Frankismoa eta Altsasuko gertaerak aztergai, gaurko Udalbatzan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 20a, 02:00

Uztailari dagokion Udalbatzaren ohiko bilkura egingo da gaur Andoaingo udaletxean, 19:00etatik aurrera. Besteak beste, frankismoaren inpunitatearen aurkako Argentinako Kereila eta Altsasuko liskarrak hartuko dituzte hizpide.

Frankismoak egun bizi duen inpunitateari aurre egiteko Argentinan abian jarri zen kereilaren aldeko Euskal plataformak aurkeztu du mozioetako bat. Bi puntu ditu proposamenak; batean, Andoaingo Udalari eskatzen zaio konpromisua har dezala Tolosa eta Buenos Aireseko epaitegietan pertsonatu dadin kereilarekin bat eginez, eta horretarako, frankismoak Andoainen eragindako biktimen inguruko txostena egin eta babes juridikoa eskaini diezaiela bertako biktimei. Bigarren puntuan, eskatzen zaio bat egin dezala Kereilaren Aldeko Estatuko Udal Sarearekin, Iruñeak, Bartzelonak eta Cadizek abian jarritakoa.      

Altsasuko gertakarien inguruan EHBilduk aurkeztu duen mozioak, berriz, adierazten da kasu hori inguratzen duen neurrigabekeria normaltasun eta elkarbizitza demokratikoaren aurkakoa dela, eta, bat egiten duela Nafarroako Probintzia Auzitegiaren motibazioarekin, terrorismotzat kalifikatzeko zantzuak ez daudela dioenean.

Beste bi mozio jorratuko dira Udalbatzan: animaliak edukitzeko gertaerak eta animaliak edukitzeko eta babesteko udalaren ordenantza ez betetzeagatik isuna jartzeko proposamena bata, eta bestea, Andoaingo Udaleko langileei lansariak igotzeko proposamena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!