Karrikan dute hitzordua festazaleek, asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 14a, 02:00

Asteburu honetan Karrikako jaien txanda izango da. Sardin jatearekin eta rock kontzertuarekin hasiko dira, ostiralean. Larunbatean eta igandean musika eta hitzordu gastronomiko ugari. Baita igande arratsaldeko play-back saioa ere. Jai batzordeak herrikideei gerturatzeko gonbite berezia luzatu die.

Ostiral arratsaldean hasi eta igandera arte ospatuko dituzte Karrikako jaiak. Oihane Etxaniz, Ana Gaspar, Leonor Plata, Daniel Fondon eta Ane Roig burubelarri dabiltza jaien antolakuntzan eta, urtero bezala, egitarau oparoa osatu dute andoaindarrentzat eta, bereziki, Karrikako auzotarrentzat.
Urtero arrakasta izaten duten ekintzak mantendu eta aspaldian egiten ziren zenbait ekintza berriro antolatu ditu Karrikako jai batzordeak. Hala, sagardo dastaketa egongo da larunbatean eta Playback ospetsua igande arratsaldean: “Andoaingo festa guztietan egiten den playback bakarra da”, adierazi du Ana Gasparrek. 
Gaztetxoek bere tokia izan dezaten, futbol txapelketa infantila izango dute eta danborradan parte hartzeko aukera ere emango zaie. Izan ere, aurten haur eta helduak 20:00tan aterako dira larunbatean, ondoren afariari ekiteko.  

Berritasunen artean, Rock kontzertua
Berritasun ugarirekin datoz aurtengo festak. Ostiralean, urte askoren ondoren, berriro Rock kontzertu “indartsua” itzuliko da eta Pangea eta Kalean taldeek joko dute: “Urte asko dira Rock kontzertua antolatzen ez zela eta, giro pixka bat jartzeko, aurten antolatzea erabaki dugu”. Talde “indartsuen” aldeko apustua egin dute, auzoan arrakasta izan dezan. 
Horrez gain, festa guztietan zehar, hanburgesa eta ogitarteko postua jarriko dute iaz bezala. “Lehengo urtean arrakasta izugarria izan zuenez, aurten errepikatzea erabaki dugu”. Aurten, hala ere, jakiak “landuago” egongo direla iragarri dute. 
Bestalde, errifak, saskiak, publizitatea, tabernetako laguntza eta mus txapelketa landu dituzte laguntza ekonomikoa jasotzeko. “Jai batzordearen izenean, eskerrak eman nahi dizkiegu urtero-urtero gu laguntzen eta festetan modu aktiboan kolaboratzen duten guztiei”. Andoain guztitik laguntza jasotzen dutela eta alde horretatik “pozik” daudela adierazi dute. 

Herritarrei deialdia
Andoaindar guztiei Karrikako festetara gerturatzeko deialdia egin diete antolatzaileek. “Azken urteotan herriko beste ekintzaren batekin batera egokitzen dira festak. Honenbestez, andoaindarrak auzora gonbidatu nahi ditugu, egindako lan guztiak erantzuna izan dezan”. Karrikako auzotarrez gain, gainerako andoaindarrek ere festez gozatzea da beraien nahia. 

KARRIKAKO JAIAK
Uztailak 14, ostirala:

  • 19:00 Jaiei hasiera emateko txupinazoa.
  • 19:15 Zumalokura saioa Susana eta Iratiren eskutik.
  • 20:30 Sardin jatea.
  • 22:30 Rock kontzertua: Pangea, Kalean.
  • 02:00 DJ Tristan.

Uztailak 15, larunbata:

  • 10:00 Futbol txapelketa. Gehienezko adina 14 urte.
  • 12:00 Puzgarriak eta apar festa.
  • 12:30 Sagardo dastaketa.
  • 16:00 Mus txapelketa, bikoteka. 20 euro.
  • 16:00 Puzgarriak eta apar festa.
  • 20:00 Danborrada eta afaria Karrika elkartean.
  • 23:30 DJ Tristan. Ondoren, pepino lehiaketa.

Uztailak 16, igandea:

  • 11:00 Hildakoen aldeko meza, Sorabillan.
  • 12:00 Toka txapelketa.
  • 12:00 Marrazki lehiaketa. Marrazkietako bat 2018ko jaiak iragartzeko erabiliko da.
  • 12:30 Patata tortilla lehiaketa. Jai batzordearen esku: patatak, arraultzak eta tipula.
  • 12:30 Paella lehiaketa. Jai batzordearen esku: arroza, tipula, piperra eta oilaskoa. Paella handi bat ere egingo da, errazio bakoitza 1,5 eurotan salduko dena.
  • 18:30 Play back saioa.
  • 19:30 Jumping eta Zumba.
  • 20:30 DJ Tristan.
  • 23:00 Jaien amaierako azken traka.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!