Sagartu, sagarra bizitu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 13a, 02:00

Oinkari dantza taldeak eta Hika Teatroak Sagartu ikuskizun berria estreinatu dute. Uztailaren 21ean, Villabonako Txistulari plazan ikusteko aukera izango da.

Amantalen ahotsa ikuskizunean egin zuten topo lehen aldiz Oinkari dantza taldeak eta Hika Teatroak, 2012ko azaroan. Handik urtebetera, 2013ko uztailean, Itsasoaren emazteak ikuskizuna sortu zuten elkarlanean. Oraingo honetan, berriz, Sagartu kale ikuskizuna osatu dute, uztailaren 8an Zarautzen estreinatuko dutena. Oinkariko 17 dantzarik hartuko du emanaldian parte, Miren Gojenola Hikako aktorearekin nahiz Iñaki Dieguez akordeoi-jotzaile eta Iker Telleria perkusio-jotzailearekin batera. Ikuskizun multidisziplinarra; dantza, antzerkia eta musika uztartuko dituena; sagarra da, noski, Sagartu ikuskizuneko protagonista nagusia. Honelaxe deskribatu dute sagarra, ikuskizuneko testuak osatu dituzten Arantxa Iturbe eta Agurtzane Intxaurragak, “sagarra tentazioa da. Goserik gabe, gutizia. Bazkal-aurretik, kapritxoa. Bazkal-ondoren, apeta. Eta beti, osasuntsua. Gosea baretzen du, eta aldi berean, sagar gehiagoren gosea piztu. Sagarrak dantza egiten du. Poltsikoan berdea, poltsoan, gorria eta eskuan, berdea!”. Sagarretik sagardora eta sagardotik bueltan sagastietara, festa batean hasi eta festa batean amaitzeko moduan ibiliko direla iragarri dute. Gipuzkoako historiaren parte handia delako aukeratu dute sagarra ikuskizunaren oinarri gisa eta, sagarra bere horretan, oso elementu dantzagarria iruditzen zaielako, “borobiltasun horrek mugimendurako gonbita egiten du, erakargarria da begi bistarako, koloretsua eta oso eramangarria: eskuetan, poltsikoan”.

 

Erronka, ilusioa

Eneritz Ugartemendia billabonatarra, ikuskizunean parte hartuko duen dantzarietako bat da eta, azken hilabeteotan, emanaldia borobiltzeko buru-belarri lanean ari direla adierazi du. “Sagarraren historiari egokitzen zaion koreografia osatu du Eneko Gil dantzariak. Pausoek oinarri tradizionala badute ere, guretzat berria da guztia. Pentsa, break dancea ere egiten dugu!”, dio irribarretsu. Sagarraren inguruan egingo dute dantza emanaldi osoan zehar. Haatik, sagarrarekin batera, badira berebiziko presentzia duten beste elementu batzuk ere; antzinako aulkiak edota amantalak. Kale ikuskizuna izateak dantzariengan eragina duela azaldu du Eneritzek, “orain artean taula gainean aritu gara dantzan beti. Orain kalean arituko gara eta guztiz esperientzia berria izango da hori guretzat. Ikuskizun zirkularra da eta ez dugu alde batera begira soilik dantzatuko, alde guztietara begira baizik”. Ilusioz bezala errespetuz begiratzen diote erronka berri honi, “dantzan hasi eta emanaldia bukatu bitartean eszenan arituko gara, ez dugu teloiaren atzealdera joateko aukerarik izango”. Esperientzia “intentsoa” moduan definitu du Eneritzek prestatzen ari diren azken lana. “Entsegu asko egin dugu, den-dena, –musika, koreografiak edota testuak–, ikuskizunerako espreski sortuak baitira eta hori guztia ondo lotzeak lan handia eskatzen du”. Dantzariaren paperean ez ezik, antzezlearenean ere jarriko dira Oinkariko kideak. Ikuskizunean zehar, Miren Gojenola aktoreak soilik hitz egiten badu ere, dantzariek pauso eta espresioekin lagunduko dituzte haren hitzak. Baina, musikak ere paper garrantzitsua beteko du, saio osoan zehar hitz egingo baitu, zuzenean.

 

UZTAILARE 21ean, Villabonan

Ekainaren 29an, Lizartzan entsegu irekia jendaurrean egin ondorenean, uztailaren 8an estreinatuko dute ikuskizuna Zarautzen. Dagoeneko hainbat hitzordu zehaztuta dauzkate: Uztailaren 16an, Alegian, uztailaren 21ean Villabonako Txistulari plazan, uztailaren 23an Astigarragan, abuztuaren 15ean Adunako festetan… Hortik aurrera, hamaika txokotan izango da emanaldiarekin gozatzeko aukera. Sagar on!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!