Herritarren babes eta animoekin eskertuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko uzt. 12a, 02:00

Herriarteko pilota txapelketan egindako lanarekin pozik agertu dira Xabier Lasa, Enaitz Etxeberria eta Mikel Arrate  zizurkildarrak. Herritarren babesa eta animoak bereziki eskertu dituzte.

Maiatzean ekin zion Zizurkilgo taldeak Herriarteko pilota txapelketari. Aurrez, hilabete inguru zeramaten entrenamenduetarako elkartzeko, talde giroa indartu eta txapelketa prestatzeko. Xabier Lasa, kadete mailako aurrelaria da, eta hark azaldu duenez, ez zen erraza izan taldea osatzea: “Lehendabiziko bilera egin genuenean, ez genuen batere garbi ikusten txapelketan parte hartzerik izango ote genuen ere. Azkenean, ordea, taldea osatu eta izena emateko modua egin genuen. Alde horretatik, Jokin Arregiri eskertza berezia egin behar diogu. Pilota utzita du dagoeneko, baina Herriartekorako gonbita luzatu genionean, baiezkoa esan zuen. Ez da erraza pilota utzia duen batentzat berriz ere kantxaratzea. Ahalegin handia egin du eta hori eskertzekoa da”. 

 

Balorazio ona

Enaitz Etxeberria ere kadete mailan lehiatu da txapleketan zehar, Xabier Lasarekin bikotea osatuta. “Lehendabiziko aldia nuen, eta ilusio handiz aritu naiz. Xabirekin arituko nintzela jakitean, partida txukunak egiteko aukera genuela pentsatu nuen, eta halaxe izan da”, adierazi du.

Mikel Arrate jubenil mailako atzelari lanetan aritu da txapelketa honetan. “Txapelketaren balorazio oso positiboa egiten dut. Altzoren aurka, lehendabiziko kanporaketan, juxtu samar ibili ginen. Aurrera egitea lortu genuen, baina gure burua estu ikusi genuen. Hernani zen gure hurrengo aurkaria eta egia esan, kanporatu egingo gintuztela uste genuen. Aurrera egitea lortu, eta finalaurrekoetara iritsi ginen. Partida onak egin ditugu txapelketa osoan zehar, gustura egoteko moduko lana”.

 

Finalaurrekoetan, Oiartzun aurkari

Finalaurrekoetara iritsita, Oiartzunen aurka aritzea egokitu zitzaien zizurkildarrei. “Joanekoan 2 eta 1 irabazi genuen. Itzuleran, etxean jokatuta, finalerako sailkatzeko esperantza genuen. Lehen partida irabazita, 3 eta 1 jarri ginen aurretik. Taldekideok bagenuen aurrera egingo genuen ustea, eta pilotalekura hurbildu zirenek ere bai. Jubenil eta nagusien mailako partidak, ordea, galdu egin genituen, eta tanteoa Oiartzunen aldekoa zenez, kanpoan geratu ginen. Etxean galtzea, eta tanteoagatik txapelketatik kanpo geratzea, mingarria izan zen. Nolanahi ere, ibilbide polita egin dugula uste dugu”, azpimarratu du Xabierrek. 

Zaletuei eskerrak

Etxean, Intxaur pilotalekuan amaitu zen Zizurkilgo taldearen txapelketako ibilia. Taldekideek azpimarratu dutenez, “eskerrak eman nahi dizkiegu partidak ikustera gerturatu diren guztiei. Etxean jokatu dugunetan, harmailak bete-beteta ikusi ditugu eta ez zaigu animorik faltatu izan. Kanpoan aritzea tokatu zaigunean ere, zizurkildarren txaloak jaso ditugu. Ilusio berezia sumatzen zen jendearen artean eta guk ere modu bereziz bizitu dugu txapelketa”. 

Nagusien mailako Peru Labaka aurrelariak egindako txapelketa ere aipatu dute. “Guztiok dakigu Peruk nolako maila duen. Partida ikaragarriak egin ditu. 18-8 galtzen ari ziren partidari buelta ematea lortu zuen, esaterako. Bera izan da txapelketa honetako gakoa”. 

Emozioz betetako partidak jokatu dituzte zizurkildarrek txapelketan zehar. “Markagailua erabat aurka genuenean buelta ematea lortu dugu behin baino gehiagotan, momentu erabakiorretan gainera. Partida horiek ez zaizkigu berehalakoan ahaztuko”, dio Xabier Lasak. 

Giro polita sortzen da Herriartekoaren inguruan eta hori ere aipatu dute pilotari gazteek: “Herrian ilusio berezia pizten du eta horrez gain, pilotarien artean ere oso giro polita sortzen da. Gure artean, eta baita aurkariekin ere, harremana estutu egin da. Partiden ondorengo afarietan, elkar hobeto ezagutu dugu eta kantxan aurkari izan ditugunak lagun bihurtu dira. Beste txapelketatan ez da horrelakorik gertatzen. Oso esperientzia polita izan da”. 

Datozen urteetarako, Herriartekoan parte hartzeko gogotsu azaldu dira zizurkildarrak, baina taldea osatzeko arazoak izan ditzaketela aurreratu dute: “Pilotarekiko zaletasuna jaisten ari da, eta gaztetxo gutxi dabil orain. Kadete mailako bikotea osatzeko komeriak izango ditugu aurrerantzean. Nolanahi ere, saiatu gabe ez dugu etsiko”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!