Nola ekin zenion basozain lanbideari?
Orduan ere, orain bezala, baziren arazoak. Fabrika batean aritu nintzen lanean bost urtez eta 1978 urte bukaeran, fabrika itxi zenean, basozain izateko oposaketak atera ziren. Lagun baten bidez jakin nuen haien berri eta aurkeztu egin nintzen. Orduan orain baino errazagoa zen postua ateratzea, jende gutxiago aurkezten baitzen. Basozaintzako lau plaza atera zituen Foru Aldundiak eta hogei-hogeita bost bat pertsona aurkeztuko ginen. Azterketa pasa egin genuen eta gaur arte! Gai horiek gustatu egin zaizkit beti eta niretzat deskubrimendua izan zen basozainaren langintza. Oso aberasgarria izan da niretzat, asko ikasi dut. Bazter asko ezagutzeko aukera izan dut, jende askorekin erlazionatu naiz; baserritar, baso-jabe, lankide… Oro har, jende guztiarekin gustura sentitu naiz eta naturarekin harremanetan lan egiteak, urte hauetan guztietan ikasten jarraitzeko aukera eman dit. Azken batean lana da eta lanak baditu bere arazoak. Eta noski, izan ditugu une gogorrak ere, baina orokorrean, oso ondo sentitu naiz.
Nola zehaztuko zenuke basozainaren eginbeharra?
Izenak berak nahikoa esaten du, baina basozainaren zereginak aldatzen joan dira urtetan. Azken batean, basozainak legedi bat bete behar du. Orain 37 urte, alde batetik, mendiko legea zegoen –orduan estatu mailakoa zena–, eta bestetik, ehiza edota erreketako arrantzako legeak. Egun legedi hori asko zabaldu da. Lege mordoa dago natura nahiz hainbat espezie, naturgune, parke natural edota biotopo babesteko… Horrez gain, herri onurako mendietako –Foru Aldundi edota Udalen mendi sail publikoak– gestio osoa bideratzen du basozainak: landaketak, garbiketak, bakanketak, mozketak, neurketak… Arau orokor horiek zaindu eta une bakoitzean araudia bete dadin ziurtatzea da gure lana. Momentuan sortzen diren beharretara ere egokitu behar izaten du basozainak. Besteak beste, suteen legea mendiko arauen barruan dago eta gure lanaren parte da suteen zainketa eta itzaltzea ere.
Zein egoeratan sumatzen dituzu basoak gaur egun? Hainbatek zikinak jaten ari direla diote… Prozesu naturalean hazten utzi edo txukundu egin beharko lirateke?
Gipuzkoako basoak orokorrean ondo daude, hobetu litezke noski, baina abantaila handia daukagu; gure klimarengatik eta kokapenarengatik beti lanean ari baita basoa. Kontua, basoarekin zer egin nahi dugun jakitea da. Nire ikuspegi pertsonaletik, leku bakoitzean, bere baldintzak, egokitasuna eta beste hainbat faktore kontuan hartuta, zer nahi den erabaki behar da: egur produkziora dedikatu nahi bada, urte gutxian ahalik eta egur gehien emango duen espeziea landatu beharko da, ahalik eta gastu gutxienarekin. Orain arte insignis pinua izan da izarra, baina insignisari gaixotasuna sartu zaio eta etorkizunik ez duela dirudi, inguru honetan behintzat. Bestelako irtenbideak bilatzen ari dira orain: eukaliptoa bere arazo guztiekin, beste pinu edo espezie mota batzuk… Mendi eremu bat egur produkziora bideratzea erabakitzen bada, landaketak egin eta espezie hori beste espezietatik zaindu egin beharko da. Niri basoan ez zait garbitu hitza erabiltzea gustatzen, mendia oso garbi egoten baita bere erara bakean uzten badugu. Larrak eta oteak gu zulatu egiten gaitu eta guretzat ez da atsegina, baina mendian bere papera jokatzen dute. Hori bai, eukaliptua, pinua edo beste espezieren bat aurrera atera nahi izanez gero, konpetentzia kendu egin beharko zaio, ingurua garbituz. Esaterako, zona bat bere prozesu naturalean hazten utzi nahi bada, beste tratamendu bat eman beharko zaio, askoz ere interbentzio gutxiago egin beharko da, datozen espezie guztiei lekua eginez. Biodibertsitate aldetik askoz ere aberatsagoa izango da, baino egur gutxiago produzituko du edo askoz ere epe luzeagora behintzat.
Eztabaida iturri, beraz...
Gipuzkoan bada borroka gai horien inguruan, azken batean interes desberdinak baitaude mendian: ganaduzaleen interesak, egur produkzioan ari direnenak, naturalistenak… Leku eta eremu bakoitzean erabakiak hartu egin behar dira. Batzuek egurraren produkzioa astakeria moduan ikusten dute, baina nik uste ez dela alboratu behar. Egurra, azken batean, lehengai berriztagarria baita, beste oso gutxi bezala. Horrek ez du esan nahi mendi guztiak egur produkziora dedikatu behar direnik eta gutxiago gure eremuan, oso toki malkartsuak eta esplotatzeko neketsuak daudelako. Baina Gipuzkoan, lekuan-lekuan erabakiak hartu behar dira eta hor ikusten dut akatsa.
Gipuzkoako mendiaren zati gehienak jabetza partikularrekoak dira, pribatuak, eta lur jabeak etekina atera nahi izaten du gehienetan. Ez da erraza, baina ordenazio pixka bat falta da. Bestela, mendian ezer landatu ez dela eta zikintzen ari direla esatea ez da egia, hura bere lana egiten ari baita. Prozesu naturala da eta bere bidean utziz gero, seguru asko 100 urte barru baso ederra egongo dela. Azkenean, epe luzera etorriko diren zuhaitzak oso onak izango dira. Basotik kanpoko eremuak, etxe edo herri ingurua txukun mantentzea beste gauza bat da.
Uler al daiteke basoa zuhaitzik gabe?
Bai, zuhaitzak dituzten eremuak gehiago izanagatik, basoaren kontzeptuaren baitan badaude zuhaitzik gabeko larre eremuak, Aralarren adibidez. Hango ganadua kenduko balitz, pixkanaka zuhaitzez beteko litzateke hura guztia, garai batean zen bezala. Basoak bere lana egiten du. Gizakia kenduz gero, mendia baso bihurtzen saiatzen da. Garai batean basoa garbiagoa egoten bazen, gizakiak premia handiagoa zeukalako zen eta segaz pasatzen zituelako urtero bazter guztiak. Lehen zaila zen zuhaitzak ateratzea, garbi egoten baitziren mendiak, baina bioaniztasun aldetik orain baino askoz ere pobreago zeuden. Gizakiaren interbentzioa oso garrantzitsua da basoan eta historikoki bezala, gaur egun ere, hiru eratara hartzen du parte gizakiak bertan: sega edo sasiak garbitzeko makinaren bidez, sua eman eta errez edota ganadua sartuta. Hiru faktore horiek kenduta, naturak bere lana egiten du egunero-egunero. Gizakiak parte hartuz gero, ordea, beste gauza bat lortuko da: Aralarko paisaia politak, zuhaitzik ez ateratzea, herri inguruetako belardiak… Parte hartzea kenduta, bestalde, basoa etorriko da lehenago edo geroago; hobea edo okerragoa. Hori ezin da geratu. Harrituta geratu nintzen Chernovilgo istripuaren 25. urteurreneko dokumentala ikusi nuenean. Chernovil hiria, bere bloke handiekin abandunatuta geratu zen osorik. Orain, etxe haiek zuhaitzez tapatuta daude harrigarriki. Zuhaitzak kaleetan, etxe ondoetan, bazter guztietan atera ziren. Egoera okerrenetan ere naturak aurrera egiteko joera du. Garai batean bizitzeko behar zelako garbitzen ziren basoak; egun, zorionez bizimodua aldatu delako, ez da horretarako beharrik.
Inguruko basoetan ia zuhaitzik gabeko garaiak ere izan dira…
Gipuzkoako Foru Aldundiak lehengo gizaldiaren lehen urteetan sortu zuen Gipuzkoako basozainen taldea, 1903 urte inguruan. Orduko agintariak oso kezkatuta zeuden Gipuzkoa basorik gabe geratzen ari zelako, idatzietan irakur daitekeenez. Aita basozaina zuen Rosa Aierbe Urnietako historialariak idatzitako liburukietan ikusten da nola Gipuzkoako batzar nagusietan eztabaida asko izaten zen basoen inguruan. Horregatik sortu zuen Diputazioak mendiko zerbitzua eta basozainak jarri zituen lanean. Diputazioan sartu ginenean, lau basozain zeuden eta beste lau hasi ginen gu. Orain 48 bat dira. Eta bai, aspaldidaniko kezka da: Erdi Aroaz geroztik, barkuak egiteko edota egurra burdinoletan erabiltzeko, basoak galdu egin ziren. Bada dokumentu grafiko oso esanguratsu bat, ez hain zaharra, 1956an Gipuzkoan egin zen lehen katastrokoa hain zuzen. Adunako udaletxean ere badira hegazkinetik ateratako zuri-beltzezko argazkiak, mendietan ezer ere ez zegoela erakusten dutenak. Ikusteak merezi du, jende askok ez baitaki horren berri. Gipuzkoan asko ugaritu da basoa azken 30 urte hauetan. Nekazaritzak atzera egin duen bezala, aurrera egin du basoak. Baina orain 60 urte zuhaitzak zenbatu egin zitezkeen Adunamendin, bakan batzuk besterik ez baitzeuden. Gero horren buelta etorri zen, Espainia guztian egurraren premia ikaragarria baitzegoen eta zuhaitzak aldatzen hasi ziren. Hemen insignis pinua aldatzen zen batez ere, espezie hori etortzen baitzen ondo inguru honetan. Lehendik ere bazeuden zonalde batzuk insignisa landatzen zutenak, baina landaketa masiboak gerra ondorenean etorri ziren. Gero 1956ko izozteak Gipuzkoako insignis guztiak erre zituen. Berriz ere landaketak egin ziren eta azken urteetan bota dira haietako asko. Orain, esan bezala, gaixotasuna etorri zaio insignisari eta zabaltzen ari da zonalde honetan batez ere.
Inguruan lur eremu publikorik ez dela entzuten da behin baino gehiagotan. Horrek ere badu historiarekin loturarik…
Gipuzkoan, arrazoietako bat behintzat, gerrateetan, Karlistadetatik hasita, udaletxeek dirua behar izaten zutela eta, horren aurrean, mendirik onenak saldu egiten zituzten. Horregatik udaletxe asko batere sailik gabe geratu zen edota sail okerrenekin.
Zein da Beterri-Aiztondo eskualdearen kasua?
Adunan, esaterako, mendi gehienak publikoak dira. Ez da ohikoena hemen inguruan, mendi publikoak Nafarroako eta Arabako mugan baitaude nagusiki. Gainontzeko udaletxe askok ez dauka herri onurako mendirik. Besteak beste, Zizurkil, Asteasu edota Larraulen kasua da hori. Amasamendiren kasua, ordea, bestelakoa da. Ia mendi osoa, zati txikiren bat ezik, publikoa baita. Adunan hirutik bi lur sail publikoak badira, Amasamendin ia mendi guztia publikoa da. Andoainek ere sail publiko asko dauka.
Eta animalien inguruan? Zein espezie nagusitzen da inguruko basoetan?
Pertsegitutako espezie batzuk izan ziren, oso murriztuta zeudenak eta, orokorrean, errekuperatzen ari dira. Batzuk gehiegi agian; basurdea edota orkatza, esaterako. Basakatuak, lepatxuriak edota lepahoriak gutxitzen ari zirela uste bazen ere, ugaritzen ari dira. Gizakiak atzera egin duen bezala espezieak errekuperatu egin dira.
Hegaztien artean, adituek diotenez, Gipuzkoan oso esanguratsua izan da okil beltzaren ugaritzea. Dirudienez, oso gutxi zen hemen eta orain kabi dezente egiten du. Hori basoaren egoera onaren adierazle da, kate bat baita guztia. Okil beltza egoteko baldintza batzuk behar dira: zuhaitz zaharrak, usteltzen ari direnak, sano daudenak… Hori aberasgarria da, intsektu asko biltzen baita hor. Azken batean, bioaniztasuna.
Putreak ere, gutxi ziren eta asko ugaritzen ari dira, jana eta baldintzak dituztelako eta ez direlako pertsegitzen. Baina gizakioi arazo batzuk sortzen hasi dira eta neurriak hartu behar dira halakoetan, erraza ez bada ere.
Zer ehizatzen da eskualdean gehien?
Iaz 1200-1300 basurde deklaratu ehizatu zen. Orkatza ere beste hainbeste. Orkatz asko dago inguruko basoetan, oso ondo aklimatatu baitira, jana dute, gordelekuak dituzte eta basurdeak kenduta ez dute depredatzailerik. Eta baita basurdeak ere, haiek ez baitute depredatzaile handiagorik. Hemengo basoetan basurdea eta orkatza ehizatzen da gehien. Hegaztien artean, berriz, usoa, birigarroa eta oilagorra.
Gaiari lotuta, ehizako araudia betearaztea egokitzen zaio basozainari.
Basozain modura aldaketa sumatu al duzu?
Aldaketa oso handia izan da, gure funtzionamendutik hasita. Hasieran gure kotxean ibiltzen ginen, gero kotxe ofiziala eman ziguten. Lehen urteetan ez genuen ez mobilik, ez irratirik eta haiek emandakoan asko aldatu zen gure lan egiteko modua. Lehen baserritarrek etxera deitzen ziguten iluntze-gau partean. Nire aurreko basozainek tabernan atenditzen zituzten baserritarrak, han egiten zizkieten baimenak. Orain bulegoak ditugu… Mendiko lan tresneriari begira zer esanik ez. Lehen sega eta matxetearekin egiten zen lana, orain sasiak mozteko makinak, motozerrak, kamioiak, gruak, egurra ateratzeko makinak edota prozesadorak erabiltzen dira.
Segurtasun aldetik ere aldaketa handiak izan dira, nahiz eta proportzioan, oraindik ere istripu asko izaten den mendian. Landatutako espezieen artean, berriz, lehen ia dena insignis pinua aldatzen zen. Gero hosto zabalak aldatzen hasi ginen, batez ere herri onurako mendietan. Orain, insignisari gaixotasuna etorri geroztik, alternatibak bilatu behar dira. Aldaketa soziologikoa ere handia izan da. Lehen baserritarrak normalean beren terrenoak beraiek landatzen zituzten eta orain hori bukatu egin da. Gehiengoak jendea kontratatu egiten du egun lan horiek egiteko.
Maiatzean erretiroa hartuta ere, mendiarekin, basoarekin lotuta jarraituko al duzu?
Bai, dudarik gabe. Inguruan bizi gara eta halaxe segiko dugu. Aurrerantzean, gauzak lasaixeago hartu eta lehen baino denbora gehiago izango dugu bazterrak ikusi edota irakurtzeko ere.
Basozain nagusi
Ia 37 urte egin ditu basozain lanetan Jabier Zabala adunarrak. Joan zen maiatzaren 19an erretiroa hartu aurretik, ardura ezberdinak izan ditu basoko lanetan. Basozain gisa, Aiako Laurgain mendian hiru urtean lanean aritu zen aurrena. Aiztondoko zonaldera etorri zen gero, zonaldeak zabaldu ziren arte. Azken urteetan basozain nagusi bezala ibili da. “Basozainek lau sekziotan banatuta lan egiten genuenez, sekzio horietako baten arduraduna izan nuen nik. Oria bailarako sailarena, hain zuzen. Donostiatik hasi eta Aralarrera bitarte luzatzen den zatiarena”.
Adunako alkate, urte luzez
Basozain gisa ez ezik, jaioterriaren alde ere lan handia egindakoa da Jabier Zabala. 28 urtez aritu zen Adunako udaletxean, horietatik 16 alkate gisa eta beste 12 zinegotzi lanetan. Urte horietan guztietan egindako lan eskergagatik, omenaldi beroa eskaini zioten herritarrek 2011ko ekainaren 5ean, esker-ona adieraziz. Ekitaldiaren amaieran, Jabierrek hunkituta adierazi zuen esker omenaldi hura ez zitzaiola bizi den artean ahaztuko.