Santioak 2017

Santio jaien aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 21a, 02:00

Maite Izagirre Villabonako alkateak, Mertxe Garmendia kultur zinegotziak eta Joxean Cubero kultur teknikariak, Santio festetako egitaraua aurkeztu dute festen atarian, udaletxean:

Bihar iluntzean, uztailak 22, Deborah Carter kantariak Errebote plazan 20:00etan emango duen kontzertua izan du hizpide lehenik eta behin Mertxe Garmendia kultur zinegotziak eta, aurten ere, bigarren aldiz jarraian, Donostiako 52. Jazzaldian parte hartuko duen kantaria herrian ikusteko aukera izango dela nabarmendu du, “aurten artista internazionala ekarriko dugu, Deborah Carter. Lehen mailako jazz abeslaria da eta Donostiako Musikenen irakasle da. Gaur bertan dauka emanaldia Donostian eta bihar Villabonako Berdura plazan arituko da 20:00etatik aurrera". Kantaria Musikeneko musikariekin lagunduta arituko da, boskotea osatuz. Ella Fitzeralden errepertorioa eskainiko du, haren jaiotzaren mendeurrena betetzen denean. “Saio arrakastatsua izatea espero dugu eta billabonatarrak ez ezik, Tolosaldeko herritarrak ere hurbiltzea”, azaldu du Mertxe Garmendiak.
Aurtengo Santio jaietan, bandaren emanaldia berreskuratu dutela jakinarazi du jarraian eta uztailaren 31n, eguerdiko 13:00etan, Gora Kale Txiki bandak Txistulari plazan emanaldia eskainiko duela. Baita irristaketa lasterketa herrikoia berreskuratu dutela ere. Uztailaren 30ean, 10:00etan haurren eta 10:30etan helduen txanda izango da.

Berrikuntzak

Joxean Cubero kultur teknikariak, egitaraua azken urteetakoen antzekoa izango dela aipatu du, baina hainbat ekintza nabarmendu ditu Gora Kale Txiki bandaren emanaldiarekin eta irristaketa lasterketarekin batera, “aurten uztailaren 29ko Santiotan kantari kalejiran, kantariekin batera dantzariak ere ibiko dira. Era berean, gazte eguneko kontzertua (uztailak 26) herritarren artean eginiko bozketa bidez erabaki da eta Kaotiko taldeak joko du. Telonero gisa, herriko Desira taldeak jotzea erabaki du Villabonako Udalak. Bestalde, aurten bigarren aldiz, koadrillen bazkarirako mahaiak emateko hurrenkera zozketa bidez erabakiko da. Txupinazoan zenbaki bat aterako da eta zenbaki horren arabera banatuko dira mahaiak”.

Errespetua eta tolerantzia

Maite Izagirre alkateak, bere aldetik, jaien hasierako suziria botatzeko, jai batzordeak odol-emaileen elkartea aukeratu duela adierazi du, “jai batzordean denon artean hartu genuen erabakia eta oso pozik jaso zuten gonbidapena. Lantalde bikaina da eta haiek piztuko dute suziria astelehenean”. Bestalde, ‘Dulce despertar’ Villabonako martxaren hitzak herritar guztiek ikasteko, egitarauan Oharretxena konposatzaile billabonatarrak idatzitako kantuaren hitzak tartekatu ditzutela gaineratu du. Jai batzordeko kide guztiei eskerrak eman dizkie segidan alkateak, “jaietako egitaraua prestatzen, borondatez, hilabeteetan lanean aritu direlako. Ekitaldiak prestatzeak izugarrizko lana du atzean, askotan ikusten ez bada ere”, gaineratu du.
Bestalde, jaiak errespetuz bizi eta tolerantzia bultzatuz igarotzea eskatu du, “iaz abiatu genuen kontzientziatze eta prebentzio lanarekin jarraituz, sexu erasoen eta biolentzia matxistaren aurkako kanpaina indartu nahi izan dugu”. Horretarako, hainbat ekimen jarri dute martxan: “batetik, jaietan zehar zapi berdeak banatuko dira doan ‘ez da ez’ leloarekin. Zapi hauek pertsona askok, -batez ere gizonezkoek-, jantz ditzatela espero eta desio dut, emakumeen aurkako biolentzia baztertzeko pausoa emanaz. Bigarrenik, txoznen arduradunekin adostuta, plastikozko edalontziak aterako dira aurten, 'Jaietan ere beldur barik leloarekin’. Edalontzi horiek erabiltzean, errespetatzeko beharra eta mikromatxismo eta dominazioko jarrerak alde batera uztea bultzatu nahi da". Prebentzioaren atalean ere, Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin kolaborazioa izango dela iragarri du. "Jaietako egitarauan orri bat erantsi dugu eta bertan, erasotuta sentitzen diren emakumeek laguntzeko zer egin behar duten eta nora jo dezaketen zehazten da”. Gainerakoan, bere desioa, jaietan parte hartuko duten billabonatarrek eta kanpotik etortzen direnek ondo pasatzea eta errepikatzeko gogoz geratzea dela esanez amaitu du hizketaldia Maite Izagirre alkateak, “jai ahaztezinak izatea eta herrira itzultzelko gogoa piztea espero dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!