Txindokiren urteurrena ospatzeko jaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 13a, 02:00

1957ko uztailaren 15ean, Elosegi familiak Txindoki tabernako ateak lehen aldiz zabaldu zituen Andoaingo Kale Nagusian. Larunbat honetan bertan irekitze data hartatik 60 urte beteko dira, eta efemeridea behar bezala gogoan hartzeko 2013tik hona tabernaren ardura dutenek festa antolatu dute. 

Egun osokoa izango da, kalean egin nahi dutena. Urru gaur egungo tabernaren arduradunetakoa da, eta Aiurriri jaiaren xehetasunak eskaini dizkio: “Paella jatea, musika, parrillada..., ekitaldi guztiak kalean egingo ditugu. 60 urte ez dira egunero betetzen, eta urte hasieratik ospakizuna antolatzea buruan genuen. Aurten, Santa Krutz jaietan pregoia bota dugu eta ezusteko bikaina izan da. Ez genuen espero”.

Ospakizun irekia
Bezeroak eta lagunak bezalaxe, Txindokiko arduradunek andoaindarrak, oro har, ospakizunera hurbiltzea nahiko lukete: “Egunean bertan txartelak banatuko ditugu, ez dira aldez aurretik hartu beharko. Eguerdian bazkaria eta kontsumizioa eskainiko dugu prezio merkean, eta iluntzeko parrilladarekin gauza bera”. Antolatu duten egitarauarekin, larunbateko jaiak Urru eta lankideentzat ospakizunetik gutxi izango duela aitortzen du: “Animatuz joan ginen eta azkenerako egitarau handi samarra atera zaigu. Larunbat gaura leher eginda iritsiko garela uste dut, egitarau osoaren atzetik lan handia baitago. Txindokikook benetako ospakizuna asteartean egingo dugulakoan nago, jai eguna dugunez elkarrekin bazkaltzera joango baikara”.
Bodegas Mitarte eta Keler dira jaiaren babesleak. Bodegak, ospakizunerako bereziki, 15 litroko botilzarra prestatu du. Iluntzeko 20:30ean irekiko dute, bezero eta lagunek proba dezaten.
Festa berezia izango da, datozen urteetan segidarik izango ez duena. Beno, Txindokiren 75. urteurrena ez lukete oharkabean igarotzerik nahi. 2032. urtean izango da hori. Bien bitartean, dagoenari eutsi. Larunbat honetako festak udako plan bikaina dirudi.

UZTAILAK 15, LARUNBATA
13:00 Txupinazoa, bermut musikala.
13:30 Paella jatea.
18:00 Mojitoak kalean. Herna taldea zuzenean.
19:30 Mojo Hand taldea zuzenean.
20:30 Bodegas Mitarteren botilzarraren irekiera.
20:45 Parrillada.
23:30 Jaiaren amaiera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!