Aurtengo ikerketa proiektu sarietarako deialdia, zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 18a, 02:00

2.000 euroko bi ikerketa proiektu sari eskainiko dituzte aurten UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak. Eskariak aurkezteko epea urriaren 15ean amaituko da:

Geroko tesiak bultzatzeko helburuarekin eta ikertzaile gazteei edota hasiberriei bultzada emateko asmoz, aurten ere bi ikerketa proiektu sari izango dira esleitzeko UPV/EHUko Mikel Laboa Katedraren eta Mintzola Ahozko Lantegiaren eskutik. Ikergai nagusia bertsolaritza duten proiektuak gauzatzeko 2.000 euroko bi diru-laguntza eskainiko dira.

Lanen ikergai nagusia bertsolaritza izango da eta edozein jakintza-alorretik aztertu ahal izango da berau. Bestalde, master-amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerketa-lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira; nolanahi ere, unibertsitateko irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua.

Urriaren 15era bitarte egin ahal izango da eskaria, eta handik hilabetera argitaratuko da ebazpena.

Eskariak egiteko prozedura eta informazio osoagoa topatuko duzue www.mintzola.eus atarian bertan eta www.ehu.eus/laboakatedra webgunean.

Bertsolaritzari loturiko hainbat ikerketa abian

2013an hasita Mintzola Ahozko Lantegiak UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin eta Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzekin batera egindako bideari esker, areagotu egin dira bertsolaritzaren inguruan abiatu diren azterketa lanak. Beste erakundeek martxan jarritako deialdietan ere, hainbat dira bertsolaritzaren aldeko hautua egiten duten ikertzaileak.

Proiektu sarien deialdia doktore tesiak abiarazteko onuragarri gertatu da, azken deialdietan ikusi denez, proiektu saria lortutakoek tesirako proiektuak ere aurkeztu baitituzte gerora. Abian dauden ikerketa horietako zenbait ezagutzeko aukera izango da abuztuaren 24an eta 25ean Donostiako Miramar Jauregian, UPV/EHU Uda Ikastaroen baitan Mintzolak antolatu duen Bertsolarien kantaera eta sormena ikastaroan. Izena emateko parada duzu oraindik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!