hartuta, Altsasuko gertakizunak gertuko jurisdikzioak epaitu litzazkeela.

 

Animali baten jabeari isuna jartzea

Beste bi mozio onartu ziren aho batez. Bata, animaliak edukitzeko eta babesteko udalaren ordenantza ez betetzeagatik isuna jartzeko proposamenarekin zuen zerikusia; hain zuzen, aske zebilen zakur batek hozka egin zion pertsona bati, eta bere jabeari 300 euroko isuna jartzea erabaki zen.

Udaleko langileei lansariak %1 igotzeko proposamenak ere alderdi guztien adostasuna jaso zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!