San Millan eskolaren bidaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 21a, 02:00

Ekimen berritzailea abiarazi zuten duela hiru urte Zizurkilgo San Millan eskolan. Gustura daude egindako bidearekin, eta jarraitzeko asmoa erakutsi dute bertako kideek. 

100 lengoaia 11 esperientzia’ izenburupean, bidaia berezia egin dute San Millan eskolako irakasle, haur eta familiek. Adin aniztasunean, haurren erritmoak errespetatuz, konparaketarik gabe, naturarekin lotuta…, aritu dira hiru urtetan zehar eta bidaiak, ez du etenik izango. 

Francesco Tonucci pedagogo italiarraren bisitaldi batek jarri zuen ekimenaren lehen harria. Elena Laiz proiektuaren koordinatzaile lanetan aritu da eta hark azaldu duenez, “erronka bota zigun Francesco Tonuccik bisitaldi hartan. Gure eskolaren ardatzetako bat adin aniztasuna izan zedila proposatu zigun, besteak beste. Erronka horri heldu, eta gure eskola erabat aldatzea erabaki genuen”. Hezkuntza sailak proiektu pilotuari ekiteko baimena eman ondoren, gurasoei aurkeztu zieten ekimena, zalantzak zalantza, aurrera egitea erabaki zuten aho batez. 2014ko irailean abiarazi zuten ekimena. 

Bide luzea

Hiru urteko proiektu pilotu gisa jaio zen ‘100 lengoaia, 11 esperientzia’ aurrez, ordea, egina zuten bidearen zati bat. Ez dira, beraz, hutsetik abiatu:  “Adin aniztasuna erabatekoa izan gabe, beti elkartu izan ditugu adin tarte ezberdinetako haurrak. Lan egiteko modua ere ez zen liburu, azterketa edota etxeko lanetan oinarritzen. Hori horrela izanda ere, hiru urte hauetako aldaketa oso handia izan da. Ikasgelak alde batera utzi, eta tailerrak eskaintzen dizkiegu haurrei, eta gainera, 2 eta 12 urte arteko haurrak elkarrekin dabiltza. Horrek guztiak, ondorio ederrak ekarri ditu gure eskolara”.  

Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean aurkeztu zituzten, ekainaren 27an, proiektuaren inguruko ondorio nagusiak. Bertan ziren, bestak beste, Elena Laiz eta Alaitz Zengotitabengoa, San Millan eskolako irakasleak. Alboan izan zituzten, baita ere, Javier Monzon, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko dekano-orde koordinatzailea, Mikel Goñi, Gipuzkoako eskola txikietako koordinatzailea, eta proiektuan murgilduta dabilen Abaltzisketako Txalburu eskolako Leire Arreseigor irakaslea. 

 

Aukeratzen utzi

Alaitz Zengotitabengoak azpimarratu zuenez, “hiru urte hauetan garbi ikusi dugu haurrei erabakitzen eta aukeratzen uzten badiegu, zeregin hori burutzeko nahikoa denbora ematen badiegu, barne oreka lortu eta seguruago aurkitzen direla. Beste ekintza batzuk egitera bultzatzen ditu horrek, geroz eta garatuagoak. Ardura hartzen dute egiten duten horretan. Irakasleok, eskaintza erakargarria prestatzen dugu haientzat eta haurrek erabakitzen dute zer egin eta nola”. 

Abaltzisketako Txalburu eskolan ere bide bertsua egin dute hiru ikasturte hauetan. Bertako irakasle den Leire Arreseigorrek gaineratu duenez, “haurrek behar dutena egin dezatela nahi dugu, bakarrik edo lagunduta, beraien gustuak eta abileziak garatzen joan daitezela, ahaleginduta baina estresik gabe, tinkotasunez baina estuasunik gabe”. 

 

Tailerrak

Bost tailer ezberdin dituzte San Millan eskolan: mugimendu tailerra, aroztegia, artea, zientzia eta liburutegia. Bakoitza bere helburu eta funtzionamenduarekin. Bost tailer horietatik, hiru irekita egoten dira aldi berean, eta haurrek erabakitzen dute nora joan nahi duten. “Haur bakoitzak, bere beharrak asetzen ditu tailer batera edo bestera joanez”, azaldu dute. Ikastorduetan zehar, tailer batetik bestera joan-etorrian ibiltzen dira haurrak, baina “ez da inongo iskanbilarik sumatzen, oso giro lasaia dugu eskolan”. 

Haurrek mundua ikusteko duten modu bereziaz ere hitz egin zuten eskolako kideek, “izan ere, haurrak ez baitira heldu txikiak. Bestalde, ezinezkoa da haur batek zer dakien jakitea. Horretarako egin dezakegun bakarra entzutea da, eta ez belarriekin bakarrik. Haien ideiak eta hipotesiak entzun, zer eta nola egiten duten behatu…, horixe da irakasleon betebeharra”. 

 

Goxotasuna

Egunerokoan haurrei ematen zaien tratua bereziki zaintzen dute San Millan ikastetxean. Elena Laizek azpimarratu duenez, “gure eskolako haurrak gure gozemen iturri dira, eguneroko erronka eta erantzukizun handia. Guretzat, gure ikasleak onenak dira, guzti-guztiak, bakoitza bere erara. Gure errespeto osoa merezi dute, gure arreta eta gure maitasun osoa. Traturik apartena, hezkuntzarik bikainena merezi dute eta guk hori eskaintzen saiatu behar dugu”. Irakasle eta gurasoen arteko harremana, nahiz irakasleen artekoa ere asko zaintzen dute, “gure lanari koherentzia emateko, eta haurrei konfiantza eta lasaitasuna eskaintzeko”, gaineratu du Leire Arreseigorrek. 

Ebaluaketak alde batera utzita

Ohiko hezkuntzak haurrei ezartzen dien ebaluaketa sistema ezbaian jarri zuten Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antroplogia fakultatean egindako ekitaldian. Elena Laizek hartu zuen hitza: “Ebaluazioa, kontrolatzeko tramankulu bat da, baina helduen eta administrazioaren mundukoa. Ebaluazio frogek, edozein eratakoak izanda, ez dute baloratzen neska-mutilek dakitena, ulertzen dutena, irudikatzen dutena edo uste dutena. Ezinezkoa da haurren ideien mundu mugaezinera iristea ariketa batzuen bidez, galdera batzuen bidez, ekintza jakin batzuen bidez gainera, horiek denak testuingurutik kanpo, denak berdinak denontzat. Gehienez baloratu genezakeena da zer moduz ari den bakoitza bere prozesua egiten, zer moduz sentitzen den eskolan, zer nolako harremanak dituen…, baina balorazio hau ez litzateke inoiz izango azterketen bidez, baizik eta irakasle guztien behaketa jarria, errespetuzkoa eta ez inbaditzailearen bidez. Beraiek diotena entzunez, eta haurrei buruz ahalik eta gehien ezagutuz”. 

Helburuen araberako ikasketa prozesua

San Millan ikastetxeko gurasoentzat azpimarragarriena haurren eguneroko bizitza eta eskolaren arteko harremana da: “Ez dago etenik. Euren intereseko gauzak etxetik eskolara eramaten dituzte, bertan aztertzeko, lagunei erakusteko. Gurasook ere ateak zabalik ditugu beti eta hori oso garrantzitsua da haurrentzat eta familiontzat”.

Zizurkil Goiko San Millan eskolako haurren gurasoak gustura ageri dira hiru urteotan egindako bidearekin. Seme-alabak gustura ikusten dituzte eskolan, azpimarragarria iruditzen zaie, esaterako, haurren arteko konparaketak amaitu izana. “Haurrentzat kezkagarria izaten zen ikasketatan lagunen pare ibiltzea. Orain hori amaitu egin da, bakoitza bere lanean aritzen da, bere erritmoan. Lasaitasun handia eman die aldaketa horrek”. 

Ekimena martxan jarri zutenean, haur helduenek zenbait kezka izan zutela ere azaldu dute gurasoek: “Fitxarik ez egitea…, lehendabiziko hiru-hilekoan erabat harrituta ibili ziren. Aurrez, irakasleak esaten zien zer egin, uneoro, baina sistema berriarekin beraiek erabakitzen dute hori, eta hasieran ez zitzaien erraza egin. Denborarekin, ohitzen joan dira eta orain poz-pozik dabiltza”. 

Ikasteko modu aberasgarria dela azpimarratu dute gurasoek: “Helburu batekin ikasten dute. Eskolako aroztegian karretila bat egiteko, esaterako, interneten eredua bilatzen dute lehendabizi. Eredu horren tamaina euren beharretara egokitzeko, eskalak kalkulatu behar dituzte geroago. Pixkanaka, gauza asko eta asko ikasten dute ia konturatu ere egin gabe, egunerokoan sortzen zaizkien beharrei erantzuten, euren interesei jarraituta eta kritiken beldurra uxatuta. Oso giro goxoan aritzen dira gure haurrak”. 

Adin aniztasunaren onurak ere aipatu dituzte gurasoek. “Oso polita da txikiek zaharrenengandik nola ikasten duten ikustea, eta baita helduek txikiak nola zaintzen dituzten ere. Eskolaz kanpo ere antzematen da hori, parkeko jolasetan. Gatazka gutxiago daude orain, eta kooperazio handia”. 

Haurren eguneroko bizitza eta eskolaren arteko harremana da gurasoek azpimarratzen duten beste ezaugarrietako bat: “Ez dago etenik. Euren intereseko gauzak etxetik eskolara eramaten dituzte, bertan aztertzeko, lagunei erakusteko, behatzeko. Gurasook ere ateak zabalik ditugu beti eta hori oso garrantzitsua da haurrentzat eta familiontzat”. 

San Millan eskolan, haur eta lehen hezkuntzan bizitzen ari diren esperientziak nolabaiteko jarraipena izan dezan, “DBHko eredu berria izatea gustatuko litzaiguke. Pixkanaka bada ere, aldaketak iritsi behar duela iruditzen zaigu”, amaitu dute. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!