Villabonako PSE-EEren prentsa oharra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 19a, 02:00

Villabonako PSE-EE alderdiak poza azaldu du herriko merkataritzaren aldeko mozioa onartu delako. Prentsa ohar bidez azaldu ditu mozioaren inguruko hausnarketak:

Villabonako PSE-EE alderdiak poza azaldu du asteleheneko osoko Udal batzarrean, bertako komertzioaren aldeko mozioa onartu zelako. Sozialistek aurkeztu zuten mozio hori eta udal talde guztiek onartu zuten. 

 

Komunikatu bidez, Maria Luisa Arija ordezkari sozialistak adierazi du “ezinbestekoa” dela Tolosaldea Garatzenek, Oria merkatarien elkartearekin batera, herriko komertzioaren inguruko azterketa egitea. Neurri hori, asteleheneko osoko batzarrean onartu zuten.

 

Udalak ahalik eta azkarren eskatu beharreko azterketaren oinarria, komertzio arloa lantzen duten Tolosako lanbide heziketako ikasleek Villabonako kontsumitzaileei egindako inkesta izango da.

 

“Bi tresna horiek, herriko komertzioaren benetako osasun egoeraren diagnosia emango digute eta hortik abiatuta, Udalak sektorea indartzeko estrategia diseinatu ahal izango du, aho-batez onartutako Erreflexiorako Mahaia erabiliz. Irailean jarriko dute martxan mahai hori”, azaldu du.

 

Arijak Villabonako PSE-EEren babesa erakutsi die herriko komertzio txiki eta ertainei. Auzoko denda tradizionalak dira gehienak, lanpostuak sortzen dituztenak eta gizarte nahiz lurralde kohesioa ere bultzatzen dutenak.

 

Hori horrela, Tolosaldea Garatzenek orain arte komertzioaren alde erakutsi duen “konpromiso txikiaz” kexatu da. Orain arte ez da aurrera eraman “gure herritarren artean kontsumo lokala bultzatuko duen ekimen bakar bat ere”. Izan ere, azaldu duenez, legealdi honetan dagoeneko itxita dagoen hizkuntza eskola bat ireki da. Baita ileapaindegi bat, jaki denda bat, bulego bat edota txakolindegia ere. “Horietako inork ez du Tolosaldea Garatzenen aholkularitzarik jaso; bai erakundeak egin dezakeen aholkulari eta bultzatzaile lana ez delako ezagutzen, edo beste profesional batzuen lana lehenetsi delako”.

 

Sektore komertzialaren bultzada “garrantzitsua” azpimarratu du eta baita bere izaera “estrategikoa” ere. Horregatik, beharrezkoa da aktibitate hori dinamizatuko duten politikak abiaraztea. Horretarako, lan egin beharra dago komertzioarentzat berebiziko garrantzia duen Eguberrietako kanpainan herriko dendak Villabonako herritarrei zerbitzu ona emateko moduan izan daitezen.

 

“Herriko komertzio txiki eta ertaina babesteak Udalaren lehentasunezko helburu izan behar du, Villabonako jarduena ekonomikoaren garapenerako oinarrizkoa baita; despopulatzearen aurka lagunduz, bertako produktuak baita bertako ekoizle eta banatzaileak babestuz ere. Ez du aberastasuna soilik sortzen, baita lanpostuak, edota auzo eta giza-sareak ere”, amaitu du. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!