36ko Gerrako aztarnak bistaratzen, auzolanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 13a, 02:00

Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraulgo Udalek eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatutako auzolandegiak martxan dira uztailaren 3az geroztik. Foru Aldundiaren laguntzarekin, Zarateaitz inguruko lubakietan ari dira indusketa lanak egiten estatu mailatik etorritako 18 gazte. Gazte horien formazioa sustatzea da auzolandegien helburu nagusia.

[Argazkiak]  [Bideoa]

Uztailaren 16ra arte luzatuko da auzolandegia, eta gustura ari dira gazteak. Auzolandegia burutzen ari diren gunea, 1936ko abuztua eta irailean, altxamendu militar frankistaren aurkako erresistentziaren mugarri izan zen. Aduna, Asteasu eta Zizurkilen Sasetak diseinatu eta gudariek eraiki zituzten ehunka metroko lubakiak aipatzen den dokumentazioa aurkitu dute eta orain, berreskuraketa lanak egiten ari dira. Goizetan egindako lan horren osagarri, hainbat memoria gune bisitatu dute; Intxorta, Sartaguda, Ezkabako gotorlekua, Lemoatx mendiko auzolandegia, Oiartzun... Memoria historikoaren inguruko hitzaldiak ere eskaini dizkiete gazte hauei.

Maite Amenabar Zizurkilgo zinegotzia da eta hitza hartu du auzolandegira egindako bisitaldian: "Auzolandegiko gazteak izan dira egia aurkitzeko xedean gure begi eta eskuak. Nire esker ona aurten auzolandegira batu diren begi eta esku berriei. Zuek balio erantsia ematen diozue auzolandegi honi. Gazteen esku baitago hemen topatuko duzuen egiaren transmisioa". Adunako Belkoian, Zarateaitz eta Zarate izan dituzte jomuga orain arte antolatutako auzolandegiek.

Asteasuko alkate den Pili Legarrak ere hartu du hitza: "3 urte daramagu lan honekin. Tolosaldeko eta Gerra Zibilieko lehen frontea hementxe izan genuen eta asko dago oraindik lantzeko. Aldundiari esker ari gara lana burutzen, eta aurrera jarraitzeko gogoz.

 

Adunako alkate den Josu Amilibiak, Foru Aldundiaren laguntza eskertu nahi izan zuen aurkezpen saioan: "Eskerrak eman behar dizkiogu Aldundiari eta baita batu berri zaigun Larraul herriari ere. Lau herri gara dagoeneko bide honetan murgildu garenak. Gure helburua urtetan ixilean egon diren pasarteak, gudariek egin zuten lana azaleraztea".

Ander Leon, Larraulgo zinegotzia da. Aurten elkartu da Larraul auzolandegien ekimenera: "Eskerrak eman nahi dizkiegu Zizurkil, Aduna eta Asteasuri orain arte egin duten lanagatik.  Larraul modu xumean gehitu da aurten eta gure asmoa da datozen urtetan bat gehiago izatea, ahal balitz oraindik ere indartsuago egitea ekimen polit hau.

Maribel Vaquerok hartu du hitza Foru Aldundiaren izenean: "Foru Aldundiaren helburuen artean dago gure memoriaren pasarteak ezagutaraztea, zer gertatu zen jakitea eta zabaltzea edo trasmititzea. Gazteek egindako auzolandegi hauek lagundu egiten dute trasmisio horretan. Oso ezaguna da gipuzkoako frontean gertatu zena eta oso garrantzitsua izan zen hemen gertatu zena. Agirre lehendakari izan zen, besteak beste, hemen erresistentzia lan handia egin zutelako. Gure historiaren parte oso garrantzitsua da".

Javi Buces Aranzadi Zientzia elkarteko kide da. 'Saseta defentsa-sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen' liburuaren egile izan zen, Karlos Almortzarekin batera. "Hemen aritu ziren gudari boluntarioak defentsa sistema hau eraikitzen eta 80 urte geroago, beste gazte boluntario talde bat ari da aztarnak berreskuratzen. Urte hauetan zehar, ikerketa historikoak egiten ari gara eta gure helburua da oroimen historikoa berreskuratzea; bai arkeologia bidez, baita ikerketa bidez ere".

Manex Arrastoa zizurkildarra ari da auzolandegiko antolaketa lanak egiten: "Lehendabiziko aldiz auzolandegia bi hizkuntzatan egiteko aukera eskaini dugu eta horrek estatu osoko jendea gerturatzea ekarri digu; Andaluzia, Madril, Asturias, Katalunia... gehienak unibertsitateko ikasleak, historia edo arkeologia ikasten ari direnak, edo ikasketak bide horretara zuzendu nahi dituztenak. Eskertzekoa da haiek etorri izana; kanpotik datorren jendearen interesa ikustea pozgarri egiten zaigu".

Joanes Carrera billabonatarra dago auzolandegietan parte hartzen ari diren gazteen artean: "Ekimenaren berri izan nuenean zalantzarik gabe eman nuen izena. Historia ikasketak egin ditut, eta oso interesgarria iruditzen zait 36ko Gerraren inguruan egiten ari garen lan hau. Material aldetik bilaketa handiegirik egin ez dugun arren, asko ikasteko aukera izan dugu; bai indusketa arkeologikoen inguruan, baita dokumentatzearen inguruan ere. Horrez gain, hainbat bisitaldi egiteko aukera ere izan dugu, guztiak ere oso interesgarriak". 18 gazte biltzen dira auzolandegian, eta giro ederrean ari direla azpimarratu du Joanesek: "Oso ondo konpontzen gara elkarrekin. Datorren urtean deialdirik aterako balitz, zalantzarik gabe emango nuke izen berriz ere parte hartzeko".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!