Deborah J. Carter abeslariaren emanaldia, uztailaren 22an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 14a, 02:00

2017ko Santio jaiei hasiera emateko, Estatu Batuetan jaio eta Europan bizi den Deborah J. Carter abeslariak doako kantaldia eskainiko du uztailaren 22an Erreboteko plazan, 20:00etan:

Deborah J. Carter Heineken Jazzaldia 2017ko izarretako bat izango da, eta “Musikene” Musika Kontserbatorioko instrumentari talde baten laguntza izango du; Carterrek eskola magistralak ematen ditu Kontserbatorioan bertan.

Nazioartean ospe handia duen abeslariak, Ella Fitzgerald, jazzaren dama handiaren errepertorioa izango du gogoan, jazzaren eta XX. mendeko kulturaren ikur handi hau jaio zela mendeurrena betetzen baita aurten. Deborah J. Carterrek, bere ahots landu eta dotoreaz, Fitzgeralden kantak fideltasun handiz abestuko ditu, baina bere estilo pertsonal eta propioa emanez.

Udalak bere poza adierazi du nazioarteko lehen mailako emanaldi hau lortzeagatik: “Joan den urtean apostu irmoa egin genuen jaietan lehen mailako kontzertuak izateko, eta herritarren erantzuna ezin hobea izan zen. Aurten, apostu honekin jarraitu dugu, eta aurrerantzean ere, horrela jarraitzea espero dugu” aipatu du kultur zinegotziak.

Kultura sailak puntualtasuna eskatu die bertaratu behar dutenei, kontzertua ahalik eta baldintza onenean egin dadin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!