Izaskun Azurmendi, Gehitu elkarteko zuzendaritza batzordeko idazkaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 21a, 02:00

LGTBI kolektiboaren baitan, oraindik ere lan asko egiteke dagoela azaldu du Andoainen bizi den ibartarrak. 

Elkarrizketa:

Zein hutsuneri erantzunez sortu zen Gehitu elkartea?

1997 urtean, kolektiboaren zailtasun momentua zela eta, espazio seguru baten beharra zegoelako sortu zen elkartea Donostian. Garaje batean biltzen hasi ziren, oso egoera xumean. Bakoitzari bihotzetik pasatzen zitzaiona edo kaleko egunerokotasunean gertatzen zitzaiona elkarbanatu eta lagun giroan egoteko elkartzen ziren. Gerora, lagun espazio izatetik, aldarrikapen espazio izatera –edota bi gauzak jorratzera– pasa zen. Hasiera batean, legearen aldeko borroka egin zen, kalean ikusgarritasunaren aldeko espazioa lortzeko edota emakumeak kolektiboan sartzeko borroka… Gaur egun, lege aldetik aurrerapausoak eman badira ere, egia esan, aldarrikapenak antzekoak dira. Izan ere, zoritxarrez, lege horiek egunerokotasunera aplikatzerakoan, oraindik ere behar sentitu batzuk badaude eta hortxe ari gara lanean.

 

Zeintzuk dira egungo behar horiek?

Behar berriak sortu dira,  orain arte ezagutzen ez genuen beste errealitate bat. Adibidez, errefuxiatuen LGTBI kolektiboa geroz eta nabarmenagoa da eta geroz eta eskaera gehiago daukagu elkartean. Ia egunero jasotzen dugu kanpoko lurralderen batetik datorren norbaiten berri, lagun ote dezakegun galdetuz. Errefuxiatuen kolektiboa bi aldiz baztertua da; errefuxiatu izateagatik lehenik eta kolektiboko kide izateagatik bigarrenik, eta haiei babesa eskainiko dion pisu konkretu bat sortu nahiko genuke. Bestalde, transexualitate egoeran dauden haurren gaia ez da berria, baina orain plazaratu da publikoki. Gai horren inguruan ere beste behar edo dei batzuk sortu dira. Hezkuntza sisteman ere kolektiboaren inguruko jakintza zabaldu nahia sortu da eta hortik ere geroz eta eskaera gehiago jasotzen dugu. Gauza bera udaletxeetatik ere. Udalerrietan kolektiboaren aldeko apustua egin nahi da eta gaia nola jorratu jakin nahian maiz jotzen dute gugana. 

 

Behar eta hutsuneei erantzunez, zerbitzu ugari eskaintzen duzue elkartetik gizartera. Zeintzuk dira nagusienak?

Zerbitzu ofizialen artean, atentzioa, babesa, laguntza edota konpainia aipatuko nituzke lehenik, edozein mailatan; batzuk laguntza psikologiko eske etorriko dira, beste batzuk kafetxo bat hartzeko asmoz edo legeen inguruko galderaren bat egitera. Zerbitzu hori egunero eskaintzen dugu. Bestalde, espazio seguruak ditugu eta taldetxotan biltzeko aukera luzatzen diegu gay, lesbiana, transexual edo bisexualei. Publikoki zabaltzen da ekintza horien berri, futbolean edo palan jokatzeko hitzorduak zehaztuz, esaterako. ‘Berdindu’ izeneko eskoletako zerbitzua ere badugu eta ‘Hitz egin dezagun homosexualitateaz’ programaren baitan, ikastetxe ezberdinei zortzi jardunalditako tailerretan parte hartzeko aukera eskaintzen diegu. Guraso elkartean, berriz, LGTBI kolektiboko kideen gurasoak biltzen dira eta haiek informatu eta laguntzea da zerbitzu horren helburua. Bestalde, HIESAren aurkako zerbitzua ere eskaintzen dugu, asteazkenero Gehitu elkartean bertan. Gerturatzen diren guztiek ez dute HIESA, baina askok bai. Hizketan aritzen dira babesa sentitu nahian eta legearen aldetik ere aldarrikapenak planteatzen dituzte, eztabaida ezberdinak baitaude botika edota profilaxi mailan. Osasun zerbitzua ere eskaintzen da Gehitun.

 

Kirol arloan buru-belarri ari zarete lanean…

Bai, azken urte hauetan saiakera berezia egin dugu kirol mailan, LGTBIfobia esanguratsua baita oraindik ere alor horretan. Kanpaina ezberdinak egin genituen eta Eibar futbol taldea edota Reala atxiki zitzaizkigun, besteak beste. Gure azken lorpenetako bat, Realak bai Donostiako gazte taldeetan eta baita Gipuzkoan beraiekin harremana duten taldeetan, gure eskutik, tailerrak jasotzeko interesa erakutsi izana da. Kirol kanpainaren izena ‘Ortzadar Liga’ da eta ortzadar koloreko pultsera edo lokarria jantzita egin dute kirola hainbat kirolarik, LGTBI kolektiboaren alde eginez. Dudarik gabe, ate asko ireki dizkigu kanpaina horrek, oso sinplea izanagatik. Esperientzia polita izan da; besteak beste, Behobia-Donostia lasterketan atera ginen, baita martxoaren 8ko lasterketan ere… Oihartzuna izan du. 

 

Urte hauetan guztietan egin duzuen lanaren ondorioz, LGTBI kolektiboa onartuago al dago egungo gizartean?

Nire sentimenduetatik baietz esango nuke, aurrera-pausoa eman dela, baina inkestetako emaitzetara jotzen badugu, Euskal Herriko ikastetxeetan egiten den ‘zenbatek ikusi duen eraso homofobikoren bat’ galderari, %83ak baiezkoa erantzuten dio. Emaitza hori ez da azken hamar urte hauetan jaitsi. Bestalde, gorroto erasoen mailan, Euskal Herriaren egoera erakusten duen 2016ko inkesten emaitzak jakinarazi ditu berriki Barne Ministeritzak eta erkidego mailan, denuntziak jartzen laugarrenak gara. Proportzionalki, ordea, biztanle kopurua kontuan hartuta, EAE lehenengoa da. Bi irakurketa egiten dizkiot datu horri: Agian Euskal Herrian denuntziak jartzeko askatasun gehiago daukagula eta horrek kopurua igo dezakeela estatuarekin alderatuta edo, okerrenean, jazarpen kasu gehiago izaten dela hemen. Egia esan, inkesta ofizialek atzera botatzen dute nire pertzepzioa.

Askoz ere gazte jende gehiago ikusten da orain kalean bere identitatea erakusten. Baina, era berean, lehen bezainbeste dei jasotzen dugu espazio seguru baten bila. Oraindik ere denetariko komentarioak entzuten ditut inguruan, “aniztasuna onartzen dut, errespetatzen dut…, baina nire seme-alabak ez daitezela ezberdinak izan, sufrituko dutenagatik”. Kolektiboa onartu arren, antzeko kasuak gertuan ez izatea nahiago du gehiengoak. 

 

Jazarpen edota gutxiespen kasuen aurrean, hezkuntzan ote dago gakoa?

Hezkuntzan eragin behar da, dudarik gabe. Maila guztietan, hezkuntza ofizialean eta kanpoko ekintzetan; kirol edota kultur esparruetan… Gazteak dabiltzan esparru guztietan. Nerabezaroa nahiko garai krudela da eta estereotipoetatik ateraz gero, markatu egiten da pertsona. Zentzu guztietan, aniztasunaren inguruko diskurtsoa zabaldu egin behar da. Gehituk aniztasuna defendatzen du eta saiakera egin dugu anitzak diren beste elkarte batzuekin ere egoteko: Goienetxerekin, adibidez, hezitasun fisiko edo psikikoak dituzten pertsonekin; Dandai, emakume helduen elkartearekin… Azken batean, denon artean eraiki behar dugu beste era bateko gizartea eta saiakera horretan gabiltza. 

Garai batean agian itxiago egon gara gure beharretara, barrura begira aritu gara lanean gehiago. Orain, beste era bateko harremanak lantzeko aukerak ditugu. Azken boladan Euskal Herri mailan dauden beste LGTBI kolektiboekin ere harremana sendotzen eta denon artean esfortzuak bateratzen saiatu gara. Bakoitzak bere ezaugarri eta lehentasunei eutsi arren, kanpaina handiagoetarako, denon esfortzu bateratua indartsuagoa izaten da. Hori ere beste lorpenetako bat izan da. Kausa beraren alde guztiok biltzeak gizartearekiko balio erantsia daukala iruditzen zait.

 

Berriki, ekainaren 28ko Harrotasunaren egunean, Donostiako manifestazio jendetsuan hartu zenuten parte. Aldarrikapena edo festa eguna da gehiago?

Biak izan litezke. Guretzat egun berezia da, martxoaren 8a emakumeontzat den bezalaxe. Manifestazioan zehar, malkoak atera ohi zaizkit hunkituta, jendea kalean kolektiboaren alde dagoela ikusita, baina aldi berean, gauza asko egiteke dagoela esateko eguna ere bada. Egun hori bizi eta ospatu egiten dugun arren, badakigu oraindik lan asko dagoela; zer esanik ez, nazioarteko egoerari begiratzen badiogu. Gure aurtengo leloa horixe izan da, ‘LGTBI kolektiboaren eskubideak, hemen eta kanpoan’. Ekainaren 28a enpresa batzuentzat negozioa egiteko aukera ere bada, baina ezin digute guri egun hori kendu. Ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna da. Kalean egon behar dugu.

 

Azken urteotan, herri askok bat egiten dute ekainaren 28ko zuen aldarrikapenarekin, banderak udaletxeetako balkoietan jarriz. Larraulen, adibidez, ortzadar kolorez margotu zuten zebra-bidea. Zein irakurketa egiten duzue antzeko ekimenen aurrean?

Oso positiboak dira guretzat. Ekintza sinboliko guztiak ongi-etorriak dira, lagungarriak. Erakundeek urtean egun batean behintzat gure egoera kontuan hartu eta publikoki horren alde daudela azaleratzea abantaila handia da. Gaiaren inguruan sortzen diren eztabaida edo hizketaldi guztiak dira positiboak, hitz egite hutsa lorpena da guretzat. 

 

Udako festei begira, zein deialdi luzatuko zenuke?

Festetan HIESAren kontrako kanpaina egiten dugu batik bat, eta sexuaz gozatzeko deia luzatzen dugu, baina prebentzio neurriak mantenduta. Hortik aurrera, ‘gozatu, baina utzi besteari gozatzen’ esango nuke nik. Norberaren eskubideak bestearenak urratzen hasitakoan amaitzen baitira. Egia esan, zaila egiten zaigu bakoitza den bezalakoa azaltzeagatik besteari zein kalte egiten zaion ulertzea. Aniztasuna zentzu guztietan aberasgarria da denontzat eta ohitu beharra daukagu kolore desberdinetan bizitzera.

 

Emakumeen partaidetza

Gehitu elkartean jaiotzaz, lehendakaritza elkarbanatu egiten zen beti emakume eta gizon baten artean. Azken urteotan ohitura hori aldatu eta pertsona bakarrak hartu du zuzendaritza ardura. Aldaketa hori gertatuz geroztik, lehendakari guztiak emakumeak izan direla gaineratu du elkarrizketatuak. “Gehitun emakumeen presentzia zabaldu egin da eta lehendakaria ez ezik, bolondresetako asko ere emakumeak dira. Horrek gizartean emakumeen partaidetza nabarmendu dela esan nahi du eta kolektiboan ere, zorionez, isladatu egin da”.

Hiritik herrira

Gehitu Donostian nahikoa zentratuta egon dela jabetu dira elkarteko kideak eta herrietara ateratzeko beharra sumatu dute, herrietatik gaia jorratzeko eskaria dagoelako. “Gure kolektiboari maiz gertatu zaio herri txikietatik hiriburuetara joan beharra, askatasun edo ezezagun puntua ematen duelako hiriak. Orain muga hori gainditzen ari da eta geroz eta gehiagok erabakitzen du bere aniztasuna bizitzeko herrietan geratzea”. 

Gehituk herriko talde ezberdinen edo udaletxeen bidez herrian gaia planteatzeko ateak zabaldu ditu. Besteak beste, aniztasunaren inguruko antzezlanak eskainiz. Beste hainbat herritan bezala, Andoainen ere izan ziren LGTBIko errefuxiatuen egoera lantzen zuen antzerki saioarekin. Etorkizunean ere antzerki emanaldiekin aurrera jarraituko dutela iragarri du Izaskun Azurmendik. Gainerakoan, urtean zehar hitzaldi eta ikastaro ezberdinak antolatzen dituzte. “Irakasleei zuzendutako ikastaroa izaten da urtero, beti ere hezkuntzarekin lotutako gai ezberdinak landuz. Zuzenbide fakultatearekin ere, lege zantzuak dituzten gaiak jorratzeko ekimenak antolatzen ditugu urtero. Orain berdintasunaren aldeko legea planteatu dute estatu mailan eta Euskal Herrira ere ekarri nahi dugunez, oraintxe burutu ditugu horren inguruko jardunaldiak”. Ekintza batzuk finkoak dituzte eta egoeraren arabera sortzen dira besteak, “gaia puri-purian dagoenez, laster amatasun subrogatuaren inguruko eztabaida planteatuko da”, aurreratu du. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!