Nagusi mailako Santio pilota txapelketa, azken txanpan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 14a, 02:00

Santio txapelketako lau bikote onenak sailkatu dira uztailaren 20an Bearzana pilotalekuan, Nagusien mailan jokatuko diren finalerdietarako:

Behar Zana pilota elkarteak antolatzen duen Nagusien mailako Santio Torneoko finalerako txartelengatik borrokatuko duten lau bikoteen izenak ezagutzen dira jada. Aipaturiko finala, uztailaren 26an jokatuko da Bearzana pilotalekuan eta txapeldunek, beste sarien artean, VI. Antton Pebet Oroimenezkoan parte hartzeko baimen zuzena irabaziko dute.

Ekainaren 6an hasi eta astearte eta ostegunero jokatu den udako torneo honetan 24 bikotek parte hartu dute.

Final-laurdenetako lehen partidan Zestoako Salegik eta Maiz herritarrak 22-12 galdu zuten Burlatako Zugarralde taldeko Anso eta Alduntzinen aurka.
Azken hauek Añorgako Urmeneta beteranoaren eta orain gutxi rekalifikatu den Aspeko  profesional ohia den Asteasuko Urruzolaren aurka jokatuko dute beren finalerdia. Urmeneta eta Urruzolak iparraldeko Mitxelena eta Mendyren aurka irabazi zuten 22-15eko emaitzaz.

Beste final-laurdenekoan orain gutxi Herriarteko txapelketa irabazi duen Azpeitiko Etxanizek eta Oiartzungo Aranburu beteranoak 22-14 irabazi zuten Zegamako Matxin eta Elizegiren aurka.
Lehenengoek Egiguren tolosarraren eta Aranguren donostirarraren (biak Amezketako Zazpiturri taldekoak) aurka jokatuko dute beren finalerdietako partida. Egiguren eta Aranguren gazteek Irurzungo Barbajero eta Telletxea bikotearen aurka 22-18 emaitzaz irabazi zuten beren norgehiagoka.

Beraz, uztailaren 20an 19:00etan hasita jokatuko diren finalerdiak horrela geratuko dira:

Lehen partidan, Anso eta Alduntzinek Urmeneta eta Urruzolaren aurka jokatuko dute eta bigarren partidan, berriz, Etxaniz eta Aranburuk Egiguren eta Arangurenen aurka.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!